Burbuila efektua

2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
2019ko apirilaren 29a. Milioika pertsonak lasaitasunez hasperen egiten dugu. Hauteskundeen ostean, Sanchezek irabazi du 123 eserlekurekin, eta Casadok porrot historikoa kudeatu beharko du 66rekin. Bestalde, Riverak, Iglesiasek eta Abascalek 57, 42 eta 24 eserleku eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Azkenengo zifra hori ere lasaigarria da; parlamentu demokratiko batean demokraziaren aurkako indar politiko bat sartu da, bai, baina espero genuena baino indar gutxiagorekin. Eskuin blokeak ezin du gobernatu, Ciudadanosek, PPk eta Voxek 147 eserleku dituzte soilik. Euskadik ere bere partea egin du, euskal diputatu guztiak gobernu aurrerakoiarekin konprometitu dira. Lasaitasunez egiten dugu hasperen hurrengo lau urteak behintzat salbatu ditugulako. Bloke «aurrerakoiak» kudeatuko du gobernua; gutxi hobe, deus ez baino!

2019ko azaroa. Espero genituen lau urte lasai horiek sei hilabete zaratatsu bilakatu dira. Inkesten arabera, Sanchezen igoera eten da, Casado gora doa, Rivera lur jota dago eta Abascal azaroak 28tik egindako tracking historikoen puntuaziorik altuenean dago. Bitartean, Iglesias muturreko eskuinaren sorpassoa ekiditen saiatzen da Errejonekin lehian dagoen bitartean. Azken horrek taldea osatzeko behar duen %5 hori urruntzen ikusten du egunero. Euskadin popularrek eserlekua berreskuratzeko aukera handiak dituzte.

Bai, badakit, tranpa egiten ari naiz. Benetako hauteskunde emaitzak inkesta eta tracking-ekin alderatzen ari naiz. «Inkestak inkestak dira», askotan esan dut. Baina inkestek tendentziak, alerta seinaleak islatzen dituzte. Eta badituzte ondorioak. Esate baterako, azkenaldi honetan eskuin blokea osatzen duten aktoreen artean eman den rol aldaketa nabaria da. Voxek Ciudadanosen eta Popularren agenda eta diskurtsoa markatzeko geroz eta botere handiagoa du, baita zenbait arrazoibide normalizatzeko ere, Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera direnean esandako astakeriak, adibidez.

Baina, zer gertatu ote da apiril eta azaro artean? Jakin, badakigu: bidegabekeria hutsa den epaia, mobilizazio masiboak Katalunian, istiluak kaleetan, indarkeria poliziala... Baina bereziki bi esparrutan eman den fenomeno antzeko bat, «burbuila efektua»: estatu mailako alderdi politikoak eta estatu mailako zenbait komunikabide burbuila batean sartu dira. Klase politikoak Kataluniako gatazka politikoa helburu elektoralistekin erabili du, estatuko beste leku batzuetan botoak gehitzeko estrategia gisa. Eta aldi berean prentsak (ez dakit nahita edo inertziaren ondorioz) audientziak handitzeko erabiltzen du Katalunia. Horrek ez du esan nahi estatu mailako politikari guztiek eta kazetari guztiek horrelako jarrera dutenik, inola ere ez, baizik eta (zoritxarrez) jarrera nagusia bihurtu dela hori.

Burbuila efektu honek esparru bi horietan utzikeria handia suposatu du. Klase politikoa errealitatetik (eta herritarretatik) emantzipatu da, eta horrek alferrikako bihurtzen ditu politikariak. Bestalde, komunikabideek gai eta eztabaida konplexuak argitzeko espazioak, kanalak eta ekosistemak sortzen lagundu beharko lukete, errealitatea argitzea baita beraien lana, baina askok hori iluntzen duten narratibak ekoizten dituzte etengabe.

PP eta Ciudadanos, Voxek bultzaturik, burbuila efektuan erortzea guztiz ulergarria da. Baina alderdi sozialista preso dago, eta hauxe galdetu beharko genieke: zein da zuen etorkizunerako proiektua? Estatu mailan, bai PSOEk baita Podemosek ere (nahiz eta alderdi bien jarrerak bestelakoak izan) irudimen politiko krisi batean murgildurik daude, ez dira etorkizunerako proiektu sendo, koherente, bideragarri eta itxaropentsu bat eraikitzeko gai. Katalunian gertatutakoa irudimen krisi horren eta burbuila efektuaren azkenengo ondorioa da, latzena, baina ez bakarra: autonomia estatuaren eredua aspaldi agortzen ari da, gure ekonomia eredua ezin da desindustrializazioan eta zerbitzuan oinarritu, gure azpiegiturak eta garraioak ezin dira horren zentralistak izan, etab. Bestelako ereduak behar ditugu, bestelako aukerak. Eta gaur egun pairatzen dugun aukera falta honek frustrazioa sortzen du, gogo-aldartean grina txarrak inposatuz. Klase politiko arduratsu batek ez luke hau onartuko, ez litzateke hauteskunde kanpainan egongo, baizik eta eztabaida hauek guztiak kudeatzen eta lantzen, irudimen politikoa izaten.

Etorkizuna arriskuan dago, eta arrisku hori ez da hirugarren, laugarren edo bosgarren hauteskunde batena, baizik eta azaroaren 11n gobernua Casadorena izatearena. Orduan, ezin izango dugu esan «gutxi hobe, deus ez baino». Hauteskunde hauek salbatzen badira, ordea, estatu mailako ezkerrak burbuila ziztatu beharko du behingoz eta errealitateaz arduratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.