Zaldibarko luiziaren urteurrena

Zaldibarko zabortegian argitu gabeko hiru galdera

Urtea igarota, oraindik ez da argitu amiltzearen arrazoia, eta ezta erantzukizunak ere, baina epaiketan erabakigarriak izango diren gako batzuk argitzen ari dira

Hondamendia oroitzen duen pankarta bat, Eitzagan. RAUL BOGAJO / FOKU.
mikel p ansa
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Urtebete da Zaldibarko zabortegia amildu zela. Zergatik gertatu zen, ez da hipotesirik zehaztu. Airean segitzen dute hondamendiaren galdera nagusiek. Baina mahai gainean daude gako batzuk:

Zergatik amildu zen?

Inor ez da ausartzen esatera faktore erabakigarria zein izan zen, baina arrasto batzuk badira.

Bat: amildu baino bi hilabete lehenago, eurite handiak izan ziren, eta ezagun da zabortegiko eremu zabalak estali gabe zeuzkatela, ustez hondakinak urarekin nahasteko eta lixibiatuen kontzentrazioa txikitzeko. Euriteen eragina zenbatekoa izan zen ez dago argi, baina ur kantitate handiek ezegonkortasuna handitzen dute.

Bi: lokatz kantitate handiak hartzen zituen zabortegiak. Papresa lantegiak paper birziklatua egiteko prozesuan sortzen diren lohi kantitate izugarriak eramaten zituen hara —2018an eta 2019an, 5.800 kamioi baino gehiago, zortzi kamioi bete egunero, 160.000 tona paper lohi eraman zituztenak—. Lohi horiek hezetasun handia izaten dute, eta ez da erraza haiek egonkortzea. Verterrek tratamendu bat ematen zien, edo hori adierazi zion administrazioari, baina hezetasun horrek ez zion lagunduko egonkortasunari. Faktore horren eragina neurtzeko dago, baina zabortegia kraskatu ondoren bertaratu zirenek esana da lohi putzu ikaragarriak zabaldu zirela inguruan.

Hiru: zabortegietan etengabeak dira lanak; Eitzagakoan ere hala ziren. Amildu baino hiru urte lehenago, plataforma bat eraiki zuten I eta II ezponden artean. Geyser HPC ingeniaritzaren azterketa batek ondorioztatu zuen obrak eragina izan zuela zabortegiaren segurtasun faktoreetan. 2018ko apirilean egin zuen azterketa hori, baina jabeek ez zioten horren berri eman inori. Areago: Ertzaintzak txostenaren berri izatean atxilotu zituen enpresaburuak, iazko uztailean. Zabortegia amildu zenean, obra asko ari ziren egiten: batetik, bi hilabete lehenago, plataforma egonkortzeko lanak hasi zituzten; bestetik, zabortegiaren zati bat ixteko atondu zuten, eta beste zati bat hondakinak hartzeko prestatzen ari ziren.

Lau: amildu aurreko bi urteetan, aurrekoetan baino askoz zabor gehiago hartu zituen Verterrek: zabortegiko hondakin guztien %60 2011 eta 2017 artean sartu ziren, eta gainerako %40a, 2018an eta 2019an. Aztertzeko dago erritmo horrek hondakinak egonkortzeko prozesuari eragin ote zion.

Ibar bateko maldan zegoen zabortegia, eta dike bat zuen beheko aldean. Dikeak bere funtzioa behar bezala bete ote zuen edo kraskatu egin ote zen eta hori zergatik gertatu zen ere argitzeko dago.

Ezin da seguru esan zergatik amildu zen zabortegia. Izango dira faktore gehiago, baina hor badira arrasto zenbait, arrazoiak susmatzeko.

Jaurlaritzak aginduta, peritu talde batek txosten bat egina dauka. Apirilean enkargatu zuten, eta urrian aurkeztekoa zen, baina oraindik ez da publiko egin. Seguru asko, auzi judizialaren parte izango da txostena, eta epaiketako proba erabakigarrietako bat izango da. Agiriotan oinarrituko dira amiltzearen arrazoia finkatzeko, baina epaiketak ez du datarik, eta ikerketak eta sumarioak sekretupean daude oraindik.

Erantzukizunik izan zuten Verterren jabeek?

