Alardea: iruzurren gainetik konponbideari aukera eman

Garikoitz Lekuona Izeta
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Lehenengo iruzurra: Ez da eskubide bat

Hainbat emakumek, hainbat urtez, Alardean parte hartzeko eskaera egin eta ez zuten erantzunik jaso. Garai hartako alkateak, eskaerak berdintasun eskubidearekin zerikusirik ez zuela eta, auzitegiek bestelakorik esan ezean, onartezinezko eskaera antzutzat jo zituen.

Auzitegira jo eta auzitegiak arrazoi eman zien: berdintasunean desfilatzeko eskubidea oinarrizko berdintasun eskubidearen adierazpen bat da. Alkatea, epaiak hala aginduta, emakumeen parte hartzea bermatzera behartua zegoen.

Bigarren iruzurra: Alardearen pribatizazioa

Aldiz, emakumeek ezin izan zuten hurrengo Alardean parte hartu. Guztion ondare kulturala den Alardearen antolaketa pertsona gutxi batzuen eskuetan utzi zuen udalak, eta, epaiari izkin egiteko, manifestazio eskubidearen forma legalaren babespean egin zen Alardea. Auzitegiek agindutakoari izkin egiteko helburuz onartutako Alardearen pribatizazioak badu bere izen juridikoa: iruzur legala.

Errekurtsoa tarteratu eta auzitegiak arrazoia eman zien: Alardea ezin zen manifestazio eskubidearen aterkipean ospatu. Herriko kaleetan zehar ospatzen denez, espazio publikoan, ezin da emakumeen parte hartzea oztopatu.

Diskriminatzaileek Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legean bilatu zuten hurrengo babes legala.

Alarde pribatua Alarde Fundazioa delakoak antolatzen du geroztik, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ezin izan zuten fundazio gisa erregistratu helburu diskriminatzaileak dituelako. Horregatik, nafar legerian zegoen zirrikitu bat baliatuz, Nafarroan erregistratu, eta han ezarri zuten egoitza legala. Geroztik, Nafarroan ere legedia aldatu, eta inork ez daki legalki zer diren egun.

Hirugarren iruzurra: Auzitegi Gorenak ez zuen bere lana egin

Alardea pribatizatu eta Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legearen babespean antolatzen hasi zirenean errekurtsoa tarteratu eta auzitegien erantzuna aldatu egin zen. Auziaren gakoa berdintasunean parte hartzeko eta Alardea festa pribatu gisa antolatzeko autonomia pribaturako eskubideen arteko erlazioa modulatzea, mailakatzea zen. Bi eskubideen arteko mailaketa bat egitea. Baina hori egin beharrean, funtsezko eztabaidatik irten eta diskurtso berri bat mahai gaineratu zuen, iruzur aurrekari guztiak aintzat hartu gabe, pribatizazioaren azken helburuaren funtsean sartu gabe: herriko festa jada pribatizatuta zegoenez, nahi eran ospatu zezaketen Alardea diskriminatzaileek eta emakumeek, desfilatzekotan, antola zezatela beren Alardea!

Laugarren iruzurra: Berdintasun arazoa dena elkarbizitza arazo bilakatzea

2015. urteko Udal eta Foru Hauteskundeak kolore aldaketa ekarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundian. Gobernu jeltzale berriak, lau urtez alardeen inguruan lanean zebilen mahai inter-instituzionalaren jarduerari amaiera eman zion, ez ofizialki, baina bai praktikoki. Emakunde, Arartekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzak osatutako mahaia ez da geroztik elkartu. Hondarribian bizi den Markel Olanok Alardeen afera Berdintasun Sailaren egin beharretatik kendu eta Elkarbizitza Sailera eraman zuen. Mezua garbia da: Irunen eta Hondarribian ez dago berdintasun eskubidearen inguruko arazorik, Alardeak ulertzeko modu desberdinak daude. Elkarbizitza arazo bat dago, eta, elkarbizitza arazoa denez, elkarbizitzarako neurriak bilatu ditzagun.

Auzitegiak zabaldutako diskurtso berriari tira eginez, berdintasunean parte hartzeko aldarria edukiz hustueta gaia kale erabileraren antolaketa kontu batera, ordutegi kontu soil batera murriztu nahi dute; batzuek Alardea pribatizatuta jarraitzeko eta emakumeen parte hartzea oztopatzeko eta besteek, ordezkari publiko bezala, auzo lotsa ekiditeko eta sasi-konponbidearen bidez beren gaitasunik eza estaltzeko. Bide orria argi dute, eta horregatik saiatzen dira liskarra sortzen Kale Nagusiko igoeran, berdintasun aldarri bat dena segurtasun afera bat bilakatzeko. Elkarbizitza arazo bat irudikatu eta egiazko eztabaidari izkin egin eta beraien aldeko ordutegi aldaketa lortzeko. Hortik iazko bortizkeria, hortik alkatearen ordutegi aldaketa proposamena.

Konponbideari aukera

Diskriminatzaileen eta hauspoa ematen dieten gainontzeko instantzien bide orria argi dago. Eskubide kontua dena elkarbizitza arazo bezala saldu, eta Irungo bi alardeen eredu zatikatzailea Hondarribian ere sustatu.

Baina norbaitek egiazki elkarbizitzaren alde egin badu, hori Jaizkibel Konpainia izan da. 26 urte daramatza ezartzen zaizkion ebazpenak betetzen, elkarrizketa ekimen guztietan parte hartzen, herriko kaleetan elkarbizitza eta normalizazio espazioak ahalbidetzen, urteroko bortizkeriaren aurrean duintasunez desfilatzen, indarkeria oro salatzen eta elkarrizketa eta errespeturako mezuak zabaltzen. Jaizkibel geldiezina da, arrazoian eta eskubidean oinarritutako konpainia delako. Eta horregatik, Jaizkibelek ekimena hartu eta lehen konponbiderako proposamena plazaratu beharra du. Jaizkibel Konpainiak abiapuntuko elkarpuntua izan daiteken konponbiderako proposamena egin beharra dio Hondarribiko herriari.

Malgua eta denboran zehar adostasunaren bidetik garatzeko aukera eskaintzen duen proposamena. Elkarbizitza ahalbidetzeaz gain, «herri bat, jai bat» ideia ahalbidetu dezakeena. Herriaren gehiengoak desiratzen duen konponbidenahian kabida izan dezakeena.Hori eta gehiagorako gai da Jaizkibel Konpainia. Bere sorreratik jakin izan du oztopo eta iruzur desberdinei zintzotasunez eta inteligentziaz aurre egiten, eta Jaizkibelek egin ezean, beste inork ez du konponbiderako proposamen zintzorik egingo. Orain arte inork egin ez duelako eta nola egin ere ez dakitelako.

Orain da unea. #NiEreJaizkibelekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.