Muineko itaunak subrogazioaz

Emakundek 'Haurdunaldi subrogatua edo alokairuzko sabelak?' txostena aurkeztu du EHUren Udako Ikastaroetan. Praktikari loturiko galderak jaso dituzte bertan, zalantza etiko eta juridikoak

Haurduntze subrogatuaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. F. ALVARADO / EFE.
arantxa iraola
Donostia
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Galdera baten inguruan ondu du Emakundek haurdunaldi subrogatuari buruz EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan antolatu duen ikastaroa, eta, hain justu, galdera horrexekin izendatu du: Haurdunaldi subrogatua edo alokairuzko sabelak? Emakumeen gorputzen merkantilizazioaren mugak. Horri atxikita, galdera horren jirabiran —eta izen berarekin—, Emakunderentzat egin duten txostena aurkeztu zuten atzo Ainara Canto soziologoak eta Aida Ortega abokatuak ikastaroan. Ororen gainetik, txostenean «galderak» plazaratu dituztela onartu zuten: gaur egun auziak sorrarazten dituen dudak. Izan ere, gaiari buruzko debatea bizi dago, eta, nondik aurkezten den, aski hitz ezberdinekin deskribatzen da. Praktikaren defendatzaileen arabera, era horretan haurdun geratzen diren andreak umekiaren «eramaile» hutsak dira. «Ama izenak ez du lekurik haien ikuskeraren arabera; haur hori izateko intentzioa dutenak dira aita eta ama», azaldu zuen Ainara Cantok. Horientzat, praktikak izen bat besterik ez du: haurdunaldi subrogatua. Aldiz, alokairuzko sabelak hizpide dituztenek galdera labainkor asko dituzte. Izan ere, «desoreka» ugari ekar ditzakeen praktika iruditzen zaie, «esplotaziorako» ate ere izan daitekeena: arbuiagarria. «Prostituzioari buruzko debate zaharrarekin lotuta dago; bat datoz biak puntu askotan».

Era horretan mundura ume bat ekartzeko prozedurak aldaera asko izan ditzakeela esplikatu zuten ikertzaileek. Baina ezaugarri bat errepikatzen da beti. Haurdun egon den emakumeak erditu ostean uzten du «gurasotasun ahala» haurra izateko «intentzioa» duten horiengan: «Hori da benetako berritasuna». Eta dudak eragin ditu alde etikotik eta juridikotik. Ez dago argi egun zenbat familiak egin duten praktika horren aldeko hautua —«iturrien arabera, datuen arteko aldea agerikoa da», onartu zuen Cantok—; Espainiako Atzerri Ministerioaren arabera, esaterako, era horretan jaiotako mila ume zenbatu dituzte sei urtean; beste zenbait daturen arabera, urtean mila inguru dira. Argiago dago nondik datozen haurrik gehienak: «AEB Ameriketako Estatu Batuetatik, Ukrainatik eta Indiatik». Atzerritik; izan ere, Espainiako legeriak ez du onartzen praktika. Frantziakoak ere ez.

Halaber, behar bezala landu gabeko gaia da nazioarteko zuzenbidean. «Nazioarteko testu bakar bat ez dago gutxieneko batzuk jartzen dituena praktika honen inguruan», adierazi zuen Ortegak. EB Europako Batasunak berak onartu du ez dagoela batasunean aski «adostasun» auziari buruzko legeria bateratu bat ontzeko. Gaiari buruzko erreferentzietan —dela NBE Nazio Batuen Erakundeak emandakoak, dela Europako Batasunekoak edo estatuetakoetan— «adingabeen interes gorena» bermatze aldera egiten dela azaldu zuen Ortegak, eta horren ondorioz emakumeen eskubideak lauso artean geratzen direla. Bada praktikaren arriskuak ikusi, eta atzera egin duen herrialderik ere; Indian, adibidez, neurriak hartu dituzte soilik Indiako familiekin aritzeko eta praktika horrek ekar dezakeen «turismoa» urritzeko.

