Albistea entzun

Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Hamaika minutu

Aiora Zabala - Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea

2021eko martxoak 20

Bateriak eta auto pribatuen sustapenak ekonomia berreraikitzeko funtsen ehuneko hamarra jasotzeko bidean daude, mugikortasun jasangarriaren izenean. Mugikortasun jasangarria askoz ere gehiago da: tokiz tokiko eguneroko garraio beharrak gutxitu eta aukerak hobetzen dituen estrategia, baita hiriburuetatik at ere.

Anek hamabost minutu ematen ditu autoan ondoko herrira lanera joateko, edo 75 minutu bi autobusetan, itxaronaldiak barne —bizikletan arriskutsuegia—. Jon urrunago doa, eta egunero hogei minutu galtzen ditu trafikoagatik. Etxera itzuli eta hamar minutu dabiltza biak aparkalekutik atarira, hiri honetako auzo jendetsuan autoak biderkatu baitira azken hamarkadetan.

Aurrera, 2030ean auto elektrikoa zabaldu da. Anek aukera berdinak ditu lanera joateko. Airea garbiagoa da. Berotegi efektuko isurpenak jaitsi ala igo diren ez daki: elektrizitatea eta hidrogenoa berdeak baino, grisak omen dira, energia berriztagarriak kontsumoa bezain bizkor hazi ez baitira (Jevons-en paradoxa). Jon askotan 40 minutu trabatzen da trafikoan. Aparkalekutik etxera hogei minutu dabil maiz. Ah, bai, trenean Madrilera ordu gutxiagoan iritsi daiteke. Oporretarako agian. Tren geltoki hurbilenak 30 minutura darrai.

Euskadin berreraikitze ekonomikorako funtsak esleitzeko proposamena dago abendutik —eskertzeko argitasuna, beste lurraldeetan planen horrenbesteko zehaztasunik ez baitago—. Behin-behineko dokumentu honen arabera, funtsen %18 «mugikortasun jasangarrira» doaz, bigarren eremu estrategikoa diru kopuruari so. Horretatik, %60 bateriak eta automobilgintza bultzatzeko proiektuetara joango litzateke —autobusen elektrifikazioaz aparte—: 13.000 milioi eurotatik, hamarrena. Kopuru horretatik, erdia proiektu bakar batera. Bateriak tokian eginez —eta apustu bakar erraldoia arrakastatsu balitz— bertako industria eta BPGa igo zitekeen —garapenaren adierazle makala, baina hori beste gai bat da—. Ondorioz, bildutako zergak handitu zitezkeen, ondasun publikoak bermatu eta funtsek sortutako zorra ordaintzen laguntzearren.

Mugikortasun jasangarria erregaia aldatzea baino askoz ere gehiago da. Bi puntutan: garraio beharrak murriztu eta ondoren, mugitzeko aukerak hobetzen dituena. Nola? «Ordu laurdeneko hirien» irizpideak jarraituz, merkantzia-garraioaren plangintza zuhurraz, bizikleten funtzionaltasuna berreskuratuz, garraio publikoaren eskaintza eta informazio fidagarria ziurtatuz —nor ez da, gaur ere, abandonatua sentitu autobusa noiz edo ea iritsiko den dudaz, pantaila digitalak geltokian izan arren?—. Baita lantoki eta poligonoetara eguneroko bidaiak eta landa eremuko behar bereziak sistematikoki aztertuz, eta irtenbideak emanez ere—adimendunak ala ez, baina eraginkorrak—. Autoak ez dira desagertu behar, haien beharra gutxitu bai, ordea.

Lan oparoa egin da azken urteotan: adibide garraio publikoen arteko bateragarritasuna eta tokian tokiko hainbat ekimen. Mugikortasun jasangarriaren izenpeko funtsen pisua ekimen horietara mugitzeak ongizatea benetan suspertuko luke. Funtsen faktura hurrengo belaunaldiek ordainduko dutenez, zor diegu.

Gure protagonistek aspaldi ahaztu dituzte auto ilarak, aire zakarra, aparkalekua aurkitzea, bi autoen mantenimendua... Garraio kolektiboz gehiegi luzatu gabe doaz lanera, egunkaria irakurriz, udaberria behatuz, lankideekin auto berean hizketan. Edo bizikletaz lasai, auto eskasak errespetuz doazelako. Eguneroko biziari kalitatezko hamaika minutu gehitu dizkiote, ez bakarrik bateria bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Zigorrik txikiena jartzeko joera ez da berria: hortik gatoz»

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legea irmo defendatu du, zigor asko fiskaltzaren irizpideen aurka murrizten ari direlakoan. Arauak biktimentzako laguntzak areagotu dituela nabarmendu du.
Administrazioan euskararen erabilera sustatzearen aldeko ikur bat, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste epai bat hizkuntza klausulen kontra: ebatzi dute «inposizio bat» direla

Arantxa Iraola

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan du arlo publikoan ari diren enpresetako langileei ezin zaiela euskara eskatu administrazioarekin erlazionatzeko. Kontrako epaiak izan dira aurrez; halako mezurik ez
Manuel Lezertua EAEko arartekoa bere lantaldearekin batera, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020aren aldean

Edurne Begiristain

EAEko Arartekoak salatu du hainbat erakundek ez dietela erantzuten bere informazio eskaerei
Bi haur, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Zaintzarako baimen gehiago ematen dituen legea onartu du Madrilek

Irati Urdalleta Lete

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartu du Familien Legea. 8 urte baino gutxiagoko umeen gurasoek zortzi asteko baimena izango dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...