Jonathan Caro.
PENTSALDIAN

Zahartzaroa atzeratzeko bidean

2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Badirudi koronabirusaren amesgaiztoapoliki-poliki amaitzen ari dela. Aro berri honetan, pertsona zaharren zainketaz, zahar etxeen egoeraz eta etorkizuneko zahartzaroko erronkaz behin eta berriz entzungo dugu. Era berean, orainaldira bueltatzen dira bertan behera geratu ziren ikerketak eta proiektuak.

Komunitate zientifikoak zahartze prozesuaren inguruan beti jakingura handia eduki du. Jakingura horren galdera nagusiak honako hauek dira: zergatik zahartzen garen eta nola zahartzen garen esparru biologiko eta sozialaren ikuspuntutik. Galdera horiei erantzuteko hirurehun teoria baino gehiago plazaratu dira. Orain ikerketa berriak jarri dira martxan beste galdera batzuei erantzuteko: zahartzea gelditu daiteke? Zahartze prozesua atzerakorra izan daiteke?

Azkeneko ikerketak ildo horretatik doaz, eta, antza denez, emaitza onekin, gainera. Baina, zahartzaroa atzeratzea onuragarria da? Badakigu zahartzeak gaixotzeko arriskua handitzen duela eta zenbait gaixotasunen prebalentzia nabarmenki handitzen duela; adibidez, alzheimerra, parkinsona edo minbizia bera. Orduan, zahartzaroa atzeratzeak gaixotasun horiek atzeratzea ekarriko du, baina ez haiek eragoztea. Gainera, bizitza luzatzearekin batera gaixotasun berriak agertuko dira, orain arte ikusi ez ditugunak hain luze bizi izan ez garelako.

Baliteke ikerlarien helburua endekapena, dependentzia eta heriotza ekiditea izatea, eta hori, printzipioz, ondo dago. Baina horrekin batera beste arazo batzuk suertatzen dira: guztion zahartzaroa atzeratzen bada, jubilatzeko adina ere atzeratu beharko da, eta gizarteak ez luke hori hain erraz onartuko. Beste alde batetik, heriotzak desagertuko balira (edo asko murriztuko balira) jaiotza tasak ere kontrolatu beharko genituzke, eta oraintxe populazio piramidearekin daukagun desoreka areagotuko genuke biztanleriaren batez besteko adina handitzearen ondorioz.

Nik uste dut gizarteak zahartzeari dion beldurrak eta heriotzari egiten dion ukapenak ikerketa horiei indarra ematen dietela; izan ere, beti egongo da merkatua zahar bihurtu nahi ez dutenentzat. Eta kezka etikoak dakarzkit gai honek, ez bakarrik naturaren kontra joategatik, baita baliabideen erabileragatik ere. Uste dut ikerlari bikainen ahalmenak eta ikerketarako dirutza zaharren zainketa hobetzeko inbertitu behar dela, zainketak ebidentzian oinarrituta egoteko eta zahartzaroa epe hobeagoa bilakatzeko. Gaur egungo ikerketek, nire iritziz, bizitza zabalagoa egin behar dute, eta ez luzeagoa bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.