Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Unai Agirre

«Brotxa lodiko pintore lana egin nuen zenbaitetan»

Naiara Elola.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Xehetasunetan egon dela Bertsolari Txapelketa Nagusiko «gakoa» uste du Unai Agirrek (Hernani, Gipuzkoa, 1975). Saioan izandako zehaztasun faltaren eraginez egin zuela zortzigarren berak. «Brotxa lodiko pintore baten lana egin nuen zenbaitetan». Hala ere, abestu zituen bertsoekin «konforme» dago, nahiz eta gauzak gehiago «fintzeko» gai delakoan egon. Orokorrean, pozik dago bere bertsokera erakusteko gai izan zelako eta agertokira igotzean sentitu zuen «beldur puntua» gainditu zuelako.

Txapelketan zaildutako bertsolaria da Agirre, baina igandekoa izan zen haren lehenengo finala. Hasieratik publikoa bereganatzea lortu zuen, eta horrek bertsotan asko lagundu ziola esan du. «Finalista berria nintzelako edo, oso babestua sentitu nitzen, eta bertsotan txukun aritzea lortu nuen». Batez ere, goizean, ofizioetan sentitu zen «erosoen», lagunari entzunez eta erantzunez.

Dena den, BECeko finalerako bidea «oso luzea» egin zaiola adierazi du. «Bertso eskolan esan nuen hau azken txapelketa izango nuela; ziur nengoen». Baina finalean abestutako agurrean aitortu zuen erabaki hori ez duela guztiz hartua. «Finaleraino iritsita, Txapelketa Nagusiko plaza ezagutu, eta ia ziurtzat nuen erabakia zalantzan jarri dut». Lortu duena lortzeko egindako sakrifizioak «merezi» duelakoan dago. «Momentu gogor bezain ederrak bizitzen dira». Igandean bizitakoaren inguruan «azaleko» hausnarketa egina duela aitortu du: «Dena asimilatu eta baretzeko denbora beharko dudalako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.