Hizkuntza-desleialtasunak: euskara erdigunean!

2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hasier Arraizen Euskara eta desleialtasunak artikulua (2019-07-20) gogoeta-eragile gertatu zait, bereziki ama-hizkuntza erdararekin desleial izan den eta izan beharra aldarrikatzen duen batengandik datorrelako.

Ama-hizkuntza euskara dugunok euskararekiko desleial askotxo ezagutu dugu eta ezagutzen dugu. Jakina, graduak daude. Ama-hizkuntza beren adinekoekin bakarrik erabili ohi dutenak, seme-alabekin ez; seme-alabekin bai, baina senar-emazteek elkarrekin ez, eta lagun-taldean ere ez; hitz egiteko bai, idazteko ez... mila aldagai eta arrazoi eta erdi-arrazoi eta aitzakia eta erdi-aitzakia.

Ama-hizkuntza euskararekiko desleialtasunak aipatu orduko Xalbador zenaren Herria eta hizkuntza bertsoak datozkit gogora: «Iragan egun batez, ostatu batean/bi lagun ari ziren ez ba ta ba betean/(...) Bat herria goratzen arrotz baten gisa,/arrotz nahiak berriz herriaren hitza,/gureak ja egin du, gaiten garbi mintza,/lano pean bezala galduak gabiltza,/ez daizke bi nagusi batean zerbitza!». Hizkuntza eta herria elkarri lotzeko oihu minbera bezain ederra da Xalbadorrena. Ederra eta garbia eta minbera, baina pentsatu eta neurtitzetan paratu zen garaian ere atzeraka zetorrena Euskal Herri euskaldunenean —Nafarroa Behereko laborari, artzain eta ofiziale herrixka euskaldunetan—, eta, jakina, Iparraldeko kostaldeko herri erdaldunduetarako urruna, arrotza, hizkuntza-ordezkapena hagitz aitzinatuagoa izaki.

Hasier Arraizen artikulua, aldiz, ordezkapen-zantzu nabarmenetatik ez, baizik eta berreskuratzetik abiatzen da, aspalditxo erdaldundutako Gasteizko hizkuntza-berreskurapenetik, apala nahi baduzue, baina berreskurapena, ama-hizkuntza erdararen alderako desleialtasunetik etorki: «Zenbat jendek uko egin dio gure lurralde txiki honetan bere eremuan nagusi den (ala zen) ama hizkuntzari euskaraz bizi izateko? Milaka eta milaka euskal herritarrek gaztelaniarekiko eta frantsesarekiko «desleial» izatea erabaki(tzen) dute, normalean, beren barnean dauden arrazoi ideologikoak edo politikoak direla medio».

Jakina, hori, ez da batere erraza; nago erdaratik euskarara igarotzeko urrats zail horien balioa aitortzeko sentiberenak ama-hizkuntza euskara dugunok garela, hizkuntza ezberdina ikasi beharra zer den badakigulako. Bere hitzetara etorriz, aurkako diglosia-egoera latzari aurre egitea erronka sekulakoa da; eta «euskaraz bizitzearen aldeko sare indartsua behar-beharrezkoa da, bizitzaren arlo desberdinetan euskara erabiltzeko aukera emango duen sarea, baita euskaraz bizi beharra gure bizitzen erdigunean jarriko duena ere».

Gasteizen, filologiako ikasle zenetik hona, ordea, gauzak aldatu egin dira: «Mundu hau nekez adieraz dezakegu garai hartako kontzeptuekin, eta, ondorioz, mundu hau adierazteko eta hartan gure tokia bilatzeko kontzeptu (eta eredu) berriak beharko ditugula». Hori irakurrita, galdera hauxe sortzen zait: hogeita bost urteotan zer aldatu da, bada, gure gizarteari eta hizkuntzari dagokiola? Honako gertakari soziopolitiko hauek bururatzen zaizkit labur-zurrean: SESBen desegitea eta 2001eko Dorre Bikien atentatuaren ondoko estrategia; migratzaileen etorrera ugaria; ETAren eta estrategia politiko-militarraren desagerpena; nazionalismo espainolaren berrindartzea; eta, sakelako telefono eta teknologia digitalaren hedapen alimalekoa, azken urteotako euskararen erabileraren geldierarekin batean, ez aurrera ez atzera.

Ideologikoki hurbilekoen dituenei kritika egiten die honela dioenean: «Aitortu behar dut euskara bide bazterrean uzteko erabaki orok harritu egiten nauela. Ez da plaza publikoan euskaraz egiten ez dugulako, baizik eta agenda gehienetatik, erdigune politikotik, euskara bat-batean aienatu delako. [...] Nonbait, euskara erdigune politikora ekartzeak gaur egun erosoa ez den identitate ardatzaren gainean kokatzen gaitu, eta, ondorioz, euskal gizartearen baitan gehiengo berriak osatzeko asmoz gure erakarmen ahalmena gutxitu egiten omen du».

Diosku iraganari begira ez, baizik eta etorkizunera begira eman behar diogula euskarari aterabidea: «Nolako komunitatea osatu nahi dugun eta haren barnean nola komunikatu nahi dugun kontatu behar dugu».

Balioak ez ditu zehazten; euskara erdigunera ekartzeari ematen dio lehentasuna, taldekideak horretan uzkur ikustearen eraginez edo, eta, euskal identitateaz, partekatzen ez dudan halako arbuio moduko bat agertzen du. Sabino Aranak zehaztutako euskal identitateari erakusten diola mespretxua ulertu behar ote da?, zeren Krutwig eta Txillardegiz gero, euskara da euskal identitatearen ardatz.

Euskaltzale guztiok berarekin bat egingo dugu honetan: «Komeni da euskararen erabilpena suspertzeko estrategia berriak ideologiari bainoago hizkuntzaren prestigio sozialari lotzea». Hori instituzio guztiei dagokie. Eta, azkenik, euskararen erabilera suspertzeko estrategia berriak Euskal Herriko hiriguneetan sortu eta saiatu beharra azpimarratzen du.

Halaber, amaierako hitzokin ere nola ba, bat ez etorri: «Desleial izateko ausardia aldarrikatu nahi nuke. Ausardia, euskara erdigune politikora berriro ekartzeko; (...) ausardia, euskara arnasguneetatik ateratzeko eta hirigunean aurreiritzirik gabe beste hizkuntza batzuekin nahasteko, zikintzeko, errazteko... edozein gunetan edonoiz hitz egingo den hizkuntza izan dadin».

Lortuko al du taldekideak konbentzitzea? Ai halako bat! Nahiago nuke Eusko Jaurlaritza eta EAJ norabide horretan balira. Nolanahi ere, Arraizen iritzi-ildo horri norabide onekoa deritzot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.