Adingabeen interesak

Adingabeen interesak lehenesteak ekarri du era horretan jaiotako haurrak atzerritik ekarri dituzten pertsonen «filiazioa» onestea, bertako legeriek halako praktikarik onartu ez arren. Espainiako kasuan, esaterako, horixe gertatzen ari dela nabarmendu zuen Ortegak. «Ez da legezkoa: zuzenbideak hori dio. Baina praktika bestelakoa da». Izan dira eragozpenak eta errezeloak, baita korapilatu diren hainbat kasu ere, baina jokatzeko era bat nagusitu da: «Notariotzako erregistroen zuzendaritza nagusiak onartu egiten ditu horrela jaiotako umeen filiazioak». Hori hauspotu dute nazioarteko erakundeek. «Europako Giza Eskubideen Auzitegian, esaterako, adingabeen interesa izan da plazaratu diren epai guztien ardatza». Espainiako Auzitegi Gorenak ere azaldua du filiazio horiek onartu beharra. «Adopzioaren edo harreraren bidez eratutako familien egoerarekin lotu zuten; haien eskubideak onartu zituen subrogazio bidezko gurasoentzat ere».

Ortegak adierazi zuen kontua «kaotikoa» dela horren guztiaren ondorioz: koherentzia urrikoa. Propio praktika debekatzeko eskatzen duten ahotsak badira, baina adostasunik ez da horretan ere. «Zenbaitek diote ez dela beharrezkoa; Kode Zibilean, Konstituzioan eta Zigor Kodean badirela aski euskarri ez onartzeko». Gainera , estatuak eskubideak bermatu behar dituela diote ikuskera horren defendatzaileek: «Eta ugaltzeko eskubiderik ez dagoela; desio bat da, ez eskubide bat. Estatuak eskubideak bermatu behar ditu, ez desio indibidualak». Praktika legeztatzeko eskariak ere badira; esaterako, Ciudadanos alderdiak aparteko harrabotsa sortu izan du horren alde. «Era horretan egun praktikaren inguruan sortzen diren zalantzak uxatuko liratekeela defendatzen dute». Ortegak azaldu zuen araututa ere deus gutxitarako balio dezakeela; horra, esaterako, Erresuma Batuaren kasua. Legez araututa dago era horretako haurduntzeak egitea, baina hain dira baldintzak zorrotzak, ia «anekdotikoa» baita hori egiteko modua: atzerrira begira ipintzeko tentazioa ez da saihesten. Eta, umeak handik ekarrita, haiekin zer egin izaten da galdera. Legeztatze aldera proposatu diren bermeak ere zerrendatu zituen Ortegak. Esaterako, NBEk esana du emakumeen eskubideak aintzat hartu beharko direla, eta filiazioak ezingo direla edonola onartu; «banaka-banaka» aztertu beharko dira. Badira gehiago; esaterako, eredu altruista lehenestea, boluntario jardungo duten emakumeek diru kopuru jakin bat badutela bermatzea, intentzio gurasoak egokiak direla frogatzeko prozedurak bideratzea, «haurdunaldi turismoa» saihesteko neurriak ezartzea, eta jarduera horretatik dirua lortu nahi duten agentzien jarduna saihestu eta osasun sare publikoan jartzea eginkizuna.

Ikuspegi askotatik

Txostenaren egileek galderak agindu zituzten aurkezpenaren atarian, eta galdera ugari plazaratu zituzten, muinekoak; hainbat aditurekin solastatu ondoren txostenean jasotakoak. Hara horietako hainbat, Cantoren hitzetan. Praktikaren izaerari buruz: «Askatasunaren izenean legitimatzen bada, zergatik ez beste eremu batzuetara ere eraman? Adibidez, zergatik ez du norbaitek organo bat salduko horren premia badu?». Ondorioen gainean: «Esaterako, non dira jaioko diren ume horien eskubideak? Debatean, askotan ez dute tokirik hartzen». Jarduteko era honek zabal ditzakeen bide berrien inguruan: «Ez ote da izango haurdunaldia sabeletik kanpo egiteko atariko urratsa? Hori al da nahi dugun norabidea?». Halako haurdunaldiak lortzeko diharduten agentzien «negozio» goseaz: «Gizarteko debatea ez ote du horrek baldintzatzen?». LGTBI talde zenbaitetatik praktikaren harira hainbatetan egin diren aldarri eta eskeak hizpide hartuta. «Zer neurritan da arauak apurtzen dituen praktika bat ? Edo betikotu egiten du familia nuklearraren eta hazieraren ideia jakin bat?».

Esklabotza molde berriak azalera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.