Altsasuko auzia. Auzitegi Nazionaleko apelazio salaren epaia

«Borrokan» segituko dute senitartekoek

Altsasuko Gurasoek uste dute apelazio auzitegiak sententzia berretsi izanak «injustizian eta sufrimenduan sakontzen» jarraitzen duela. Agerraldia egingo dute bihar, Iruñean, mobilizazioak iragartzeko

Elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Beste kolpe bat eman digute, barneratuko dugu, negar egingo dugu, eta borrokatzen jarraituko dugu». Tinko mintzatu zen atzo goizean Edurne Goikoetxea, Altsasuko Gurasoak plataformako bozeramailea, prentsaren aurrean egindako adierazpenetan. Hain zuzen, prentsaren bidez jakin zuten Altsasuko Gurasoek Espainiako Auzitegi Nazionalak seme-alaben kontrako epaia berretsi zuela. «Eskandalagarria da epaia prentsaren bidez jakitea», kexatu zen Goikoetxea.

Sententzia berretsi izanak «injustizian eta sufrimenduan sakontzen» jarraitzen duela adierazi zuen Goikoetxeak: «Terrorismorik ez zela izan errepikatu dute. Epaileek, guk eta mundu guztiak zekien hori». Hala ere, salatu zuen terrorismoaren aitzakiapean «salbuespenezko» epaitegi batera, hau da, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dituztela Altsasuko gazteak, bertan zigortzeko.

Sententzia berretsi ondotik, aurre egin beharrekoa malda hagitz gogorra dela esan zuen Goikoetxeak. «Malda hagitz gogorra izanen da, baina argi dugu igoko dugula», adierazi zuen. «Askatasuna eskatzen jarraituko dugu. Bi urte eta erdiko kartzela konpondu ezin daitekeen kaltea da», gaineratu zuen. Dagoeneko aurreratu dute auzia Auzitegi Gorenera eramateko asmoa dutela.

Altsasuz harago, gizarte guztiari dagokion auzi bat da, Goikoetxearen hitzetan, eta horregatik kalera ateratzeko deia egin zuen: «Hau ez da gure seme-alabei dagokien eskubide urraketa soila. Edozein egunetan gerta dakioke bertze edozeini. Ezin dugu utzi giza eskubideak hain erraz urratu daitezen».

Altsasukoak Aske plataformak ere epaia salatu eta kalera ateratzeko deia egin zuen. Aritz Leoz plataformako bozeramailearen erranetan Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteak «injustuki» kondenatu ditu kartzelara: «Espetxean ematen duten egun bakoitza injustizia bat da. Haien bizitzarekin jolasean ari dira». Leozen iritziz, zentzugabekoa izan da epaia: «Espainiako justiziak aukera zuen gizartearen gehiengoak justizia deitzen dugun horretara hurbiltzeko baina berriro ere urrun gelditu da». Espainiako justizia berriro ere nazioartean «lotsagarri» geldituko dela iritzi zion Leozek.

Protesta eginen dute kalean

Epaiaren berrespenaren ondotik mobilizazioetara deituko du Altsasuko Gurasoak plataformak.Bihar, Iruñean egingo duten agerraldi batean emango dute horien berri. Goikoetxeak herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia luzatu zien. Altsasukoak Aske plataformak ere justizia eskatzen jarraituko duela adierazi zuen Leozek, eta Altsasuko herriarekin bat egitera deitu zituen gainontzeko herri guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.