G7koen mundua datutan

2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Datorren abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen G7koek egingo duten gailurra dela eta, herriz herri G7 EZ Plataformak antolatzeko eskaintzen ari garen hitzaldi sortan behin eta berriz atera da eztabaidarako datuen beharra. Iritzi artikulu honen helburua datu batzuk eskaintzea da, argumentu gisa erabiliak izan daitezen. Inork zalantzarik izan ez dezan, kapitalismoak mundua dominatzeko osatu duen Munduko Bankuak bere 2018. urteko balantzean erabilitako datuak dira gehienak, beraienak beraz. Eta, halere, beldurgarria da erakusten diguten munduaren argazkia.

Pobrezia endemikoa eta lurralde desoreka. Azken 30 urteetan pobrezian bizi den pertsonen kopurua da handitu dena eta ez bizimodu duina dutenena. 1.000 milioi lagun pobrezia larrienetik atera omen dituzte, baina pobrezian bizi direnen poltsa gizenduz. Halere, egun, beste 736 milioi pertsonak pobrezia larrian jarraitzen dute oraindik, eguneko 2 dolar baino gutxiagorekin. Gehienak Sahara azpiko Afrikan daude. Lurralde horiek %34,4 ziren 2011n eta % 36 ziren 2015ean. Azken urteetan zifra hori handitu da, zalantzarik gabe.

Migrazio fluxuaren indartzea. Pobrezia edota gerraren ondorioz, 68,5 milioi lagunek indarrez bere lurraldea utzi behar izan dute. Horien artean 24,5 milioik atzerrira jo behar izan du. Horien artekoak dira urtero-urtero migrazioan hiltzen direnak, bai Europar Batasunaren atarian, Mediterraneoan, edota Estatu Batuetako mugan. Salvinik eta Trumpek, adibidez, arduradun zuzenak dira.

Aldaketa klimatikoa areagotzea. Desastre ekologiko itzuligabeari muga jarri zaion 1.5ÂșCko berotze klimatikotik gero eta gertuago gaude eta, okerragoa dena, ez da noranzkoaren aldaketarik aurreikusten. CO2ren isurketari jarri zaizkion mugak ez dituzte errespetatu. Cop21eko akordioak Trumpek ez ditu onartzen eta besteek ez dituzte betetzen. Ondorioz, datozen bi hamarkadetan Afrikaren hegoaldean, Asian eta Latinoamerikan 140 milioi migratzaile klimatiko sortuko dira.

Airearen eta uraren pozoitzea. Munduko biztanleriaren %91k ez dute kalitatezko airerik arnasten, kutsadura munduko bazter guztietara zabaldu delako. Munduan zazpi milioi lagun hiltzen dira urtero arnasten duen aire kutsatuaren ondorioz. Nola ez, kutsadura honetan ere zerikusi zuzena du munduan ia inon egiten ez den hondakinen behar bezalako birziklatzeak eta errauste politikek. Azken hilabete honetan zeresan handia ematen ari den itsasoaren plastiko bidezko kutsadura ere horren lekuko da.

Emakumearen bazterketa integrala. Egun 2.700 milioi dira gizonek dituzten eskubide eta baldintzak ez dituzten emakumeak. Maila guztietako oztopoak jasaten dituzte emakume horiek, oztopo sozialak, ekonomikoak, sexualak... 104 estatutan emakumeek ez dute nahi duten lanean aritzeko eskubiderik. 59tan eraso sexisten aurkako lege babesik ez dute eta 18tan senarrek emazteek ezin dutela lan egin erabaki dezakete. Nola ez, lan beraren truke gizon eta emakumeen soldataren berdintasuna ez da ia inon ematen, baina arrakala handia da, bereziki Estatu pobreenetan. Toki askotan, gainera, hezkuntza ere ukatzen zaie neskei, emakumeak analfabetoak bihurtuz.

Haurrak ezin hazi eta hezi. Urtero 1,6 milioi haur hiltzen da munduan bere lehen urteetan izandako hazkundean atzerapenak direla medio. Eta beste 150 milioiek atzerapen seinale argiak dituzte, lehen urte horietan izan duten elikatze eta zaintza desegokiaren ondorioz pairatu dituzten gaixotasunengatik. Nola ez, haur horien gaztetako atzerapenek ondorio larriak dituzte haur horien ondorengo bizitza osoan, bai afektiboan, zein profesionalean. Nahikoa ez balitz, egoera hori pairatzen duten haurrak nagusiki estatu pobreetakoak izanik, ez dute dagokien benetako hezkuntza proiekturik ere. Hazkunde atzerakadari hezkuntza mailako atzerapena gehitu behar zaio. Egun, gutxienez 260 milioi dira inolako hezkuntzarik jasotzen ez duten eta miseria gorrian bizi diren eta kondenatuak dauden haur eta gazteak.

Urbanizatze neurrigabea. Adituek diotenez, 2050. urtean munduko biztanleriaren %70 inguru zonalde urbanizatuetan biziko da. 1960an, %30 ziren eta 2018an, %55. Baina urbanizatze tasaren %90a estatu pobreenetan edota hazkunde prozesuetan murgilduta daudenetan emango da, Afrikan eta Asian nagusiki. Ondorio nabarmenenak bi dira: lehena, nekazaritza eremuaren hustuketa larria ekarriko du, hiriekiko desoreka areagotuz. Eta, bestalde, urbanizatze hori estatu pobreenetan emango denez, beste 1.000 milioi lagun bizi baldintza duinik gabe, auzo pobre edota faveletan bizitzera kondenatuak izango dira, horrek dakartzan ondorio larriekin familiako arloan, sozialean, ekonomikoan, laboralean...

Aniztasunaren aurkako uniformizazioa. Nazio Batuetan 200 estatu inguru daude, baina UNESCOk aitortzen duenez, 6.000 inguru dira munduko hizkuntzak. Ondorioa argia da: munduko ia hizkuntza guztiak estatuaren defentsarako mekanismorik gabe daude. Gauzak aldatzen ez badira, eta ez dirudi hala izango denik, datozen 100 urteetan ehunka hizkuntza, kultura, herri desagertuko dira, asimilazio prozesu bortitzaren ondorioz. Tamalez, G7koen eskutik munduaren kultur eta hizkuntza uniformizazio basatiena indartzen ari da. Unibertsitatera iristen diren jatorrizko herrietako kide oso gutxien artean, %2k soilik gordetzen dute bere ama hizkuntza ikasketen amaieran Latinoamerikan, adibidez. Kultur genozidio argia.

Gauzak horrela, bi dira Miarritzeko G7koen gailurraren aurrean egin behar ditugun lanak. Lehena, Euskal Herrian, mundu beste tokietan bezalaxe, bestelako mundu baten alde lanean ari garela erakustea da, Irun-Hendaian abuztuaren 21, 22 eta 23an Europako eragile alternatibo eta ezkerrekoekin antolatutako kontra gailurrean parte hartuz. Eta, bigarrena, munduaren aurrean G7 salatzeko abuztuaren 24an, 25ean eta 26an antolatuko diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzea da. Bitartean uztailaren 13an Miarritzen dugu hitzordua manifestaldi nazionalean. Informazioa osoa duzue g7ez.eus web orrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.