Koronabirusa

Eslogan bat ez da aski izaten

Herritarrek izurria zer den ondo ulertzeko, ezinbestekoa da jasotzen dituzten mezuen arteko koherentzia; kontzientziazio kanpainak bide bat dira hainbat mezu ozentzeko.

Iragarki bat Londresen, Covent Garden inguruan. NEIL HALL / EFE.
arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Kontzientziazio kanpainek aldaketa positiboak eragin ditzakete, zuzenean edo zeharka, edo populazio handietako osasun jokabideetan aldaketa negatiboak prebenitu». Uxune Martinez da solaskidea, Euskampus fundazioko zabalkunde zientifikorako arduraduna. Erakunde publikoek osasun arloan egiten dituzten kontzientziazio kanpainak ditu hizpide; izan ere, COVID-19aren osasun krisi betean, halakoek egokiak eta eraginkorrak izateko eduki behar dituzten ezaugarrien gaineko dudak eta galderak lehen lerroan daude. Eta erantzunak ez dira batere errazak.

«Gomendatzen diren irizpide berriak denbora luzez bete behar badira, edota gure egunerokoan oso errotuak dauden ohiturak aldatzea eskatzen badute, aldaketak ez dira erraz normalizatzen», onartu du Martinezek. Psikologia irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Nahia Idoiaga; doktore tesian propio aztertu zuen izurrien eragina; ohartarazi du zaila dela gizartearengana heltzea oraingo egoerak eragindako «neke emozionala» kontuan hartu gabe: «Izan ere, neke horrek haserrea ekar dezake. Eta haserre horrek ekar dezake depresiorako joera, eta, azken buruan, kasurik ez egitea».

Martinezek adierazi du osasun arloan kontzientzia pizteko egin izan diren kanpaina askok ez dutela arrakastarik izan, edota eragin oso murritza izan dutela. «Azken hamarkadetako kanpainak kontuan hartuz gero, ikus dezakegu hainbat kanpainaren eraginkortasuna ez dela izan espero bezain ona, orokorrean eragin txikikoak izan direla. Munduan hiru kanpainak lortu dituzte emaitza onenak: tabakoa erretzearen aurkakoak, segurtasun uhalaren erabilera sustatzekoak eta ebola deuseztatzekoak».

Eta argi eta garbi izan behar da: kanpaina batek, bere horretan, oso eslogan indartsuak baditu ere, ezin du ezertxo ere konpondu, baldin eta koherentziazko sare batean ondo ehunduta ez badago. «Osasun publikoko kanpainak osasun komunikazio estrategia integral bateko osagai izan behar dira, ez pieza solteak».

Egokitutako mezuak

Bestetik, kanpainok garatzerakoan aintzat hartu behar da beti «testuingurua». Horren garrantzia nabarmendu du Martinezek: «Zabalduko diren momentuko egoera izan behar dute kontuan. Esaterako, orain negu giroan gaude, toki itxietan pasatuko ditugu ordu asko, eta, beraz, egoera horri egokitutako mezu bat izan behar lukete hizpide». Era berean, adierazi du ondo neurtu behar direla «mezua eta tonua» halako kanpainak egitean: «Mezuak, arriskuak ez ezik, portaera jakin batek dakartzan onurak ere erakutsi behar ditu, eta tonu hezitzailea da lagungarriena».

Bat dator Idoiaga, ondo neurtu behar da tonua: «Sentsazionalismoak ekar dezakeen ondorio bat da nekea». Zenbait kanpainatan, esaterako, berriki Jaurlaritzak abian duen Eskuak. Maskara. Distantzia deituan, COVID-19ak erietxeetako arta intentsiboetako unitateetan eragindako irudi gogorrak erakustera egiten da, eta ohartarazi du horrek arriskuak badituela. «Ez dakit non dagoen muga. Baina badakit gogortasun hori gehiegitan erakusteak ez garamatzala inora; gordintasunera ere ohitu gaitezke. Begira nola ohitu garen migratzaileen txalupak ikustera». Izurriarekin lotutako zenbait albiste ematean nagusitzen ari den gehiegikeria ere kritikatu behar dela erantsi du: «Txertoarekin dagoen albiste sorta hori, adibidez; ematen du Frantziako Tourra! Nor lehenago iritsiko! Horrelakoek ere ez dute batere laguntzen».

«Beldurraren» arriskuak

Mezu oso «dramatikoen» eraginak beti ez direla onak izaten esplikatu du Martinezek ere, eta badirela jarduteko beste era batzuk: «Irudien bidez, beldurra, pena edo tristura eragiten dute, eta halako sentimendu negatiboek ez dute epe luzerako erantzun egonkorrik sortzen. Aldiz, portaera baten eragin positiboak erakusteak, ahaleginak egitea bultzatzen du. Esaterako, kanpainek erakutsi beharrean gure portaerek maite dugun norbaiten heriotza ekar dezaketela, erakuts dezakete ezagutzen genuen bizitzara bueltatzea ekar dezaketela: zahar etxeetan ditugun nagusiak bisitatu eta besarkatzea, familiarekin elkartzea... Itxaropenean eragiteak sentimendu positiboak ernatzen laguntzen du, eta ahaleginak egitea egonkortzen du».

Uste du ildo horiek landu behar direla, portaera uzkurrak saihesteko: «Izan ere, mehatxua erakusten duten irudiek antsietate handiagoa eragin dezakete zaurgarriagoak diren herritarren artean, baita pandemiarekin nekatuta dauden herritarrengan ere. Kontrako erantzunak ekar ditzake: erresistentzia eta erreaktantzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.