Euskal Hiritik Euskal Herrira

Joseba Arbaiza Alvarez - Lurralde antolamenduan aditua

2019ko apirilak 23
Gure lurralde ereduaz: bizitza eskalaren garrantzia

Egunerokotasunean, gure bizitzetan, pertsonalak zein kolektiboak eta baita politikoak diren erabaki asko hartzen ditugu. Zeinek eta non ekoitzitako elikagaiak kontsumitzen ditugu? Zeintzuk dira aukeratzen ditugun komertzioak? Zeintzuk dira familietan mugikortasunari dagokionez ditugun ohiturak? Nola kudeatzen ditugu guk sortutako hondakinak? Erabaki horiek guztiek, askoren artean, gure lurraldean eta urrutikoetan eragina izateaz gain, gure bizitza eskala zehazten dute, gehienetan eskala naturalarekin bat ez datorrena.

Mundu mailako eskalan klima aldaketa azkartuari aurre egitea eta petrolioaren gailurraren aurrean trantsizio energetiko eraginkorra egitea dira ditugun erronka nagusienetako bi. Era berean, gero eta hiritartuago dagoen munduan bizi gara, gero eta hiri gehiago, dentsoago eta biztanle kontzentrazio handiagoak eratzen dira. Askok hirien kolapsoaz hitz egiten dute; izan ere, kohesio soziala eta zerbitzuen eskaintza orekatua izatea baldintza horietan zail bihurtzen da. Hiriaren eta landa eremuaren arteko desoreka ere gero eta nabarmenagoa da; batik bat, hirien periferietan kokatzen ez diren landa eremuen kasuan. Euskal Herrian, prozesu horretan ere bagaude.

Martxoaren 8ko greba feministarako deialdi arrakastatsuak bizitza erdigunean jartzea ere aldarrikatzen zuen. Bada, bizitza erdigunean jartzeak, besteak beste, politika egokiak eskatzen ditu, horietako batzuk eskualdeetako oreka eta gertutasunean oinarritutako lurralde antolamendua bultzatzeari lotuta daude. Barnera begiratzeko estrategia landua izatea, alegia, lurralderik gabeko lurraldetasuna ezinezkoa dela aitortuz.

Euskal Hiria?

Idazle ezagun batek Euskal Hiria kontzeptua proposatu zuen orain urte batzuk, eta zenbait administraziok hura hartu zuten lurraldea antolatzeko estrategiaren sintesi gisa; adierazkorra, behinik behin! Azken urte hauetan, administrazio maila gehienetatik hartutako erabakiek (hirigintza, mugikortasuna, industria, hondakinak...) jasangaitza den lurralde eredua areagotzera jo dute.

Izan ere, lurralde ikuspuntutik, Euskal Hiria kontzeptuak desorekan du oinarria: hiriaren esklusibotasuna, eskualde eskala gainditzen duen mugikortasuna eta lehen sektorearentzat ezinbestekoak diren lurren porlanizazioaren aldeko alegatua da; urrutikoa lotu gertukoa urruntzeko, alegia. Eta epe ertain eta luze baterako plangintzek eskema horretan sakontzen dute, eredu aldaketarik proposatu gabe.

Gainera, Euskal Hiria paradigmaren barnean, herrialdeen arteko lankidetza lortzea oraindik ere ezinezkoa bihurtu izan da arlo askotan. Horren adibide garbia aireportuen sarea da. Hainbeste aireportu (Noain, Foronda, Miarritze, Hondarribia eta Loiu) hain eremu txikian aurkitzea lankidetzarik ezaren seinale da, lehiakortasuna nagusi.

Egungo lurralde eredua hiri nagusiek eta horien arteko lotura bideratzen duten azpiegiturek markatzen dute, gurean nabarmena da. Beraz, azpiegitura handiek eta ez aurretiko planifikazio batek antolatzen dute gure lurraldea. Horregatik, merkatuaren antolaketa edota antolaketa faltaren aurrean, planifikazioa aldarrikatu egin behar da.

Baina, azpiegitura handiek, nori egiten diete mesede? Adibide batzuk aipatzearren, Bilboko Hegoaldeko Saihesbidea eta Abiadura Handiko Trenaren harira Tafallaldea edota Arabako Lautadaren kasuak azpimarratzekoak dira.

Landa eremua: subjektua

Ikuspegi urbano batetik, gehiegitan, landa eremuen funtzioak arnasgune izatea, paisaia kontserbatzea eta aisialdirako espazio naturalak eskaintzea dira. Hirietan jarduera eta zerbitzuak kontzentratzen joan izan diren heinean, landa eremuetako biztanleengana zerbitzu horiek eskaini eta jarduera ekonomikoak finkatzeko alternatiba askok porrot egin dute. Besteak beste, landa eremuetan turismoaren panazea aukera bakartzat jo eta bultzatu da azken hamarkadetan, ekonomia jardueren dibertsifikazioan sakondu gabe. Gainera, ulertezina bada ere, landa eremuen garapen sozioekonomikoa bilatzeko plan eta programa askotan ikuspuntu urbanoa nagusitu da: «Lasai, guk esango dizuegu zer egin behar duzuen!». Horren adibide garbia Nafarroako Pirinio aldeko bailaretan izandako dinamika dugu, zorionez iraultzen ari dena. Beste adibide garbia Baztanen dugu, Aroztegia proiektuaren batzuen justifikazio nahian egon daitezkeen arrazoiekin.

Landa eremu askotan ematen ari den zahartze prozesu eta biztanle galerak erantzun azkar eta egokiak eskatzen ditu, baina herrietatik eta eskualdeetatik, barnetik, sortutako dinamiken ondorio izan behar dute. Proposamen eta ekimen guztien artean, nekazaritzak duen balio estrategikoa funtsezko bihurtzen da, elikagaiak sortzeari dagokion garrantzia eta balioa ematea, alegia.

Hirien erronkak eta 'Euskal Herria' bizitza erdigunean jartzeko

Testuinguru honen aurrean, gaur egun, hiriek erronka nabarmena dute. Nola bideratu hiri eremuetako zein auzoetako berregite prozesuak? Nola birpentsatu auzo horiek erabilera mistoak txertatuz eta mugikortasun beharrak murriztuz? Hirien zabalpena eta eremu berrien okupazioa nola murriztu daiteke? Nola birpentsatu auzo, herri eta hiri inklusiboak?

Bestalde, Euskal Herria paradigma lurralde antolamendurako berreskuratzeak bizitza eskala humanizatzea ekarri beharko luke. Proposamen horren barnean ideia bat ezinbesteko bihurtzen da: eskualde eskala bizitzarako berreskuratzea. Horrela, lurraldea antolatzeko irizpideak ezartzeko orduan baliabideak, herri eta eskualdeen arteko kohesio soziala, tokiko ekonomia propioak, zerbitzuen eskaintzan oreka izatea eta tokiko errealitatearen araberako zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna kontuan hartu beharko litzateke. Gertuko eskala batean, errazagoa bizitza erdigune bihurtzea.