Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako aldaketaren balantzea

Beste bide bat hartu du Nafarroak

Denetariko ikuspegiak eta ñabardurak antzematen dira gobernuak eta laukoak azken lau urteotako egindako lanaz galdetuta. Argi dago zailtasun eta argi-ilun guztiekin beste norabide bat hartu duela Nafarroak eta hari eustea dela erronka. Hauteskundeak ate joka, inork ez daki zer gertatuko den.

Jagoba Manterola / Foku.
Joxerra Senar, Ainhoa Larretxea Agirre
Iruñea
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Duela lau urte, laukoak beste norabide bat eman zion Nafarroari. Lau urte geroago, bide horrek arrastoa utzi du gizartean. Hainbat iritzi bildu ditu BERRIAk.

1. Zer balorazio egiten duzu aldaketaz?

2. Zer alde on nabarmenduko zenuke?

3. Eta zer ahulgune?

4. Nola ikusten duzu etorkizuna?

PATXI ZABALETA Parlamentari ohia

«Aldaketa prozesu bat da: egiten ari zen, ari da, eta jarraituko du»

1. « UPNrik gabe bazen Nafarroa, eta UPNrik gabe ere izan daiteke. Hori izan da garrantzitsuena. Norabide batzuk, ez denak, aldatu dira, eta lehentasunak eman zaizkie lehen atzeratuak zauden helburuei: politika sozialetan, euskaran... Asko gelditzen da egiteko. Erronka handiak daude».

2. «Demostratu da Nafarroako herria ez dela eskuin muturrekoa. Azpimarratuko nuke, halaber,Nafarroaren interesen defentsa ikuspegi aurrerakoi batetik egiteak duela zentzua. Eskuin muturraren defentsa horrek, oraindik erretorika gisa mantentzen den horrek, ez du edukirik. Horren adierazle, Nafarroako izaeraren kontra daudenekin bat egin dutela».

3. «Koalizio gobernuak dira eredu modernoa Europan, alderdiak konprometitzen baititu eta indarra sortzen baitu. Hori falta izan zaio, eta ahulezia askotan markatua geratu da hainbat arlotan. Gobernua ez da gai izan ausardiaz jokatzeko, eta ez du egituren aldaketa behar adina sakondu».

4. «Aldaketa prozesu bat da: egiten ari zen, egiten ari da, eta egiten jarraituko du. Gobernua aldatuko balitz ere aldaketa ez litzateke jada aurrekoa izango. Gehien- goa errepikatzerik ba ote den erantzutea oso zail da uneotan. Aukera handienak dira PSN eskuinaren botoak jasotzeko prest dagoen jakitea. Gogoan hartu behar da 2015ean Esparzak bere botoak eskaini zizkiola, baita Ezker Batuari ere».

SAGRARIO ALEMAN Euskaltzaina

«Kanpotik ere zalantza dut euskalgintzatik aski presion egin ote dugun»

1. «Franko ona da, bere ilun guztiekin. Ikuspegi diferente bat izan da, aurrekoengatik haustura bat, baina erranen nuke hasi bertzerik ez dela egin.

2. «Nik uste dut herritarrei begiratu dietela, aurrerapauso batzuk eman dira arlo sozialean. Porlanaren kultu hori jaitsi da. Arlo ekonomikoan, fiskalitatean aldaketa batzuk izan dira; feminismoaren arloan, beharbada kanpotik asko eragin delako, indartsu atera da; memoria historikoa eta frankismoaren salaketa indartu da».

3. «Aldatu nahi bat ikusi da, eta positiboa izan da. Baina, batetik,barneko desadostasunek ez dute alor askotan gehiago aurreratzea ekarri; bestetik, denbora eskasa izan da. Kanpotik ere zalantza dut euskalgintzatik, adibidez, aski presio egin ote dugun. Uler zitekeen presio egitea zela gobernua auzitan jartzea, eta horregatik ez dela egin. Edo, beste kasu batzuetan, gobernuaren gain utzi da. Beldurra izan dute gobernuan, neurri asko oso poliki eman dituzte, eta oposizioa horretaz baliatu da».

4. «Hurbilegi ikusten ditut denboran joan den hileko hauteskundeak, baina itxaropena dut botoak berregokituko direla: PSOEra joan diren zenbait boto itzuliko direla lauko gobernua sostengatzen zuten talde batzuetara. Zailtasuna handia da».

CASTILLO SUAREZ Idazlea

«Administrazioan, erresistentzia handiak aurkitu dituzte»

1. «Inportantea izan da, baina ez da sakonekoa izan. Administrazioa ezagutzen dut, batik bat. Munstro bat da, eta oso zaila da gauzak aldatzea, urte askotako joerak daudelako eta erresistentzia handiak aurkitu dituztelako benetako aldaketa egin zedin. Izendapen libreko karguen kasuan, gobernua ez da ausarta izan. Formak ez dira hutsalak, eta gobernua askoz ere irekiago, euskaltzaleago, berdinzaleago izan da, eta ezin da gutxietsi».

2. «Harrigarria izan da laukoaren leialtasuna. Inork ez zuen espero, nik behintzat ez, hausturarik gabe eta halako leialtasunez eustea legealdiari».

3. «Euskararen lege berri bat egiteko adostasunik ez izatea. Herren hasi zen. Ezkerrari eman zaio ahalmen bat ez zetorrena bat zuen indarrarekin».

4. «Laukoa errepikatzeko aukera dago, baina ez dakit botoek emango duten horretarako. Iruditzen zait, halaber, Geroa Bairen lehen aukera ez dela EH Bildu. Zer bazkide izango dituen gobernuak, horren araberakoa izango da aldaketa. Sakonduko da gauza batean edo bestean. Ez dut argi errepikatuko den orain artekoa».

JOSE MARI ESPARZA Idazlea

«Gogoratu behar gara zer infernutik gatozen»
1. «Arras baikorra. Gogoratu behar gara zer infernutik gatozen. Nahiz eta paradisu batean ez egon, gauza gehienetan aurrerapausoak eman dira, eta gutxi batzuetan, AHTa esaterako, okerreko bidetik aurrera egin da. Zenbait alorretan oso ahulak izan gara (Hezkuntzako zerrenda bakarra, torturaren eta Poliziaren hilketen aitortza, funtzionario atzerakoiak aulkitik mugitzea). Oro har, aldaketari eusten jarraitu behar dugu».

2. «Gizartearen babesa izan da garrantzitsuena. Sumin txikiagoaeta emaitza hobea ikusi dugu. Ezker abertzaleak, Adolfo Araizen eta Beaumonten gidaritzapean, egindako lana azpimarratuko nuke».

3. «Barkosen gobernuaren ahulgunea izan da AHTa. Atzean diren interesek soilik azal dezakete. Ahal Dugu-k haurren modura jokatu du eta portaera horrek kalte egin diezaioke etorkizuneko gobernuari».

4. «Gobernua edozein delarik, pentsatu nahi dut aldaketak atzeraezinak direla. Moteldu daiteke, baina Nafarroan badago indar aurrerakoi abertzale bat gutxietsi ezin daitekeena, lehen egiten zen bezala. Aldaketaren gobernua errepikatzen bada, buruak moztu behar ditu administrazioan, eta euskararekin ausartago jokatu».

ISA EGIGUREN Kazetaria

«Kalean, jendeak sentitu du ez dela asko aldatu; zerbait falta izan da»

1. «Kontu inportanteak atera dira (kontratu publikoen legea, etxebizitzaren legea, errenta bermatua...), baina, kalean, jende askok sentitzen du bere bizitza ez dela asko aldatu. Orduan, uste dut zerbait falta izan dela. Edo ez da ondo azaldu zertan den aldaketa, ez dela hainbeste aldatu. Oso burokratikoa da dena, oso zaila da aldaketa azkarrak egitea. Gainera, informazio falta dago: zer zor zeuden iristean, zer ordaindu behar zen, eta gero zer gauza egin diren. Komunikazio falta izan da».

2. «Batez ere, arlo soziala. Errenta bermatua oso inportantea, pobrezia dagoelako Nafarroan. Emakumeen inguruan gauza asko egin dira, baina aurrerapauso handiagoak egin behar dira. Jendea kalean asko mugitu da, eta instituzioek entzun dute. Horretan sakondu behar da. Guztia izan da mantsoa».

3. «Termometroa kalean dago, begirada bat bota behar dugu zer gertatu den kalean. Kalean diren pertsonak entzun behar dira, eta argitu behar dira zeintzuk diren euren arazoak».

4. «Inork ez daki zer gertatuko den. Alderdi guztiak nahiko urduri daude. Politika show bat bihurtu da. Kaleko jendea oso aspertuta dago, eta nahi du bere arazoak konpontzea. Jendea Nafarroan ikusten dut oso zatituta. Tentsio handiko asteak datoz. Uste dut informazioa ez zaiola oso ondo heldu jendeari. Gezur asko esaten dira.Ondo informatu behar gara guztiok, ikusteko zertan esaten duten egia edo ez».

AINGERU EPALZA Idazlea

«Erakutsi dute beste bide bat egitea posible dela»

1. «Ona, inolako dudarik gabe. Zerbait historikoa gertatzen hasi da. Lehendabiziko hilabeteak izan ziren ia-ia traumatikoak: gobernu aldaketa gertatu zen, baina oraindik aldaketarik ez zen gertatzen ari. Hori guztia gertatu beharra zegoen. Hamarkadetako inertzia horiei guztiei buelta ematen hasteak, gobernu guztia beste norabide batean eramaten hasteak, behar izan du denbora. Ez gara ohartzen zenbat aldatu den, eta,segida izanez gero, zer perspektiba irekitzen diren».

