Noiz sortua: 2020-03-22 00:30:00

Miren Artetxe Sarasola. Bertsolaria eta ikerlaria

«Gazte identitateak euskaraz garatzeko espazioa izan litezke bertso eskolak»

Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak aztertu ditu Artetxek bukatu berri duen doktore tesian. Euskararen erabilerarako hainbat gako azaleratu ditu.

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko martxoak 22
Parez parekoa ederragoa litzateke, baina telefono bidezko elkarrizketa izan da, konfinamendutik konfinamendura. Mintzola fundazioak eta Mikel Laboa katedrak diruz lagunduta eta, bereziki, lanaren ekinez osatu du doktore tesia Miren Artetxe Sarasolak (Hendaia, Lapurdi, 1985): Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak. Bertsotan dabil plazaz plaza, eta irakaslea da EHUren Donostiako campusean, HEFA Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.

Euskal Filologia ikasi zuen, eta hasieratik erakarri zuen soziolinguistikak: «Konturatzen nintzen hizkuntza interesatzen zitzaidala gizartearekin lotuta». Bartzelonan ibili ondotik, Euskal Herrira itzuli, eta bertso udalekuetan aritu zen begirale. Hor piztu zitzaion ikerketarako gaia: «Kezkatzen ninduten gauzetako bat zen nola Iparraldeko gazteak lerratzen ginen, eta nola gero batzuk berreskuratzen ziren bidean eta beste batzuk ez». Bertso udalekuetako gazteek, ordea, egiten zuten euskaraz. Haien hizkuntza ibilbideak ikertzera animatu zen, era positiboan: «Euskaraz zergatik ez duten egiten baino gehiago, zergatik egiten duten».

Ipar Euskal Herriko hamalau gazteren hizkuntza ibilbideak aztertu dituzu. Zer dira hizkuntza ibilbideak?

Hizkuntza ibilbide bat da zure bizitzan zehar hizkuntzekin duzun harremana: zer hizkuntzatan hitz egiten duzun norekin, momentu bakoitzean; eta hizkuntza bakoitza zertarako erabiltzen duzun momentu bakoitzean. Ez baita konstante bat: nire hizkuntza erabilera bat izan daiteke 12 urterekin, eta beste bat 34rekin, eta hizkuntza bakoitzarekin daukadan harremana ere bai. Horren kontakizuna izango litzateke. Kontzeptu hori erabiltzen dut, askotan kategoria itxietan sartzen dugulako hiztuna edo geure burua ere: «Zer naiz, elebidun orekatua ala ez-orekatua? Elebakarra? Erabilera trinkoa egiten dut? Batzuetan, beti, gehienetan?». Segun: hori baino askoz konplexuagoa da. Begirada kualitatiboak aukera ematen digu horretan gehiago sakontzeko eta ez hainbeste kategoriatan funtzionatzeko.

Mudantzak aipatzen dituzu hizkuntza ibilbideetan. Zer dira?

Gure hizkuntza ohituretako aldaketa bat da mudantza, denboran jarraikia dena. Ez da orain zurekin euskaraz ari naizela eta pasatzen naizela frantsesera: hori ez da mudantza bat. Baina nire anaiarekin ohitura baldin baneukan frantsesez hitz egiteko txikitan eta momentu batetik aurrera euskaraz hasten baldin bagara —edo alderantziz—, erregulartasun bat daukan aldaketa bat bada, horri deitzen zaio mudantza.

Nola egin duzu ikerketa?

Hamalau gazte elkarrizketatu nituen, eta beste bi nire adinekoak, kontrasterako. Nola nire bizipenak sartzen ziren denbora guztian tartean, eta interpretatzen nituen gauzak nire bizipenetatik, konturatu nintzen behar nuela nire bizipenak ere jarri distantzia batera eta ikusi zenbateraino nire garaian berdin zen edo ez.

Zer mudantza eta ezaugarri ikusi dituzu aztertu dituzun gazteen hizkuntza ibilbideetan?

Hasteko, bakoitzak bere ibilbidea dauka: bakoitzarena oso ezberdina da, eta arrazoi ezberdinengatik. Baina ikusten da joera bat kolegiorako jauzian frantsesera lerratzeko edo presio bat sentitzeko horretarako. Eta badago beste bihurgune bat lizeora joatean: berriz ere aukera bat euskara gehiago erabiltzeko.

Eta horren guziaren erdian, bertso eskola. Praktika komunitate gisa aztertu duzu: zer erran nahi du?

Askotan hitz egiten dugu hizkuntz komunitateaz edo kultur komunitateaz. Eta, segun zertarako, balio dute kontzeptu horiek; baina nik eta zure amonak, seguru asko, hizkuntza komunitate bereko kidetza daukagu, baina ez daukagu beste ezer komunean. Praktika komunitateak ikustea da ikustea guk zer zirkuitutan parte hartzen dugun, zer harreman eta talde diren esanguratsuak guretzat, eta talde horietan nola garatzen diren harremanak, egiteko moduak, hizkerak, pentsaerak, balioak, praktikak... Pixka bat gehiago mikrora bueltatu eta ikustea: gazte hauek komunitate askotan hartzen dute parte, eta horietako bat da bertso eskola.

Bertso eskolako kidetza ez da bakarrik bertsotan aritzea: harreman batzuk sortzen dira, balio batzuk, ideia batzuk konpartitzen dira, ohitura batzuk sortzen dira... Eta halako gutasun bat sortzen da, bereizten dituena gu eta besteak. Edo izan daiteke aldi berean gaztetxeko kide eta izan gu eta besteak. Edo festa batzordeko kide, edo dantza taldeko kide, familiako kide... Baina bertso eskola ere bada haien identitatearen garalekua. Hor barruan, praktika komunitateez interesatzen zitzaidana zen identitatea ez dela sortzen soilik hizkuntza identitate edo soilik genero identitate edo soilik gazte identitate gisa: dena dago elkarrekintzan.

Zein ezaugarri ditu bertso eskolen praktika komunitateak?

Ateratzen diren ezaugarriak dira konfiantza giro bat, edozer esateko giro bat, ez epaitua izatekoa, erridikulua egin ahal izatekoa lasai, eta bestelako eremuetan hitz egingo ez liratekeen gauzak hitz egiteko giroa. Bestalde, hitza hartzeko giroa, pentsatzekoa, ekintzaile izatekoa... Eta, hor barruan, tartean, garatzen da hizkuntza identitatea ere, zeren hori guztia euskaraz egiten baita. Eta aldi berean garatzen da gazte identitatea, zeren haientzat bertso eskola baita gazte izateko modu bat sortzeko espazio bat ere. Bertso eskolak izan litezke gazte identitateak euskaraz garatzeko espazio bat, gaztetxea izan daitekeen bezala, edo beste zerbait izan daitekeen bezala. Duten sentsazioa hau da: «Ni bertso eskolan egiazko ni naiz». Eta sentsazioa zure pentsamenduak kolektiboki garatzen ari zarela, zure gazte pentsamendua eraikitzen ari zarela, zure gurasoen eta eskolako balioak kalkatu ordez, kritikoki. Eta hori dena lagunekiko konfiantza giro batean eta sekulako elkarrekiko identifikazioan. Dena ari da gertatzen batera: talde gisa ari dira eraikitzen, eta euskaraz.

Zer garrantzi du gazte identitatea eta euskara lotuta egoteak?

Nire ustez, handia; a priori erdal guneetan inertziaz ez delako gertatzen, probabilistikoki, gazte izan eta euskaraz hitz egitea. Datu batzuk emateko Iparraldeko egoera soziolinguistikoaz: hamar biztanletik zazpik ez dute euskara ulertzen, kale erabilera %5,3 da, gazteen artean hamarretik zortzik ez dute euskara ulertzen, lizeoko ikasleen %4k bakarrik ikasten dute euskaraz, eta hamarretik bederatzik ez dute ikasten ez euskaraz, ez euskara. Eta gazteen artean lagunartean euskararen erabilera trinkoa egiten dutenak %4 baino gutxiago dira.

Eta, gaur egun, gazte identitatea ez da txorakeria bat: lehen, nahiko azkar pasatzen zinen haur izatetik heldu izatera; gaur egun, gazte identitateari eusten diogu hamabost urtean edo gehiagoan. Eta, gazte bihurtzeko garaian, bat-batean gure etxeko nerabeak arropa estiloz aldatzen du, musika estiloz aldatzen du, interesgune desberdinak dauzka, eta gazte identitate batera pasatzen ari dela adierazteko markak dira horiek denak. Hori markatzeko elementu bat gehiago izan daitezke hizkuntza praktikak. Gazte bihurtzen garenean, askotan frantsesera lerratzen gara, zeren hor dago, hasteko, munduaren irekidura: ez guraso eta ez ikastolako guztia frantsesez da, ia. Gainera, gazte hizkera dauka: euskaraz ez daukaguna baitezpada garatua. Eta, orduan, frantsesa oso erakargarria da gazte identitatea garatzeko. Eta ez badago alternatibarik, zaila da, nolabait esateko, ematen baitu euskaraz bizi nahi baldin badut uko egin behar diodala gazte kulturaren merkatuan kotizatzeari. Edo oso gazte kuadrilla jakin bateko puntuak irabaziko ditut, baina kapital soziala galtzen dut, azken batean.

