Santuen izendegia eta Nafarroaren konkista

2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ignazio Loiolakoa, Gipuzkoako patroia 1620tik, eta Bizkaikoa 1680tik. Azpeitian jaioa, 1491. urtean. 1512an Gaztelako tropek Nafarroa konkistatu eta gero, matxinada bat egon zen erresuma zaharra berreskuratzen saiatzeko, eta, hala, 1521ean, Iruñeko Gudua egin zuten. Ez naiz sartuko Nafarroa berriz konkistatzeko matxinadaren xehetasunetan, baina esango dut Iruñeko gotorlekua defendatzen zuten Gaztelako soldaduen arteanIñigo Lopez Loiolakoa kapitain gipuzkoarra zegoela, gero San Ignazio Loiolakoa izango zena eta zauritu egin zutena. Gotorlekuari erasotzen ari zirenen artean Mikel eta Joanes zeuden, Frantzisko Xabierkoaren bi anaia.

Frantzisko Xabierkoa, Nafarroako patroia 1621etik.

1506an jaioa, Xabierko gazteluan. Haren aita, Joanes Jatsu, Xabierko jauna zen, eta Joanes Albretekoaren eta Katalina Foixkoaren kontseilu errealeko presidentea ere bazen. Frantziskoren familiari kendu egin zizkioten jabego guztiak, eta moztu egin zuten gazteluaren dorrea, gobernadoreak aginduta, Cisneros kardinalak alegia.

1524an, Nafarroa Garaia Gaztelako Erresumaren esku geratu zen, Nafarroaren mende zegoen Hondarribiko gotorlekua erortzearekin; Nafarroa Behereak, aldiz, Pirinioen iparraldean, Joanes Albretekoaren esku segitu zuen, Frantziaren eraginpean.

Nafarroa Garaiko instituzioek, pribilegioek eta erresuma izendapenak bere horretan jarraitu zuten XIX. mendera arte, eta, orduan, foru probintzia bihurtu zen. Nafarroa Behereak erresuma estatusa mantendu zuen Frantziako monarkiaren lurraldeen pribilegioak ezabatu ziren arte, hau da, XVIII. mendearen bukaeran Iraultza gertatu arte.

Ignazioren eta Frantziskoren familiak urrunduta zeuden pertsonalki eta politikoki, baina, Frantziskok elizgizon karrera abiatu eta Parisera alde egin zuenean, elkar ezagutu zuten; lagun onak izan ziren, eta elkarlanean ere aritu ziren.

Azkenik, San Prudentzio, Arabako patroia 1650etik.

Haren bizitzaz ditugun datuak nahasgarriak dira, eta kontakizunetatik eratorriak, baina Soriarekin eta egungo Errioxarekin lotuta daude. San Prudentzioren bizitzak ez du zerikusirik Nafarroako Erresumaren konkistarekin, baina Arabak bai: Arabako Batzar Nagusiak beti izan zaizkio leialak Gaztelako koroari, eta beti babestu izan dute.

Kontuan izanda Gipuzkoakoeta Bizkaiko Batzar Nagusiek nor izendatu zuten patroi, argi dago zeren aldekoak ziren. Bitxia da, baina euskal probintziek 1620 eta 1680 artean izendatu zituzten beren patroiak. Nafarroa 1524an konkistatu zuten guztiz; Nafarroa Behereko probintziak (egungo Iparralde), aldiz, gune nafar-frantsesean geratu ziren. Agian Frantziaren eraginpean egoteagatik ez zuten izan patroirik, han protestanteen eragina baitzuten, eta ez katolikoena.

Jakina da gerrak, konkistak eta espedizioak garestiak zirela eta monarkiek ezin zietela aurre egin halako gastuei; horregatik, merkataritza elkarteak sortu ziren, partikularrek bultzatuta, halako gertaerei erantzuteko eta etekinak banatzeko. Oraindik egiteko dago Nafarroaren konkistaren analisi ekonomiko bat egungo ideologiak kontuan izan gabe, garai hartan ez baitziren existitzen.

Dena dela, elkarte garrantzitsu bat sortu zen, Jesusen Lagundia izenekoa. 1534an sortu zen, aita santuaren menpean, eta izan zuen zerikusirik Nafarroako Erresumaren arazoarekin. Konpainia hori abian dago oraindik, eta boterea du orain ere.

Julio II.a aita santuak Pastor Ille Caelestis bulda argitaratu zuen 1512ko uztailean, Fernando Katolikoak eskatuta, Nafarroa konkistatzeko babesa eman ziezaion, eta Exigit Contumatium bulda ere argitaratu zuen, 1513an. Bulda horietan, Nafarroako errege-erreginak eskumikatu zituen, Elizako zisman inplikatuta egotea egotzi baitzien Luis XII Frantziako erregeari laguntzeagatik Estatu Pontifikalen aurkako gerran, eta, hala, legitimatu egin zuen Fernando Katolikoak aurreko urtean Nafarroa konkistatu izana.

1512an, Julio II.a aita santuak Nafarroa konkistatzeko eskubidea aitortu zion Fernando Aragoikoari, bulda baten bitartez. Bulda horretan, Eliza katolikoak errege-erregina batzuk tronutik kendu zituen lehen aldiz; hala, Gaztelaren esku utzi zuen Nafarroako Erresuma, eta Gaztelakoek gogor eraso zioten Nafarroari.

Julio II.a aita santuak tronutik kendu zituen Albretarrak, Nafarroako errege-erregina legitimoak, eskumikatu egin baitzituen. Aita santuak dekretatu zuenez, jabari publikoaren esku geratuko ziren Egoitza Santuaren aurka jarduten zutenen ondasunak, baita haien aliatuenak eta Frantziari lagundu ziotenenak ere, «harrapatzen dituena haien jabe bihur dadin». Buldek ez zituzten modu esplizituan aipatzen Nafarroako errege-erreginak, baina, aurrerago, zisma eta heresia delituak egotzi zizkieten Joanes eta Katalina Albretekoei. Zigor gisa, eskumikatu egin zituzten, eta ondasun guztiak kendu zizkieten, erresuma barne. Gaztelak aita santuari lagundu zion Estatu Pontifizioen gerran, eta, beraz, Aliantza Santu horren kapitulazioan, Nafarroa espresuki aipatzen ez den arren, aita santuak hura konkistatzeko eskubidea aitortu zion Fernando Aragoikoari. Gogoan izan behar da Gaztelako osteek ez zutela bakarrik garaitu Nafarroako Erresuma: Eliza ama santuak ere izan zuen zerikusirik horretan.

Garai hartan, Eliza katolikoan ustelkeria handia zegoen, eta Gaztela munduko lehen potentzia zen. Egoitza Santuak Italian zituen interesak eta Gaztela-Aragoirenak berberak ziren, eta, beraz, Frantziako erregearen interesen aurkakoak.

Eta hala batu zituen Jesusen Lagundiak Nafarroaren auzian Ignazioren eta Frantziskoren familiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.