Euskaraldirako prestatzen. 2018ko ondorioak

Lehen probako aparretatik

2018an egin zen lehenengo Euskaraldia, eta emaitza azpimarragarriak izan zituen. Hobetzen joateko atalak ere azaleratu zituen: ele biko elkarrizketak, esate baterako.

Lehen probako aparretatik.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Ez ziren lorpen makalak izan Euskaraldiaren estreinako aldiarenak: 225.154 izen emate, Euskal Herriko erakunde nagusien babesa, eta, esperientzia amaitu ostean, euskararen erabilera 5,6 puntu handiagoa parte hartzaileen artean. Antolatzaileek ontzat jo zuten ariketa soziala amaieran, eta hizkuntzaren normalizazioan «bide erakusle izan zitekeela» zehaztu. Bi urteren ondoren, ostiralean hasiko da hurrengo Euskaraldia, eta, pandemiak zenbateko eragina izango duen ikusteko dagoen arren, orain arteko datuek parte hartze zabala iragartzen dute: 70.000 lagun zeuden izen emanda urriaren amaierarako —aurreko aldian azken asteetan eman zuten izena gehienek—, eta horietatik %20k ez zuten aurreko aldian parte hartu; 6.737 entitatek 25.000 arigune sortuko dituzte. Ariketa soziala, baina, ez da aurreikusitakoa izango, harreman sozialak mugatuta baitaude Euskal Herri osoan, lekuan-lekuan era ezberdinean bada ere. Eta Euskaraldiaren oinarrian hori bera dago: harreman soziala.

Ikusi gehiago:Gaztealdiko partaideen bizipenak, BerriaTBn

Bigarren aldiak ekarriko duena ikusteko dagoela, lehen esperientzia hark ondorio ugari izan zituen. 18.000 pertsonak hiru inkesta erantzun zituzten euren hizkuntza ohituren bilakaera ikusi ahal izateko Euskaraldia baino lehen, egiten ari ziren bitartean, eta amaieratik hiru hilabetera. Maialen Iñarra Soziolinguistikako Klusterreko kideak azaldu duenez, parte hartzaile askok esan zuten hizkuntza jokaerak nabarmen astindu zituela Euskaraldiak, baina askori motz geratu zitzaiela. «Hala ere, jokaera berri horien arrasto esanguratsuak gelditu ziren Euskaraldia bukatu eta hilabeteak aurrera egin ahala. Azpimarratzekoa da inertzia berri batzuk sortu zirela». Ikusi besterik ez dago nola egin zuen gora euskararen erabilerak ekintza soziala egiten ari zen bitartean, eta nola egin zuen behera amaitu ostean. Baina hasierako egoeratik amaierakora 5,6 puntuko igoera egon zen. «Aldaketa handiagoak egin zituzten euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagokoek, euskaraz egiteko ohitura gutxien zutenek, eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi zirenek».

Euskararen erabileran gorakada hori izateko, bi mekanismok izan zuten eragina: batetik, txapa identifikagarriek euskara gehiago erabiltzeko norberaren aukera bistaratu zuen, eta, bestetik, batzuek euskara erabiltzeak besteek era horretan erantzun beharra eragin zuen. Horrez gain, partaidetza handiak ere lagundu zuela uste du Iñarrak: «Lagundu zuen oso aldeko giro zabal bat sortzen, eta horrek izango zuen eraginik». Alegia, euskararen erabilera indartzeko baldintza sozialak eraikitzen lagundu zuela dio.

Hobetuz joateko atalak

Rolen artean, dena den, desoreka egon zen lehen Euskaraldian. Parte hartzaileen %70 ahobizi gisa aritu zen, eta gainerakoak belarriprest izan ziren. Euskaldun osoen artean, gainera, ahobizi rola nagusitu zen. «Sortu zen zalantza ea rol horiek hizkuntza gaitasunen arabera hautatu ote ziren, edo benetan lotu ziren jokabide batekin». Sortu zen zalantza ea rol bakoitza ondo ulertu ote zen, eta belarriprest-aren figura gutxietsi ote zuten askok. Hartutako konpromisoak betetzerakoan, rol bakoitzean aritu zirenen gehienek ondo bete zituzten eurei zegozkien funtzioak, baina «hobetzeko tarterik egon zen», Iñarraren hitzetan.

Erabiltzaileentzako zailtasunak ere sortu zituen Euskaraldiak. Esaterako, solaskideari euskaraz egiteko gonbita egiterakoan, edo ele biko elkarrizketei luze eusteko ahaleginean. «Ziurrenik, jokaera horiek guztiak arrotz samarrak iruditu zitzaizkigun lehen aldi hartan. Oro har, ez ditugu oraindik jokaera horiek barneratu gure praktika eta kultura soziolinguistikoan». Ele biko elkarrizketak barneratuko badira, sozializatu egin behar direla uste du Iñarrak. «Ereduak behar ditugu hiztunok. Adibidez, Katalunian, katalanezko hedabideetan, ohiko jokabidea izan ohi da elkarrizketatuak gaztelaniaz erantzunda ere galderak katalanez egitea, baldin eta ulertzeko gauza baldin bada». Era horretan, errazagoa egin ahal izango zaie aurre Euskaraldian sortu daitezkeen egoera berriei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.