Hiru erronka, hiru aukera

Koldo Tellitu - Ikastolen Elkarteko lehendakaria

2019ko uztailak 13

Iragan astelehenean, egun beteko jarduna izan genuen UEUren aurtengo ikastaroen barnean, ikastolon izaera kooperatiboaz hausnartu eta etorkizuneko erronken/aukeren gainean gogoeta egiteko. Artikulu honetan ezinezkoa da guztia laburbiltzea, baina hiru puntu azpimarratu nahiko nituzke han jasotakoa hona ekartzeko.

Publikotasun berri bat. «Ikastolak eta kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila» izenburua zuen UEUk antolatutako jardunaldiak. Publikotasun eredu berri bat ari gara aldarrikatzen ikastolak azken urte luzeetan, eta publikotasunaren definizio berri bat nahi dugu euskal hezkuntza sistemarentzako. Publikoa-pribatua edota estatua-merkatua dikotomiatik at, badago hirugarren bide bat, Euskal Herrian alor askotatik jorratu dena, horietako bat ikastolek, administrazioak bermatzen ez dituen alorretan komunitateak landu duena, herri ekimenez: proiektu komunitarioak. Horregatik, guk publikotasuna ez diogu titulartasunari lotzen, baizik eta komunitatearen logikari. Gizarte beharrei herriak erantzuten die. Azken finean, komunitateen logikatik datozen balioak instituzionalizatzean datza kooperatibismoa. Demokrazia sozialaren ikuspegi berritua dakarte kooperatibek. Horrelako mugimenduok gizartea beste era batera antolatzeko ezinbesteko baldintza gara. Horrela hezkuntza zerbitzu publikoaren kudeaketaren inguruko planteamendu berritua, planteatzen ari garena, ezin da hondar-aukera edo koiunturala izan, baizik eta gizarte zerbitzuen kudeaketa era berriak, deszentralizatuago, berritzaileago eta eraginkorragoak, ahalbidetuko dituen aukera bezala, sektore eta aktore berriak erabakien eremu publikoan sarraraziko dituena; horrekin, komunitate logikan oinarritutako mugimenduok bihar-etziko ongizatearen diseinu arrazionalago baten erdigunean lekua aurkitu behar dugu. Espazio hori merezi dugula uste dugu, eta horregatik eskatzen dugu legezko aitortza. Uste dugu, gainera, hezkuntzari gagozkiolarik, sistema osoarentzat onuragarria litzatekeela, ez soilik ikastolentzat.

Parte-hartzea. Kooperatiba gara ikastolak. Ez da formula juridiko hutsa, helburu bat adierazten du: benetako partaidetza lortzea, ikastolen erabaki organoetan hezkuntza komunitateko partaideek —titulartasuna gurasoena soilik edo guraso eta langileena izan— elkarrekin har ditzaten erabakiak. Horretarako nahi dugu titulartasuna; ikastetxearen erabaki nagusiak hezkuntza komunitatearen esku egoteko: hezkuntza proiektua definitzea, barne antolaketa zehaztea, baliabideen kudeaketaz erabakitzea edota langileriaren kontratazioa batzorde parekideen bitartez egitea. Proiektuaren ardura gurea delako. Partaidetza sozialean oinarrituriko erakunde kooperatiboak izanik, titularren/bazkideen partaidetza zuzena, formazioa, norberaren interesen adierazpena eta kudeaketarako eraginkortasuna zaindu eta bermatu behar ditugu ikastola kooperatiba bakoitzean. Ez da eginkizun makala garaiotan. Baina, era berean, gurasoek euren seme-alaben hezkuntzarekiko duten ardura eta interesa oso handia da. Formulak bilatu eta garatu behar dira, beraz, parte-hartze hori bermatzeko eta sendotzeko, aukera desberdinak, malguak, erakargarriak eskainiz. Erronka da, baina aukera ere bai guztien parte hartze zuzena, atxikimendua eta elkarlana sendotzeko.

Interkooperatibismoa. Ikastolok hezkuntza dugu ardatz. Baina ez gara soilik ikastetxeak; gizarte mugimenduaren nortasuna izan dugu hasieratik. Eta izaera komunitarioa duten beste erakunde batzuekin elkarlanean aritu gara eta ari gara, hezkuntza gaietan eta hezkuntza gaiez harago. Azken finean, interkooperazioa ere aspaldi dago gure izaeran. Kontua da, benetako eraldaketa nahi badugu, eta kooperatiben helburu nagusietako bat da hori, xede bera dugun guztion arteko elkarlana funtsezkoa izateaz gainera, hura lehenetsi behar dugu gure egunerokoan; hau da, bai elkarlan proiektuetarako kideak nahiz gure zerbitzu eta produktu hornitzaileak ere kooperatibak izatea lehenetsi behar dugu. Esan beharrik ez dago horrek zer erronka dakarkigun, baina, era berean, zenbat aukera irekitzen dituen, ikastolentzat bezala, ikastola horiek txertatuta dauden herrientzat.

Hiru ideia hauek azpimarratu eta gero, aurreratu nahi dizuet ikastolok gogoeta prozesu bati ekin diogula, bai gai hauen inguruan, eta baita beste zenbaiten inguruan ere (hezkuntza, euskara, integrazioa...). Gogoeta prozesu hau Ikastolen VII. Biltzarren barnean egingo dugu. UEUren jardunaldia, beraz, baliotsua egin zaigu gogoeta prozesu honen abiaburuaren hitzaurre gisa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.

Sindikatuek jantoki zerbitzua bermatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian ©luis jauregialtzo / foku

Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako

Irati Urdalleta Lete

EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.

PCR probak, Urdulizko ospitalean. ©Aritz Loiola, FOKU

Positibo gutxiago atzeman dira

Uxue Rey Gorraiz

Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna