Albistea entzun

Aitortzarik gabeko estatua

1991n, Transnistriak independentzia aldarrikatu zuen Moldaviatik, Errusiaren babesarekin gerra zibila irabazi ondoren. Baina nazioarteak ez du onartu oraindik.
Sobietar Batasunaren garaiko tanke bat Tiraspolen, Transnistriako hiriburuan.
Sobietar Batasunaren garaiko tanke bat Tiraspolen, Transnistriako hiriburuan. ALEX BUSTOS Tamaina handiagoan ikusi

Alex Bustos -

2021eko abuztuak 25 - Tiraspol

Ez da erraza Chisinautik, Moldaviako hiriburutik, Tiraspolera iristea. Tiraspol Transnistriako hiriburua da, «aitortzarik gabeko estatu» gisa ezagunak diren lurralde horietako batekoa. Horrek esan nahi du lurralde hori kudeatzen duten agintariek milioi erdi biztanleko populazio egonkor bat dutela, baina ez dutela gainontzeko estatuen aitortzarik, azken horiek Moldaviaren menpekotzat jotzen dituztelako. Horregatik, aduana bat dago Moldaviako Gobernuak kontrolatzen dituen lurren eta 1991tik bere burua kudeatzen duen eskualde matxinoaren artean. Moldaviako errepide hondatuetatik bidaia labur bat egin ostean, bien arteko muga igaro daiteke, Errusiako pasaportea duten aduanetako langileek baimenduz gero, betiere.

Nahikoa da autoan ordubete egitea bi aldeen arteko desberdintasunez ohartzeko. Soilik errumanieraz dauden kartelak ikusten dira hasieran; gero, errusieraz edo zirilikoz idatzitakoak. Moldaviako eta Mendebaldeko marka eta jatetxeen ordez, Sheriff konpainia ageri da nonahi, eta Errusiako kafetegi, banku eta jatetxeen izen berak dituzten lokalak. Sobietar garaiko ikurrez beteta daude kaleak, eraikinak, eta polizien eta soldaduen uniformeak, baita eskualdeko bandera ere; are, mailua eta igitaia daramatzan bandera ofizial bakarra da gaur egun. Moldaviaren menpeko gainontzeko eskualdeetan ia erabat desagertu dira ikur komunistak. Transnistriak SESBeko ikurrei eutsi arren, aspaldi da eskualdea merkatu ekonomian murgildu zela.

Sheriff holdingaren itzalak errepublika guztia hartzen du, eta Transnistriako ekonomia ia osoa kontrolatzen. Ez dago enpresarik txikiez gain aurrera egin dezakeenik KGBko agente ohi Viktor Gushan eta Ilia Kazmilik sortutako konglomeratu horren onespenik gabe. Transnistrian lanpostu gehien sortzen dituen enpresa da herritarren %12k konglomeratuarentzat lan egiten dute zuzenean, eta, gainera, ia erabateko monopolioa du parte hartzen duen alor ekonomikoetan: supermerkatuetan, gasolina zerbitzuguneetan eta telekomunikazioetan, besteak beste. Atzerriko dibisarekin aritzeko baimena duten konpainia bakanetako bat da.

Transnistrian komunismo garaiko eraikinak aurki daitezke: duela 30 urte eraiki zituztenean bezala mantentzen dira. Hemen dago Errusiatik kanpoko Leninen busto handiena ere. Horrez gain, buruzagi komunistaren irudi ugari daude, Ukrainan eta Moldavian ez bezala; haietako bat Transnistriako Parlamentuaren atarian dago.

Pridnestroviaren estatusak horrela ere deitu ohi zaio Transnistriari esan nahi du bertako herritarrak lege hutsune batean daudela. Munduko herrialde bakar batek ere ez ditu onartzen haien pasaporteak. Horregatik, Transnistriako ia herritar guztiek beste pasaporte bat ere badute, gehienek Moldaviakoa, Errusiakoa edo Ukrainakoa. Haien dibisa, Transnistriako errubloa, han soilik alda daiteke, eta, handik kanpora, txanponen bildumak egiten dituztenentzat bakarrik du balioa.

