Barnetegia harreragune

Bernart Etxepare lizeoko Ariztia barnetegia langile prekarioentzat aterpe bihurtu du Seaskak bi hilabetez. Bertan, sasoilariez gain, lan kontratu bat aurkezten dutenak ere aterpetzen dituzte.

Egoiliarrek partekatzen dituzten logelak. GUILLAUME FAUVEAU.
Xalbat Alzugarai Etxeberri
Baiona
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun

Agorrileko eguzki izpiek asfaltoa berotu bitartean, barnetegiaren ate ondoko haur karrozarentzat ere atsedengunea bihurtu da Ariztia zentroa. 135 ohe ditu Bernart Etxepare lizeoak Baionan duen barnetegiak. Uda honetan langileentzat aterpe bilakatu dute. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak adierazi gisa, barnetegia «errentabilizatzeko» nahi zuten proiektu bat martxan ezarri. Proiektuaren sortzaileak ohartu ziren etxebizitza arazo larria zela Euskal Herriko kostaldean eta, «behar batetik» sortu da. Seaskarentzat desafio handia izan da aterpetxe hau plantan ematea. Langileak aterpetxean bizi daitezen, bi baldintza bete behar dituzte: batetik, lan kontratu bat ukaitea; eta, bestetik, aste bateko erreserba ordaintzea.

 

Hastapenean sasoilarientzat sortu aterpetxean, orain, hainbat soslai aurkitu genitzake. Jorajuriaren arabera, badira «biziki gazte batzuk», Ipar Euskal Herrian lan egiten eta ikasten dutenak. Badira kanpotik jiniko sasoilariak ere, eta lan finkoa duten pertsonak ere bai. Sasoilarien artean, lanbiderik prekarioenetan dabilen jendeari aterpe ematen dio Seaskak: «Ordutegi zinez bereziak dituzte, ostalaritzan ari den jendea badugu, garbiketan zein zaintzan ari direnak ere bai».

Ariztia aterpetxerako bi langile hartu dituzte erreserbak kudeatzeko eta garbiketa egiteko. Haietariko bat da Elixabet Etxandi. Erabiltzaile guztientzat irekita dauden gelen garbitasunaz arduratzen da, hondakinen husteaz eta erreserben kudeaketaz ere bai. Aterpetxeko egoiliarrekin izandako hartu-emanetan etxebizitza krisiaz eta bertan bizi diren pertsonen arazo sozialez jabetu da. Etxandiren hitzetan, sasoilarien presentzia handiagoa zen uztailean abuztuan baino: «Agorrilean, erranen nuke egoiliarren erdiak sasoilaria direla». Orain, lan finkoa duen jendea ere bada: «Bada 60 oren lan egiten duena, eta etxebizitzarik gabe dena».

Uztail hasieran nahiz eta gehienak kanpotik jiniko sasoilariak ziren okupazio datuetan, uztail bukaeran «miseria sakonean» dabilen jendea ere aterpetu dute, Etxandiren erranetan. Ukrainako iheslarien familia batzuk ere badira. Atherbea elkarteak ekarri zituen, bizitoki leku eskasagatik. Ariztia aterpetxea «elkarteentzat aterabide ona» dela azpimarratu du Etxandik, egitura handia izateaz gain merkea ere bai baita. Esperimentazioaren hastapenean sasoilarientzat pentsatua zena gaur egun langile edo egoera prekarioan dabilen jendearentzat egitura bilakatu da, «leku honen hasierako funtzioa pixka bat galduz», Etxandiren hitzetan.

Funtzio soziala

Aterpetxea izateaz gain, funtzio sozial garrantzitsua betetzen du Ariztia zentroak. Kudeaketaz gain, «gure lanaren alderdi sozialaz ez ginen ohartzen. Lan soziala egiten dugu, erabaki sozialak hartzen ditugu», azpimarratu du Etxandik. Izan ere, egoiliarren artean etxebizitza krisiaren hainbat aurpegi aurkitu daitezke: langileak izanik ere, aterpe duina ezin aurkituz ari den jende eta familiena, besteak beste.

Egoiliar frankoren esperientziek argitara ematen dute lan kontratu batek ez duela baitezpada etxebizitza duina bermatzen: «Nahiz eta lan kontratu bat ukan, norbere autoan lo egiten duen jendea aterpetzen dugu». Egoiliar bakoitzaren egoera ezagutuz, etxebizitza merkatutik kanpoz gelditzeaz gain, bazterketa ekonomiko-soziala agerian uzten dute: «Ohartu naiz miseria handia zela», aitortu du Etxandik.

Buruila dator. Horrekin batera, Etxepare lizeoko ikasleen eskola sartzea etorriko da. Uda bateko aterabide sozialak ezin duenez luzerako segipenik bermatzen, Etxandik argi du batzuek ez dutela aterperik ukanen buruiletik aitzina. Urrunetik jin diren sasoilarientzat ez da arranguratzen Etxandi: «Haien apartamentuetara itzuliko dira uda pasaturik; sasoilarien profila ez da problematikoena». Lan kontratu finkoa dutenek edota iheslariek aterpetzeko zailtasun handiagoak izanen dituztelakoan dago: «Ukrainako errefuxiatuak, adibidez, agorrilaren 31n joanen dira, kontziente gara balitekeela aterpe duin bat ez atzematea ordurako», erran du Etxandik.

Buruiletik aitzina, aterpetxea lizeoko barnetegia bilakatuko da Ariztia, eta etxegabeentzat behin-behineko aterabide izateari utziko dio. Jorajuriak argi du Seaskak ezin duela irailetik aitzina segipen sozialik egin: «Guk ez dugu segipenik egiten, ez gara horretan sartu; batzuek segipenak badituzte kanpotik». Seaskaren zentroak funtsezko behar sozial bati erantzun dio, izan lan merkatuko soldata prekarioetako langileei ostatua eskainiz, izan aldi baterako aterperik gabeko hainbat langileri zein iheslariri behin-behineko atsedengune bat eskainiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.