Koronabirusa

Ardoa ez dago dantzarako

Topa egiteko motiborik ez du ardoaren sektoreak. Koronabirusak botila hautsi du, eta urte askoan eraikitako negozio eredua zulo batetik behera galtzen ari da: ekoizleak beren produktuak saltzeko ezintasun izugarria izaten ari dira. Kontsumitzaileei eskatu diete hemengo ardoak erosteko, «inoiz baino gehiago».

Txakolin uzta berriaren festa, Getarian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ez da giro upategietan. Ezta mahastietan eta, oro har, ardoarekin lotutako ostalaritza-turismoan aritzen direnen artean ere. Milaka langile dira, eta gaur-gaurkoz, ez dute geroa argi ikusten. Ardoaren salmenta leiho nagusiaren itxialdiak luze jo du, eta, gutxika zabaltzen hasi den arren, ostalaritza ez da garai batekoa, ezta hurrik eman ere.

Ardogileak zeruari begira izaten dira, sarri, ekaitz batek mahastia hondatuko duen beldurrez. Ez da trumoi burrunbaz iritsi, isilean baizik, baina beste sektoreetan bezala, kinka larrian jarri du ardogintza koronabirusaren ekaitz neurrigabeak. Inoiz baino gehiago hemengo kontsumitzailearen beharra azpimarratu dute BERRIArekin hitz egindako upategiek, jatorri izenek eta bestelako eragileek. Laguntza dei etsia da haien mezu nagusia: «Hemengo ardoa kontsumitu, itotzen ari gara eta».

«Salmentak erabat erori dira, ostalaritzaren itxialdiak bete-betean jo gaituelako. Ez dira bakarrik hemengo tabernak eta jatetxeak; mundu osoan gertatu da geldialdia, eta esportazioetan etenaldia eduki dugu, era berean». Bakioko (Bizkaia) Doniene Gorrondona txakolin upategiko arduradun Ixiar Insaustik aho bilorik gabe azaldu du muturreko egoera. «Ez da ahaztu behar gu lehen sektoreko langileak garela, aldi berean, eta lanean jarraitzen dugula, mahastia zaintzen, uzta prestatzen».

Ardoaren sektoreak laguntzak jasoko ditu, era batera edo bestera. Har daitezkeen neurrien artean dago mahats kopuru jakinak biltzeari uztea, betiere mahats horri prezio bat jarrita. Merkatua erabat ez haustea eragotziko luke horrek beharbada, botila gehiegi salgai jarriz gero, prezioak amildu egingo baitira, upategi txikien errentagarritasunaren muga igaroz. Itxiera bene-benetako aukera da batzuentzat. «Jatorri izenari eta Jaurlaritzari dagokie uzta murriztearekin lotutako proposamenak egitea, baina mahatsa lurrera botatzea ere lan bat da. Guk ez dugu ikusten halakorik, benetan», dio Insaustik.

Turismoaren zain

Ostalaritzaren bidez ez da ardoa saldu aspaldian, eta tarte handi baterako ez da espero tabernak eta jatetxeak soluziobide eraginkor bat izatea. Upategian bertan saltzea da askorentzat biderik onena, eta, horretarako, bisitaldiak antolatzen dituzte; baina hori guztia ere geldirik dago, eta zaila ematen du martxan jartzea berriro luze gabe. «Salmenta kanal guztiak lantzen ari gara; etxean kontsumitzeko ohitura txikia dago Euskal Herrian, eta etxerako salmentak igotakoak ez du orekatzen ostalaritzan galdutakoa». Inoiz baino argiago ikusiko da orain hemengo produktuak kontsumitzea oso garrantzitsua dela Euskal Herriko ekoizleentzat, eta ardoa ez da salbuespen izango. «Uste dut ez dela ikusten hain argi ardoen atalean», azaldu du Insaustik; «euskal industria oso bat dago sektorean, eta kontsumitzeko garaian ez dut sumatzen hemengoaren aldeko sentsibilitate hori. Argi dago sektoreak aurrera egin dezan gakoa dela guk geurea kontsumitzea, janariekin bezala, baita edariekin ere».

Baina oraintxeko egoera da salmenta bide nagusiak itxi egin direla: ostalaritza, upategiko bertako salmenta eta esportazioak. «Ez da ezer saltzen, salbuespenak salbuespen», esan du Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izeneko idazkariak. «Saltokietan ateratzen denak ez du inolaz ere konpentsatzen galdutakoa. Abendutik martxora saldu da zerbait, eta hortik aurrera ia ezer ez. Eta ez dago saldutako guztia kobraturik, gainera». Mozok beste aldagai bat sartu du soluzio zaileko ariketan: «Guretzat oinarrizkoa da turismoa. Kanpotik etortzen direnek hemengo produktuak probatzen dituzte, eta erosi gehienetan; bada, hori bukatu da, eta ikusi egin behar da uda honetan zein neurritan egongo den turismoa». Kanpoko bisitariekin itxaropen apur bat badute upategiek. «Kezka izugarria dugu sektorean: Gerta dakiguke upategiak ez hustea abendurako, uzta berriari lekua egin beharko diogunerako».

Naturaren zikloa aurrera

Hori baita beste arazo handia. Mahastiak aurrera jarraitzen du koronabirusarekin zer gertatzen den jakin beharrik gabe. Irailerako uzta berria biltzeko egongo da. «Hiru milioi litrotik gora ekoizten dugu sor-markaren barruan, eta, hemengo produktuak erosteko sentsibilitatea handituz gero ere, ez da nahikoa izango produkzioari erantzuteko», ohartarazi du Mozok. «AEBak, Japonia eta Frantzia dira gure esportazioen helmuga nagusiak, eta hori ere eten egin da. Batzuen batzuek saldu dute kanpora, alarma egoera zela ere, baina bitxikeria baizik ez da izan. Ostalaritza eta turismoa dira gure esperantza; ea udan apaldu ditzakegun galerak hein batean, upategi batzuk ez baitaude egoerari aurre egiteko moduan».