Alde horretatik, Ipar Euskal Herrian bertso eskola euskararen arnasgune dela erran daiteke?

Bai, erabat. Hasteko, etxetik eta eskolatik kanpo egiten den praktika bat da, erabat euskaraz dena eta aukera ematen dizuna bertso munduan ere sozializatzeko: ez da bakarrik bertso eskola, baizik eta bertso eskolaren bitartez bestelako gune batzuetara ere iristen zarela. Bestalde, ez dago estres linguistikorik: bertso munduan dabiltzan guztiek dakite euskaraz. Ez da gertatzen zure musika taldean baxu joleak uzten duela eta zure herriko beste bat prest legokeela jotzeko baina ez dakiela euskaraz eta, beraz, entseguak frantsesez egiten direla.

Bestalde, aisialdiarekin lotuta dago, eta gazteek ongi bereizten dituzte edukiontzi aisialdiak —«egon hemen eta kito»— edo haiek erabakiguneak dituzten aisialdi esparruak. Izan gabe eskola eta gaztetxea, tarteko trantsizio gune nahiko baliagarria da.

Zu ere izan zara Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako ikaslea. Alde nabarmenik nabaritu duzu zure garaitik hona?

Bai, handia. Gure garaian bazeuden bertso eskola batzuk umetan, baina behin kolegiora eta lizeora pasatutakoan, ia ez zegoen. Biltzen ginen intermitenteki, eta ez geneukan talde giro bat: nik behintzat ez nuen horrela bizi. Eta ez geneukan erreferentziarik: ez zegoen beste gazterik Iparraldean bertsotan —gu baino zaharragoak gutxi ziren—. Bertso eskola ez zegoen batere modan; gaur egun, lizeotik ia autobuskada bat doa Xilabako finalera. Niretzat, unibertsitatean elkartu ziren bertso mundua eta gazte identitatea. Baina, gaur egun, lizeoan elkartu daitezke.

Euskarari buruz, oro har, erabileraren arazoa aipatzen da gehien. Zure tesiak gako batzuk ematen ditu zentzu horretan?

Nire tesian, gazte identitatearena da gakoetako bat, askotan hitz egiten baitugu gazteen erabileraz: «Dena eman diegu, D eredua, literatura, telebista, Goazen... Eta ez dute euskaraz hitz egiten. Zergatik?». Nik uste dut badirela galdera horiei erantzuteko eta ulertzeko moduak, eta lehenik eta behin egin beharko geniekeela entzun, galdetu, eta hortik abiatu. Eta, gero, ulertzea gazte identitatea eta gazte kultura errealitate bat dela. Askotan gutxiesten dugu: alde batetik, erabakimen txikia duen jende bat delako —gehienek ez dute bozkatzen; orduan, ez zaizkigu inporta—, baina, aldi berean, multinazionalek oso ondo dakite zer botere daukaten gazte identitateek eta gazte kulturek. Baina gu ez gara horri begira jartzen, iruditzen zaigulako denborarekin sendatzen den gaixotasun bat dela gaztetasuna, eta bakarrik trantsizio garai bat balitz bezala ikusten dugu.

Modu orokorrago batean —eta ez da nire ekarpena, ze Jone Miren Hernandezek, Paula Kasaresek eta Jaime Altunak ere egiten dute—, erakusten du ikuspuntu etnografiko edo kualitatibo batetik, mikroago batetik, eta batez ere antropologia feministaren begiradarekin, gauza asko bihurtzen direla bat-batean ikusgarri. Identitatearen eta praktikaren arteko lotura —azkenean [Judith] Butler da—, konplexutasuna, identitate desberdinak nola dauden koeraikuntzan... Hor badaude kontzeptu batzuk baliagarriak direnak euskararen erabilera aztertzeko, eta beharbada ez direnak nahikoa erabili orain arte.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Osasungintzako langileak txaloka, Nafarroako Ospitalean, Iruñean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Datozen orduetan iritsiko dira Nafarroara Turkian atxiki zituzten arnasgailuak

Berria

10:00etan hasi dute Maria Txibite Nafarroako lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoak azken igandeetan, Espainiako beste autonomia erkidegoetako presidenteekin batera, Pedro Sanchezekin egin ohi duten bilera.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

Etxea ikasgela

Garikoitz Goikoetxea

Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: etxean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Pantaila edo telefono bidezkoa da irakasle-ikasleen arteko erlazio bakarra. Hezkuntzaren erronkak ageri-agerian geratu dira egunotan: adibidez, desberdintasun sozialak orekatu beharra. Etxealdian arriskuan egongo da hori.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna