25.000 arigune sortuko dituzte

Euskal Herriko 421 herritan osatu dituzte Euskaraldia sustatzeko batzordeak, duela bi urte baino hamasei gehiagotan. Ariguneen %52 barnekoak dira, eta gainerakoak, kanpokoak

25.000 arigune sortuko dituzte.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun

Hilabete eskas falta da Euskaraldia hasteko, eta, antolatzaileek emandako datuak eskuan, aurreikus daiteke aurtengo aldiak ere parte hartze handia izango duela. 421 herritan sortu dituzte Euskaraldia sustatzeko batzordeak, aurreko aldian baino hamasei udalerri gehiagotan. Horrez gain, 25.000 arigune baino gehiago ere sortu dituzte; hau da, entitateen bidez, euskaraz lasai aritzeko sortutako guneak sortu dituzte. Euskaraldian herritar gisa izena emateko aukera dago oraindik, eta bultzatzaileek parte hartzeko deia zabaldu zieten herritarrei atzo Baionan egindako agerraldian. Bideoa: Kanalduderen atzoko saio berezia Euskaraldiaz.

Aurtengo ekitaldiko berrikuntza nagusia da ariguneena; hizkuntza aldaketa norbanakoek egiteaz aparte kolektiboki ere egiteko eremuak izango dira. 6.737 entitatek dituzten 8.174 egoitzetan sortu dituzte arigune horiek guztiak, Euskal Herri osoan. 25.091 arigune horietatik, %52 barnekoak izango dira, eta gainerakoak, %48, kanpokoak. Entitate baten barruan euskara dakitenen artean sortutako ariguneari deitzen zaio barnekoa, eta kanpo arigunea izango da herritarrei begirako jarduna duten entitateek haiei bideratutako arigunea sortzen dutenean. Entitateei dagokienez, era guztietako enpresek, saltokiek, erakundeek eta elkarteek sortu dituzte ariguneak. Baina kopurutan, hauek dira nabarmenenak: saltoki eta zerbitzu emaile txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak.

Zenbaki horien balorazio «oso ona» egin dute antolatzaileek, are gehiago COVID-19 gaitzak eragindako egoera aintzat hartuz gero. Baina Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak laguntza eskatu zien herritarrei: «Pandemiak zaildu egin digu Euskaraldiaren antolaketa, eta guztion laguntza behar dugu Euskal Herriko ahobizi eta belarriprest guztiengana heltzeko». Euskaraldian parte hartzeak mezu argi bat baitauka, haren ustez: «Pandemiari aurre egin nahi diogula; gure komunitatea berrindartu nahi dugula, eta, oztopoak oztopo, Euskal Herri gero eta euskaldunagoa nahi dugula». Horregatik, herritarrei dei egin die ahobizi edo belarriprest rola aukeratu, eta Euskaraldian izena eman dezaten. Azaroaren 19ra arte dago horretarako aukera —azaroaren 20an hasiko da ariketa—.

Iparraldeko kanpaina, abian

Euskal erakundeetako ordezkaritza zabala izan zuen atzoko agerraldiak. Bertan izan ziren Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Amets Lahetlujan Euskal Konfederazioko ordezkaria. Nabarmendu zuten Ipar Euskal Herrian Euskaraldiak euskararen kaleko presentzia areagotzen lagunduko duela, eta batik bat kanpo ariguneen bidez lortuko dela hori.

Ariketaren ezaugarri garrantzitsu modura, Euskaraldia elkarlanean garatutako ekimena dela azpimarratu zuten ordezkariek; nabarmendu zuten mugaz gaindiko elkarlana garatuko duela eta erakunde publikoen eta eragile sozialen artean antolatutako ariketa dela. Lahetlujanek garrantzitsutzat jo zuen puntu hori, eta herritarrei dei egin zien «euskara erabiltzeko, bere geroa segurtatzeko modu bakarra baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.