Joxerramon Bengoetxea.

Prorogation eta 'lagun faltsuak'

2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Lagun faltsuak edo false friends esaten zaie itzulpengintzan berdinak diren, baina esanahi desberdinak dituzten hizkiei. Adibide tipiko bat, ingelesa eta gazteleraren artean «constipation» dugu. Prorogation ere halako adibidea da. Erresuma Batuko Gobernuko lehen ministroa den Boris Johnsonek bertako Parlamentua etetea «prorogue» (luzapena) ingelesez — erabaki du, horretarako Erreginari instrukzioak eman dizkiolarik. Erreginak formalki parlamentuaren aurrean lehen ministroaren urte politikorako egitasmoen berri ematen du diskurtso batean. Behartuta dago erabaki politiko hori errespetatzera. Formaltasun hutsa izanik ere, diskurtso horrek bistaratzen du gobernua bere maiestatearena dela, Her Majesty's Government, hain zuzen ere, baina Erregina ezin dela politikan nahastu. Erresuma Batuaren kultura politikoan eta konstituzio zuzenbidean, subiranotasuna eta «estatu» buruzagitza Erreginarenak dira, baina Parlamentuan, the Queen in Parliament. Azken hitza Parlamentuak dauka, eta honek bere burua deusezta dezake: Parlamentuak hartzen duen azkeneko erabakiak balioko du. Beraz, erabaki politikoak Erreginaren gobernuak hartzen ditu, alegia, lehen ministroak, eta Parlamentuak berrestea ala ukatzea dauka, Parlamentuaren gehiengoen arabera.

Boris Johnson brexit gogorra gauzatzeko asmotan dagoenez, eta Parlamentuan une honetan dagoen gehiengoa horren kontrakoa denez, irteera gogorra gauzatzeko neurri erradikalena hartua du Johnsonek: oztopo den Parlamentua bertan behera uztea lau astetarako. Horrela ,Parlamentua berriz eratzen denean, ez da nahikoa astirik izango brexit gogorra eragozteko, eta urriaren 31n Erresuma Batuak Europar Batasuneko kide izateari utziko dio, adostuta zegoen bezala. Izan ere, Theresa May lehen ministro ohiak egun hori arte «luzapena»— oraingoan literalki — adostu zuen Europar Kontseiluarekin negoziatutako akordioa Parlamentuan onartzeko esperantzan. Bitartean, enegarren aldiz akordioaren arbuiatzea ekiditeko, bere dimisioa aurkeztu zuen, etatoryen buruzagitzarako primarioetan Boris Johnson atera zen garaile. Bere bandera hori izan da: nik aterako dut Erresuma Batua Europatik.

Gertakizunak azkar eta modu aurreikusezinean gertatzen ari dira britaniar politikan, eta gai honen inguruan ezer idazteak oker ibiltzeko arriskua dakar. Beraz, irakurle, indulgentzia eta ulermen zabaltasuna eskatzen dizkizut. Une honetan, dagoen egoera politiko nahasian, badirudi Parlamentuan mozio bat aurkeztuko dela akordiorik eza eragozteko; hain zuzen ere, luzapena 2020ko urtarrilaren 31 arte, Parlamentuak EBrekiko akordioa berretsi edo akordiorik gabeko irteera onartu ezean. Boris Johnsonek parlamentari errebeldeak alderditik botatzeko mehatxu egin arren, ezin izango ditu Parlamentuan kontrolatu, eta horren aurrean Parlamentua desegin eta urriaren 14rako hauteskunde berriak deituko dituela esana du, urriaren 3n brexit-a gauzatzeko asmoz. Johnson-ek uste du parlamentari errebeldeak alderdi kontserbadoretik botatzen badira ezin izango direla alderdi horren izenean berriro hauteskundeetara aurkeztu, baina hori ere ez dago argi, zeren udaletako alderdi batzordeek erabakitzen baitute nor izango den zirkunskripzio bakoitzeko hautagaia. Halere, lerrook idazten ari naizela, toryek DUPren laguntzarekin legegintza akordioan zeukaten gehiengo doia galdu berri dute, Philip Lee LibDems alderdira pasa eta gero. Zalantzaz beteriko egoera honen inguruan hiru iruzkin egitera mugatuko naiz, tentu handiz ibilita ere.

Prorogation neurri erradikala da. Egia da aldi batzuetan «etenaldiak» edo oporrak hartzen direla, eta egia da, hilabete hau, iraila, kultura politiko britaniarrean alderdi politikoen kongresuetako garaia izaten dela. Baina horrelako asmo politikoekin Parlamentua eskegitzea iraultza «exekutibo» moduko bat da, izaera demokratikoa bera kolokan jartzen duena. Hilabete eskas baterako izateak ez dio seriotasunik kentzen. Subiranotasuna Parlamentuan dago, eta «iraultza aintzatetsiaren» garaitik ez da horrelako lurrikararik sortu subiranotasunaren inguruan, eta ez dago gogorarazi beharrik Oliver Cromwellek zelan bukatu zuen. Baina horren atzean Johnsonek estrategia garbi bat dauka: bere burua aurkeztu nahi du herriaren ordezkari eta mandatari gisa. Hona bere sofisma: herriaren gehiengoak brexit bozkatu zuen —nolako brexit-a nahi zuten argitu gabe eta lurraldeka emaitza oso desberdinak aterata, Eskozia eta Ipar Irlanda, kasurako, zeinetan galdera ikurrak ugaritu egiten diren—, eta Parlamentua da hain justu gogo horri oztopoak jartzen ibili dena. Beraz, Parlamentua da benetako demokraziaren arerio. Horren aurrean, estilo «trumpeskoa» erabiliz, Brexit party-ri aurre hartu nahi dio Johnsonek. Izan ere, brexita gauzatzen bada, alderdi horrek ez luke zentzu askorik, eta orduan berriro ere toryen garaipena ziurtatzeko moduan leudeke. Horren inguruan beti erabili izan dituen gezurrak, iruzurrak, trikimailuak erabiliz, bere Churchill hain miretsiaren lekukoa hartu duelako irudiarekin jokatuz, garaitzeko asmoa du. Lagun faltsu asko dago britainiar politikan une honetan, eta fratrizidioa nagusitu da, aspaldi, toryen artean. Azken finean, euroeszeptizismoa eta eurofobia gezur eta zimarkuez elikatzen ibili dira Thatcherren garaietatik. Betiko britaniar pragmatiko zein ironikoaren irudia Londresko behe lainoan galdu da, nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.