Nafarroan ez dago kezka apalagorik. Nafarroa sor-markako upategi txikiak erantzuteko gaitasunik gabe gelditu dira. Horrela kontatu du Lezaun upategiko Edorta Lezaun bazkideak. «Goitik behera aldatu zaigu egoera. Upategietarako bisitak, jatetxea, merkatu txikiak... horiek dira gure salmenta bideak, eta denak itxi dira. Landetxeak, ardoaren turismoa... ekosistema horretan dauka lekua gure negozio ereduak, eta oraintxe ez da bideragarria». Internet bidez eta saltoki handietan ohi baino gehiago saltzen ari dela onartu du Lezaunek, baina kontsolamendu txikia da. «Asko igo dira, bai, baina ez jasaten ari garen galera orekatzeko moduan. Barne turismoaren aukera hor egon daiteke uda partean, baina ikusteko dago zein neurritan aktibatuko den». Esportazioen eta hemengo salmenten arteko harremana ere izan du hizpide: «Asko hitz egiten da ardoaren esportazioari buruz: Honolulun ere saltzen dela ematen du; bada, dena erori da. Inoiz baino argiago dago hemengo kontsumoa behar dugula, elikadura burujabetza behar-beharrezkoa dugula, eta Euskal Herrian ez dugu horrelakorik. Krisi honek gure gaitasunari buruzko hausnarketa sakon bat eragin beharko luke».

Ardoak, oro har, ostalaritzarekiko mendekotasun handia duela esplikatu du Nafarroa jatorri izeneko presidenteak, David Palaciosek. «Mahastiaren zikloa aurrera doa, eta aurten, gainera, uzta handia aurreikusten dugu; bilketa pare bat aste aurreratua dator». Tabernek martxan jarri dituzte terrazak, baina oraindik ez dago jarduera handirik. «Zain gaude ostalaritza abiatzen ote den, baina bakarrik ziurgabetasuna dago oraintxe. Horregatik, neurriak hartu behar dira, eta lehenbailehen». Neurri horien artean egon daitezke ardoa konfinatzea, alegia, ardo kantitate bat merkatura ez ateratzeko laguntzak jasotzea. Eta mahatsa biltzeari uzteko laguntzak ere bai. «Ardo soberakina eragotzi behar da, batez ere urteko ardoaren kasuan. Hark bere kontsumo epea dauka, eta merkatua ardo uholde batez estaliz gero, prezioak gehiegi jaitsiko dira, eta negozioak ez dira bideragarri izango».

Toloño magalaren koloreak

Estatuaren laguntzak espero ditu Palaciosek. «Ikusteko dago, ordea, zein neurritakoak diren, baina jakin beharko genuke jada, mahastiak era batera edo bestera kudeatzeko. Honek guztiak aurrean eraman gaitu. Ez geunden prestaturik, eta litekeena da upategi batzuek ezin eustea».

Arabako Errioxan atsekabez ikusten ari dira di-da batean gal dezaketela «ardoari duen balioa emateko urte askoan egindako lana». Juan Luis Cañas ardogilearen hitzak esanguratsuak dira: «Ikusiko bazenu zein politak dauden mahastiak, zer kolore hartu duten gereziondoek... eta auto alerik ez errepideetan. Ematen du ez gaudela hemen». Luis Cañas eta Amaren ardoen jabeak argi dauka ekoizpenaren %85 baizik ez duela baimendu behar Errioxa sor-markak aurten. «Eutsi egin behar diogu orain. Balio erantsi izugarria eman diogu gure ardoari azken hamar urteotan, eta kontsumitzaileari ulertarazi diogu horrek prezio jakin bat duela. Ezin gara hasi orain lehiatzen ardoa botilatu baino egiten ez dutenekin».

Cañasek uste du esportazioa flotagailu izango dela. «Atzerrira saltzen dutenak hobeto aterako dira, nahiz eta orain esportazioak asko jaitsi diren. Barne merkatuko ostalaritzarentzat aritzen direnek oso gaizki pasatuko dute», iragarri du. Bisitaldiak antolatzeko desiratzen dago, bestalde. «Hori da gure gozamena: egiten duguna erakustea, kontsumitzaileari aurrez aurre esplikatzea zergatik den gure ardoa geurea».

Samaniegotik Bastidara kilometro gutxi daude. Tierra upategiko jabe Carlos Fernandezek mezu argia bota du handik: «Ez gara ohartzen ari zer datorkigun. Hamar urte gal ditzakegu berehala, eta bidean hilotzak geratuko dira». Ezkor dago ardogileek duten egoera dela eta: «Talde handiek prezioa merkatuko dute, etsi-etsian. Hemengo kontsumitzaileari esan behar diogu inoiz baino gehiago pentsatzeko zer ardo erosten ari den. Hemen, Euskadiko ardoa dugu, goi kalitateko Errioxa, eta ehunka lanpostu daude jokoan». BEZa jaistea eta bestelako laguntzak «ezinbestekoak» jotzen ditu. «Mahatsaren prezioa amildu egingo da, eta negozio eredua kinka larrian dago oraintxe. Uzta aurrera doa, eta agian pagatu beharko diet biltzaileei ardoarekin, zer dakit nik!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.