2. «Aldaketaren gobernuaren benetako miraria haren iraupena izan da. Begiratu 2015eko hemerotekei. Agintea galdu zutenek minutu bat ere ez zuten eman oihukatzeko: «Gobernu hau ezegonkorra izanen da. Ez du telediario bat ere iraunen». Beste indargunea agenda soziala edo errentaren birbanaketa, zerga alorrean. Ekonomian, garbi dago Nafarroa sobera pagatzen ari zela, eta Madrilekin lortutako akordioak diruz hornitu duela. Euskararen inguruan, euskalgintzan badago desliluratze puntu bat. Errealismo ukaldi bat hartu behar izan dugu. Aldaketako indarren artean kontsentsu bortxatu samarra izan da, Ezkerrak, eta neurri batean Ahal Dugu-k, inposatua. Horrek arazoari tamaina hartzeko balio izan du. Hala ere, oinarri batzuk jarri dira, etorkizunean gauzak desberdin izan ahal izateko».

3. «Indar korrelaziotik etorri zaizkio. Aldaketa askotarikoa izatetik. Denek eman behar izan dute, eta, batzuetan, aldaketaren indar batzuk oposizioarekin bat egin dute. Ahulgunea bainoago, horixe daukagu. Ahulguneak gehiago datoz errealitatetik».

4. «Etsigarria litzateke lau urte hauek anekdotan geratuko balira. Duela lau urte agerian geratu zen posible zela, orain ere posible da. Galduko balitz ere, oraindik ere posible izango litzateke, erakutsi delako bertze bide bat posible dela, gauzak hemen bertzela egin daitezkeela. Badago beste gauza bat. Mundu abertzalean borroka armatuak urruntze handiak sorrarazten zituen. Bilduk Uxue Barkosen gobernuarekin erakutsi duen leialtasuna zenbaitek nahiko lukete. Gauza bera Iruñeko udalean. Konfiantza giro bat badago Nafarroan abertzaleen artean, orain arte izan ez dena. Oso inportantea izan da, eta ez litzateke galdu behar, nahiz eta orain gobernua galdu».

JUAN KRUZ LAKASTA Kazetaria

«Gehiengoa lortzenez badute, talde gisa jokatu beharko lukete»

1. «Aldaketa sakonagoak nahi nituen, baina ez zegoen baldintza objektiborik. Ez parlamentuko orekei dagokionez, ezta bestelakoei begira ere. Nafarroan badira botere asko (finantza eta enpresa arlokoa, mediatikoa, erjiosoa, sindikala, unibertsitarioa). Horien artean ehun urtean eraikitakoa ezin da lau urtean eraitsi».

2. «Lorpen handia da aldaketaren aldeko indarrek legealdiaren amaierara arte gobernuari eustea eta aurrekontuak aurrera ateratzea. Arduratsu jokatu dute. Agerian uzten du zer-nolako beharra zegoen aldaketa gauzatzeko. Batez ere, haien oinarri soziopolitikoan. Horiek bultzatu dituzte jarrera horietara».

3. «Zerga erreforma apalegia izan delakoan nago. Lanaren errentaren alorrean egin dira aldaketa zenbait, baina enpresarien eta kapitalaren etekinen gaineko presioari dagokionez, askoz gehiago egin zitekeen. Beste alor batean ere badut kezka: ez dakit behar bezala kudeatu den gobernuaren eta gobernu aldaketa urteetan landu duten mugimendu sozialen arteko harremana».

4. «Irudipena dut azken lau urteotan Nafarroako gizartean aldaketa sakona gertatu dela, eta gehiengo hori kohesionaturik badagoela. Ez dakit zer gertatuko den, baina nago partida jokatzeko dagoela. Aldaketaren aldeko indarrek gehiengo osoa lortzen ez badute, talde bakar bat balira bezala jokatu beharko lukete, denen artean PSNren eta Navarra Sumaren gainetik egonen baitira. Horri eutsiz, PSNk bi aukera ditu: aldaketari lehendakaritza lortzen lagundu, edo eskuinarekin lerratu».

ANGEL ERRO Idazlea

«Etsitu nau ikusteak kristalezko sabai batzuk hor daudela oraindik»

1. «Ona izan da. Kontra daudenek ere nekez gezurta dezakete hori. Ez zuten espero lau urte izatea, eta egonkorra izan da. Ekonomikoki ere, gaur egun hainbeste baloratzen den kudeaketaren irudi hori zaindu da».

2. «Kanpotik begiratuta, egon zitezkeen barne borrokak ez dira kanporatu, Ahal Dugu-ko tirabirak salbu. Espero ez ziren gauza asko egin dira. Adibidez, Skolae».

3. «Apur bat etsitu nau ikusteak kristalezko sabai batzuk hor daudela oraindik. Euskararen kasuan, edo beste gai sozialetan. Kritika egiterakoan ezin dugu ahaztu nondik gatozen eta zer dugun zain. Gauzak leheneratzearekin mehatxu egiten ari zaizkigu».

4. «Lehia bat dago bozetan bigarren nor geratuko den. Toki horrek baldintzatu dezake taula goitik behera. Soziologikoki, Nafarroan gauzak aldatzen ari dira, baina oso motel. Epe luzerako apustua da. Pauso bat aurrera egin daiteke, baina baita atzera ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.