Epaileek erabakiko dute. Ezagutzen dena da enpresaburuak—Jose Ignacio Barinaga jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxeberria kudeatzailea— atxilotu zituela Ertzaintzak, iazko uztailean, eta epaileak baldintzapean aske utzi zituela, baina hirurei zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta. Horrek adierazten du epaileak jabeei erantzukizun bat egozteko moduko arrazoiak ikusten dituela, baina horrek ez du esan nahi epaiketan, azkenean, erantzule izendatuko dituztela.

Jakina da otsailaren 3an, zaborra amildu baino hiru egun lehenago, Joaquin Beltranek —desagertua den langileak— abisua eman ziela jabeei, pitzadurak handituta ikusi zituelako. Otsailaren 4an teknikariak hasi ziren aztertzen, kezka agertu zuten, eta 5ean jabeei ohartarazi zieten arriskuaz. Jabeek ez zieten ezer esan langileei, eta lanean normal segitu zuten. 6an bilera bat zuten egitekoa, baina amildu egin zen zabortegia, eta ez ziren bildu.

Kontakizun hori Ertzaintzak jasoa du ikerketan, eta enpresaren jabeen ardura argitzeko erabakigarria izan liteke, arriskua handia zela jakin arren ez zutelako lana geldiarazi. Akusazioa saiatuko da frogatzen arriskuaren jakitun zeuden arren jarraitu zutela lanean. Egiaztatuko luke zuhurtziarik gabe jokatu zutela, eta horrek eragin zituela heriotzak. Defentsak alegatu lezake jabeak ez zirela ohartu egiazko arriskuaz.

Baina pitzadurak ez ziren agertu egun batetik bestera. 2014tik gutxienez, kontrolatzen zituzten zabortegiko pitzadurak eta lur mugimenduak, eta Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ere bazuen haien berri. Bederatzi itu zituzten jarriak zabortegian, eta urtero mugitzen ziren; enpresak administrazioari arrazoitzen zion kontrolpean zeudela mugimendu horiek, ohikoak zirela.

Langileen kontrako delituaren kausa da hori. Baina ingurumenaren kontrako delitu bat izan ote zen ere argitu behar dute. Jaurlaritzak iragan astean esan zuen enpresari egozten dizkiola arlo horretako erantzukizun guztiak, airean, lurrean eta uretan sortutako kalteengatik. Motel doa ingurumen delituaren instrukzioa; bi kasuek bat egingo dutela espero den arren, ikusteko dago adar honek zer bilakaera izango duen, enpresak argudia dezakeelako administrazioak eskatutako baldintzak eta kontrolak bete zituela.

Jaurlaritzak izan zuen batere erantzukizunik?

Haren hitzetan, ez. Jaurlaritzak apirilean auditoria bat enkargatu zuen, aztertzeko ea lanak egoki bete zituen. Ricardo Energy & Environment enpresak egin zuen, eta ondorioztatu Verterrek baimenak arauz zituela eta Europako eta bertako legeak betetzen zituela. Ingurumen Sailak enpresaren ingurumen baimen bateratuari egiten zion kontrola eta jarraipena egokiak zirela ere erabaki zuen. Lan horretan bermatu du Jaurlaritzak bere jarrera: zabortegiari kontrolak behar bezala egiten zitzaizkion, eta baimenak legearen barruan zeuden.

Zazpi ikuskaritza egin zizkioten zabortegiari bederatzi urtean, eta azkenekoan hemezortzi akats topatu zituzten, baina esan zuen horiek ez ziotela eragiten egonkortasunari. Hondamendia gertatu eta sei bat egunera, Jaurlaritzak ultimatum bat eman zion Verterri, plan bat aurkez zezan eta eskura zuen dokumentazio guztia eman zezan; horrek agerian uzten du bazirela administrazioren esku ez zeuden datuak.

Ez da aztertu, ezta ere, ingurumen baimenen jarraipena egiteko baliabide aski ba ote diren eta kontrol hori zorroztea komeni ote den. Ricardo Energy & Environment enpresak ere aholkatu zion Jaurlaritzari ingurumen baimenen jarraipena maizago egiteko. Beste aholku batzuk ere eman zituen, baina ez da eztabaidarik horri buruz, eta EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte Eusko Legebiltzarrean gertakariak ikertzeko batzorde bat sortzeko eskariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.