Txibiteren lehen aurrekontuak

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k alde bozkatu dute, eta EH Bildu eta Ezkerra abstenitu egin dira. Navarra Sumaren arabera, PSNk amore eman du, eta kontraesana agerian utzi

Ramon Alzorriz PSNko zuzendaria Navarra Sumako harmailetara mintzatzen, atzo, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Kanpoan sindikatuak protestan ari ziren bitartean, ganbera barruan Nafarroako Gobernuak bere lehen aurrekontuak aurrera atera zituen atzo. Hilabete eta erdi honetan parlamentuko tramitazioak islatu zuen legez, ez zen ustekaberik izan azken bozketan: 22 boto alde, 20 aurka, eta zortzi abstentzio. Gobernuko hiru bazkideek alde bozkatu zuten, Navarra Sumak kontra, eta EH Bilduren zazpi abstentzioek ahalbidetu zuten azken emaitza. Ezkerra koalizioan, berriz, aurreko egunetako iritzi kontrajarriak azaleratu ziren: Batzarre baiezkoaren alde agertu arren, Marisa de Simon parlamentariak «jarrera kritikoa» islatu nahi izan zuen.

Urtarrilaren 24an, gobernuak eta EH Bilduk akordioa izenpetu ondotik, gauza jakina zen atzoko epilogoa. Bidean, gobernuak gastu muga beste 16,7 milioi euro handitu du, ogasunak bere diru sarreren aurreikuspenak neurri berean igo ostean. Hala, aurten 4.573 milioi euroko aurrekontua izango du Nafarroak, eta iaz baino 240 milioi gehiago izango ditu gasturako zein inbertsiorako.

Batzordean egindako eztabaidan bezala, atzo ere zatikako zuzenketak bozkatu ziren, eta hala Navarra Sumaren nola Ezkerraren guztiak atzera bota. Prozedura astuna izanagatik, Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak umore ukitua eman zion. Aurretik, De Simonek eta Maria Solanak bozkatzeko arazoak izan zituzten, eta, bozketetako batean, Hualdek ohartarazi zuen legebiltzarkideetako batek ez zuela botoia sakatu. «Baten bat bozkatu gabe geratu da, laster jabetuko gara nor den...». Jarraian ohartu zen bera izan zela, gainerako 49 legebiltzarkideen algara artean.

Navarra Suma, bakarrik

Emaitza aldez aurretik ezaguna izan arren, taldeetako eledunek eztabaida bizia izan zuten. Navarra Sumako Maria Jesus Valdemorosek Barkosen gobernuari leporatzen zionaren kontrakoa egitea aurpegiratu zion Maria Txibiteri: «Hauek Geroa Bairen eta EH Bilduren aurrekontuak dira. Iraganean inoiz ez zinatekeen ados jarriko aurrekontu hauekin, baina orain zeure egin dituzu». Valdemorosen arabera, PSNren «kontraesanen eta amore emateen» isla dira aurrekontuak, eta gainerako bazkideek inposatu egin diete sozialistei Navarra Suma albo batera uztea.

Gonbidatuen harmailetan, PSCko ordezkari batzuk izan ziren eztabaida entzuten, eta PSNko Ramon Alzorriz, bere lehen hitzetan, haiei mintzatu zitzaien, ironiaz: «Ziurrenik nahastu egingo zineten, baina ez zen Ines Arrimadas anderea; Maria Jesus Valdemoros zen». Alzorrizek nabarmendu zuen Txibitek gidatutako gobernuaren lehen aurrekontuak direla, eta, Navarra Suma ezezkoan tematzen bada ere, gizarteak eskatutako elkarrizketa politikoaren emaitza izan dela. «Haur baten tankeran, negarrez eta ostikoka ari da, berea dela uste duen jostailu bat kendu diotelako». Gogora ekarri zituen Madrilen hilabeteotan Navarra Sumak egin dituen ahalegin guztiak egungo gobernua desegin zedin; «baina Madril ere aldatu egin da», azpimarratu zuen.

Geroa Baiko Mikel Asiainekgogora ekarri zuen UPN ez zela gai izan gehiengorik lortzeko bere agintaldiko azken hiru aurrekontuetan; aldiz, aurreko legealdiko lau urteetan bezala, oraingo honetan ere gehiengoa lortzeko bokazioari eutsi zaio, «egonkortasuna emanez» Nafarroari.

EH Bilduko Adolfo Araizek Goethe poeta alemaniarraren aipuari egin zion erreferentzia: «Ez diezaiogun elkarri galdetu ea erabat ados gauden, baizik eta ea bide berean al gauden». Haren irudiko, aurrekontuek bide berean egotea ahalbidetu dute. PSNri ohartarazi zion abstentzioa ez dela txeke zuri bat, eta orain aurrekontuei bide eman izanak ez duela esan nahi automatikoki edozein egitasmori baiezkoa emango diotela. Hala ere, «albiste ona» dela uste du eskuinak ez baldintzatzea eta negoziatzera esertzeko prest dagoen gehiengo bat egotea.

Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, Nafarroak iaz baino 240 milioi euro gehiago izango ditu. 2015ean euren taldea parlamentuan sartu zenetik «ezinbesteko botoa» bihurtu dela nabarmendu zuen. Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simonek argitu zuen akordio programatikoaren aldeko konpromisoa ez dela aldatu. Hala ere, haren ustez, aurrekontuotan «ez da aurrerapauso nabarmenik eman». Adibide gisa jarri zuen hezkuntza publikoaren aldeko ituna betetzeko finantzaketa nahikorik ez dagoela.

Hezkuntza publikoaren aldeko ituna sinatu zuten sindikatuek protesta egin zuten horregatik. Halaber, ELAk, LABek eta Gutun Sozialaren sinatzaileek beste elkarretaratze bat egin zuten «aurrekontu antisozialen aurka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.