Memoriaren Lege berriak frankismoak egindako epaiketak baliogabetuko ditu

2007ko legea gaurkotzen duen aurreproiektua onartu dute. Orain Kongresura eramango dute. Espainiako Gobernuak dio lege berria gauzatzeak «luze» joko duela

Erorien Haranari «beste esangura bat» eman nahi diote.
Erorien Haranari «beste esangura bat» eman nahi diote. CHEMA MOYA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko irailak 16

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak memoria historikoaren lege berriaren aurreproiektua onartu du, eta hainbat aldaketa sartu ditu egun indarrean dagoen legearekin alderatuta. Hasteko eta behin, izena bera ere aldatu nahi diote legeari, eta, gobernuaren proposamenak aurrera egiten badu, Memoria Demokratikoaren Legea izango litzateke aurrerantzean. Baina bestelako aldaketak ere aurreikusi dituzte: esaterako, frankismoaren pean egindako epaiketa sumario guztiak baliogabetzat jotzeko asmoa dute.

Ikusi gehiago: lege proposamena, puntuz puntu

«Erreparazio modurik onena da zenbait pertsona garrantzitsuren fusilatzea bermerik gabe ekarri zuten auzibide guztiak baliogabetzat jotzea», esan du Espainiako Gobernuaren lehen presidenteorde Carmen Calvok.

Aurreko astean, Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak esan zien Espainiako Gobernuari eta Espainiako errege Felipe Borboikoari «barkamena» eskatu beharko luketela Kataluniako presidente Lluis Compaynsen fusilatzea zela eta. Espainiako Gobernuak erantzun zion auzi hori Memoriaren Lege berriaren inguruabarrean ebatziko zela.

Espainiako Gobernuak 2007an onartutako Memoria Historikoaren Legea osatu eta gaurkotu nahi dute Memoria Demokratikoaren Lege berri honen bidez. Ministroen Kontseiluan aurreproiektua onartu ostean, orain Kongresura eraman beharko dute, eta legea aurrera ateratzeko beharrezkoak diren babesak lortu. Edonola ere, Calvok ohartarazi du lege berria gauzatzeko prozesua «luzea» izango dela; horregatik aurreikusi dute lau urteko plangintzak egitea, eta epe horretan lortu beharreko helburuak eta erabili beharreko baliabideak zehaztea.

Frankismoaren epaiketen alorrean ez ezik, beste zenbait esparrutan ere berritasunak iragarri dituzte lege egitasmo berriaren harira.

Biktimen gorpuak bilatzeko lanak

Oraindik desagerturik dauden frankismoaren biktimen gorpuak topatzeko lanak indartu nahi ditu Espainiako Gobernuak, lege berriaren bidez: baliabide gehiago bideratuko dira zeregin horretarako, eta DNA banku bat sortuko da, biktimak identifikatzeko lanak errazte aldera.

Espainiako Gobernuak Paco Etxeberria auzitegi mediku eta antropologoa aholkulari gisa hautatu izana ere bide horretan egindako urrats gisa ulertu behar da. Kalkulatzen da hobi komunetan dauden 20.000 bat biktimaren gorpuak berreskura daitezkeela datozen lauzpabost urteetan.

Gainera, Espainiako Auzitegi Gorenean fiskaltza berezi bat sortu nahi dute, biktimei justizia eta erreparazioa emateko lanak koordinatzeko.

Erreparazioaren arloan, beste neurri deigarri bat iragarri dute: 1936ko gerran Espainiako Errepublikaren alde Nazioarteko Brigadetan borrokatu ziren atzerritarren ondorengoek espainiar nazionalitatea eskuratzeko aukera izango dute.

Frankismoaren apologiari zigorra

Beste berrikuntza garrantzitsu bat dakar lege egitasmoak: horren bidez, Francisco Franco fundazioa legez kanpo utzi nahi dute, eta «diktadurak goresten dituzten bestelako elkarte eta guneak» ere debekatuko dituzte.

Gainera, lege berrian zigorrak aurreikusiko dira araua betetzen ez dutenentzat. Urratze arinak egiten dituztenek 200 euroko isunak jaso ditzakete, baina urratze oso larrien kasuetan adibidez, hobi komunak hondatzea, memoriarako gune eta oroitarriei eraso egitea, eta frankismoa goratzea biktimak «larriki gutxietsiz» isunak 150.000 eurokoak ere izan daitezke.

Erorien Harana eta bestelako ikurrak

Erorien Harana «hilerri zibil» bilakatu nahi dute, eta orain arte faxismoaren ikur izan denari «bestelako esanahi bat» eman nahi diote, Espainiako Gobernuaren lehen presidenteorde Carmen Calvok azaldu duenez, baina ez du argitu zertan gauzatuko den «esangura berri» hori. Edonola ere, etorkizunean aztertu beharreko auzi bat dela esan du Calvok.

«Gure asmoa da Erorien Harana Nazio Ondarearen Erakundeak babestutako gunea izatea, eta han dautzan 30.000 biktimek, bi aldeetakoek, bakea eta errespetua izan dezaten», azaldu du Calvok.

Memoriaren arloko beste eraikin bati, Madrilen dagoen Gizon Ospetsuen Panteoiari, izena aldatuko diote, eta, legea onartzen bada, Espainiako Panteoia izango da aurrerantzean, oraingo izendapenak emakumeak baztertzen dituelako. Izena ez ezik, izana ere aldatu nahi diote, orain arte izan duena baino garrantzi handiagoa emanez eta pertsona ospetsuak lurperatzeko leku gisa erabiliz.

Ikurren atalean, Espainiako Gobernuak bi egun nabarmendu nahi ditu urtero: urriaren 31 eta maiatzaren 8a. Lehenengoan, frankismoaren biktimak omendu nahi dituzte, eta bigarrenean, berriz, erbestera jo behar izan zuten iheslariak.

1978ko urriaren 31n Espainiako Kongresuak konstituzioaren zirriborroa onartu zuen handik gutxira, abenduaren 6an, erreferenduma egin zuten. Maiatzaren 8a, berriz, Garaipenaren Eguna da Europan, aliatuak 1945eko maiatzaren 8an gailendu zitzaizkiolako Alemaniako armadari, eta nazismoaren eta faxismoaren kontra borrokatu zirenei gorazarre egiteko eguna izaten da.

Memoria berreskuratzea

Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, oroimenari buruzko gaiak eskoletara eramango dituzte, eta ikasleen zein irakasleen prestakuntzaren osagai izango dira. «Gure gazteek jakin behar dute nondik gatozen», esan du Calvok; «historia ezagutu behar dute berriro errepika ez dadin».

Irakaskuntzan ez ezik, ikerketaren arloan ere bultzatuko da memoria historikoa, eta horren inguruko ikerlanak sustatuko dituzte. Gainera, artxibategi historikoak ere babestuko dituzte, eta atzerrian daudenak ekartzen saiatuko dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. ©CAROLINE BLUMBERG / EFE

Birusaren bigarren oldarraldia

Jone Bastida Alzuru

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Langile batzuk kaleak desinfektatzen, atzo, Azkoienen (Nafarroa). ©Idoia Zabaleta / Foku

Bigarren egunez, 800 kasu baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak jakinarazi du 9 urteko ume bat hil dela, birusa izanda. Positiboek gora egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, ez

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna