Oraindik Bartzelonako suak itzaltzen ari direnean...

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
...azterketa pausatu bat egiteko aukera dugu. Epai injustuaren aurkako erantzunak guztiok zur eta lur utzi gintuen, zenbat jende mugiaraztea lortu zuen eta, batez ere, zelako erabakitasunez eta amorruz mugitu zen jendetza hura guztia. Halaber, epaia Espainiako hauteskunde errepikatuen atarian kokatuta, guztiok ikusgai izan dugu Pedro Sanchezen PSOE «berri» honek suizidio politikoa nahiago duela subiranisten kanpoko babesarekin gobernatu baino.

Bartzelonako kaleetan aurreneko aldiz «procés»-a delakoa hasi zenetik, herritarren minari sua, egiazko sua batu zitzaion. Su-min horiek harrezkero zeresan ugari eman dute. Espainian, gehien-gehienak azalean geratu dira, edo biolentziari buruzko eztabaida zaharrak berpiztu dituzte, independentismoa kriminalizatzeko asmoz, edo arazo politiko nabaria ordena publikoari dagokion arazo gisa tratatuz. Katalunian (eta Euskal Herrian), ordea, independentismoaren izaera konplexuari eta mugimendu zabal horren mugei eta ertzei buruz aztertzeko aukera paregabea eman digu.

Su-min hori gertutik ezagutu dutenek diote protagonistak gazte etsituak izan direla, zeintzuen etsipenaren sorburua bikoitza den: batetik, bide demokratiko eta baketsuei gogorkeria ulertezinez erantzuten dien Estatuak eragindakoa; eta bestetik, Errepublika gauzatzeko «prozesu arin, erraz eta erosoa» aginduz behin baino gehiagotan gezurretan aritu diren politikari independentisten sinesgarritasun faltak sortua.

Kataluniako ezein alderdi politiko epaiaren aurkako herritarren erantzun erraldoia kapitalizatzeko gai ez izateak agian adieraz lezake egungo markoak ezin diezaiokeela bere aurka datorren indarrari eutsi, eta ondorioz, suzko barrikaden ostean lege-markoa gaindituko duen herritar indarra zabaltzeko eta artikulatzeko ahalegina behar-beharrezkoa dela. Aspaldian, ariketa zail horiek alderdi politikoei eskatzen zitzaizkien, egungo markoaren partaide diren horiei, hain zuzen ere. Gehien-gehienetan alferrik; izan ere, alderdi politikoek ez baitute ikuspegi estrategiko handirik izaten. Azken batean, han eta hemen, alderdi politikoei arrazoi osoz egozten zaien ikuspegi estrategikorik ezaren muina, hein handi batean, hauteskunde-dispositibo bilakatu izana baita. Alderdiek hauteskundez hauteskundeko ikuspegi bat izatearekin aski dute eta. Zaila da ikuspegi estrategikorik nagusitzea, Gramsciren hegemonia kontzeptua gehien maite duten alderdien zaleek ere beren buruzagien buruak eskatzeko eskrupulurik ez dutenean, hauteskunde emaitza madarikatuak zale haiek espero izandakoen azpian geratuz gero.

Hala eta guztiz ere, Espainiako eta hurrengo Kataluniako hauteskundeen artean, edo ostean nahi bada,JxCat-ek, ERC-k eta CUP-ek, besteak beste, beren estrategiak argitu behar izango dituzte. Neoconvergenteei buruz gutxi dakigu, noraino indar politiko berri bat diren ala oraindik ez diren erabat zaharkituta (eta ustelduta) geratu behinola izan zen alderdi haren hondar eraberrituak. Edozerk ez du balio nolanahi botereari eusteko, eta gero eta zailagoa da, batzuetan grotesko samarra ere bai, botere lege-betearazlean eta desobedientzia eskatzen duen pankartan batera egotea. Azkenaldian, ERC-k kontrako norabidean dirudi, orain zentroaren bila, haien hitzetan «independentismoaren oinarria zabaltzeko asmoz», batek daki noraino neoautonomismo ziklo batean erortzeko arriskutik libre, ea ez den batzuen eta besteen lehentasunbakarra Generalitateko bulego nagusia kosta ahala kosta bereganatzea.CUPek, ordea, azkenaldian desagertuta, parlament-a utzi behar ote zuten eztabaidatu ondoren, Kongresura joatea ere erabaki du, «sistema barrutik hackeatzeko asmoz». Antzeko argudioak ezagunak zaizkit, eta, gaur egun erakunde publikoek gizartean adierazten duten ordezkapen maila aintzat hartuta —zelako hotza kanpoan, alegia— eta norberak erakunde publikoetan utzitako hutsuneak beste batek hartu —hozkirriak berriro— eta bere kasa erabiltzeko arriskuen jabe izanda ere, estrategia garbiago baten beharra nabarmentzen du. Hauteskunde bakoitzak indar harremanen mapa gutxi-asko eraldatu arren, haien emaitzen gainetik, balizko adostasunen bila norberak bere estrategia argitzea premiazkoa da.

Orain, nire iritziz, garbi dagoen bakarra zera da: independentismoaren aurreko estrategia behin betiko giltzapean gorde beharra; hots, ez da Kataluniako Errepublika gauzatzeko «prozesu arin, erraz eta eroso bat» egiterik izango. Aldebakartasuna ulertzeko modu hori ezinezkoa da printzipio demokratikoa onartzen ez duen Estatu post-frankista batean, independentismoak oraindik ez badu Estatuaren oposizioa gainditzeko lain den gehiengo zabal-zabala. Eta Espainiatik eragindako gatazka giroan independentisten oinarri soziala Katalunian zabaltzea gero eta zailagoa da, zeren eta lubakien arteko dialektika gaiztotua nagusitu baita. Aitzitik, independentista gehienek —Urriaren 1eko une autoeratzaile hura beren azalean bizi eta pairatu egin zuten haiek— dagoeneko gauzatu egin dute Espainiatiko deskonexio psikologikoa, eta hori ez bada, tamalez, estatu independente bilakatzeko oinarri nahikoa, aurrerabidean egonarriz eta erresilientziaz segitzeko oinarri zabal eta sendoa da. Orain, independentismoak aliantzak behar ditu erreferendumaren alde dauden kataluniar Espainiazaleekin, agian Errepublikaren eta estatutu berri baten erdibidean, elkarrekin independentistak ez direnei berme demokratiko guztiak —orain, bitartean eta ondoren— emango dizkien marko bat asmatuz. Hala, gaur erabakitzearen alde dauden Kataluniako herritar Espainiazaleak etorkizunean erabakiaren (demagun, independentziaren) bermatzaile izan daitezen. Demokrazia mespretxatuz eta haien eskubideak ere zapuztuz, Espainiak independentista egingo ditu lehen Espainiazaleak izan ziren kataluniarrak. Horratx, zoritxarrez, oinarri independentista zabaltzeko modu bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.