Koronabirusa munduan

New York zabaltzen hasi da

AEBetako New York hirian 22.000 hildako eta 205.000 kutsatu utzi ditu koronabirusak. Hiru hilabeteko itxialdiaren ostean, aste honetan hasi dira normaltasunera itzultzen

Herritarrak koronabirus probak egiteko zain, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Martxoaren 1ean baieztatu zuten lehen COVID-19 kasua New York hirian. Astelehenean ehun egun bete ziren ordutik, hain zuzen ere murrizketa neurriak arintzen hasi ziren egun berean. Inoiz lorik egiten ez duen hiriak hiru hilabete egin ditu ateak itxita eta neurri zorrotzen pean, eta, hala ere, hura izan da AEBetan birusak gogorren jo duen hiria: 22.000 hildako eta 205.000 kutsatu.

AEBetako presidente Donald Trumpen politikei jarraituz, hala ere, normaltasunerako bidea hartu du zortzi milioi biztanleko hiriak. Aste hasieran hasi ziren lanean eraikuntzako eta ekoizpen zentroetako langileak, eta denda txikiak. Lehen fasea soilik da hau, baina duela aste batzuk ezinezkoa zirudien horrek ere, egunean 800 hildako egonda eta erietxeak gainezka egiteko zorian. Tarte honetan, ordea, asko aldatu da egoera. Egunean 33.000 proba egiten dituzte osasun langileek, eta kutsatuen batezbestekoa 500era jaistea lortu dute.

New York hiria izan da izen bereko estatuan lehen fasera igaro den azkena. Gainontzekoak bigarrenean daude dagoeneko, eta, beraz, zabalik dituzte denda nahiz bulegoak. Bestetik, dendari txiki askok ezin izan diote aurre egin pandemiak eragindako krisi ekonomikoari, eta itxi egin behar izan dituzte euren negozioak. 885.000 lanpostu galdu dira itxialdiak iraun duen bitartean, eta, adituen arabera, hiria ez da bere onera itzuliko 2022ra arte.

Osasun arloko adituek, berriz, «baikorregi» iritzi diete Andrew Cuomo gobernadorearen eta Bill de Blasio alkatearen aurreikuspenei. Ohartarazi dute kasuak ugaritu egingo direla jendea lanera itzultzen denean, batez ere garraio publikoan izaten diren pilaketen ondorioz. Halakorik gerta ez dadin, garraio publikoari %70ean eusteko eskatu dute.

Eskolarik ez

Eskolak aurrerantzean ere itxitaegongo dira hirian, laugarren fasera heldu arte —uztail amaieran izango da hori, ziurrenik—. Tabernak eta jatetxeak, berriz, apur bat lehenago zabalduko dituzte, hirugarren fasean, hilabete honen bukaeran. «Garaipen unea da hau gaitzaren aurka borrokatu diren herritar guztientzat», adierazi du Andrew Cuomo gobernadoreak. Izan ere, ehun eguneko ilunaldiaren ostean, argiak piztu ditu hiriak, baina erabateko normaltasuna urrun da oraindik. Maskara eta segurtasun tarteak derrigorrezkoak izango dira oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.