Transnistriar izaera

Andrei artista da, eta ez du parte hartzen Moldaviako bozetan —azkenak uztailaren 11n egin zituzten—. «Chisinaun hartzen diren erabakiek ez didate eragiten», dio, ziur. Hala ere, izena esan nahi ez duten hainbat herritarren arabera, hauteskunde horietarako autobusak antolatu zituzten, baita 22 euroko sariak ere, autobus bat hartu eta alderdi errusiazale baten alde bozkatzen zuen transnistriar ororentzat.

Andreik dio Moldaviako pasaportea duela (Transnistriakoaz gain), baina errusieraz hitz egiten duela gehienbat. Eskualdean, errusiar eta ukrainar etniakoak dira gehienak; horregatik, errusiera da hizkuntza nagusia, nahiz eta errumaniera ere asko entzuten den, baina alfabeto zirilikoa erabiltzen dute, Moldavian eta Errumanian ez bezala. Sektore batzuek diote errumaniera eta moldaviera hizkuntza desberdinak direla, nahiz eta akademikoek kontrakoa esan.

Moldavia Sobietar Batasunetik banandu zenean, errepublika izandako beste askoren pareko prozesu nazionalista egin zuen, herrialdeko hizkuntza bultzatuz, kasu honetan errumaniera, errusieraren kaltetan. Horrek Dniester ibaiaren ekialdeko gehiengo errusiar eta ukrainarraren errezeloa piztu zuen, eta gerra zibil bat lehertu zen Moldaviako Polizia eta armadaren eta Transnistriako indarren eta Errusiako tropen artean.

Timek, eskualdean bizi den estatubatuar batek, azaltzen duen moduan, frontean denek ezagutzen zuten elkar, eta borrokak amaitzean zerbait hartzera joan ohi ziren. Artilleria tiroak ere desbideratzen zituzten ezagunik ez hiltzeko. Hala ere, 1.500 pertsona inguru hil ziren gatazkak iraun zuen ia bi urteetan. De facto, Transnistriako tropek eta haien Errusiako aliatuek irabazi zuten; horregatik kudeatzen dute lurraldea. Bender hiriko Tughina, errumanieraz eraikin batzuetan jaurtigaiek egindako zuloak ikus daitezke oraindik. Transnistria menperatzeko lehia, hau da, adituek izoztutako gatazka deitzen duten hori da oztopo nagusia moldaviar batzuek amesten duten Errumania handia lortzeko eta EB Europako Batasunera batzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk, atzo, Bruselan. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Sei zauritu eta hogei atxilotu Bruselan, neurrien aurkako protestan

Berria

Belgikan ere derrigorrezkoa da COVID ziurtagiria tabernetan, jatetxeetan eta aisialdirako hainbat gunetan sartzeko

Aung San Suu Kyi kargugabetuiko gobernuburua asktzeko eskatzen duten afixak, estatu kolpearen aurkako protesta batean, martxoaren 18an, Yangonen. ©Stringer / EFE

Aung San Suu Kyi bi urteko kartzelaldira zigortu dute, matxinada sustatzea egotzita

Ander Perez Zala

Militarrek agintea hartu osteko lehen kondena jaso du Myanmarko Estatu Kontseilari kargugabetuak. NBEk eskatu du zigortua «berehala» askatzeko.

Eric Ciotti, Valerie Pecresse eta LRko presidente Christian Jacob, hurrenez hurren. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Valerie Pecresse aukeratu dute LRko presidentegai izateko

Arantxa ElizegiEgilegor

Emakumezko presidentegai bat izango du lehen aldiz eskuin tradizionalak. Militanteen botoen %61 eskuratu ditu Ile-de-France eskualdeko hautagaiak primarioetako bigarren itzulian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.