Migratzaile karabana

Azken-aurrekoa azkenaren aurka

2018an, migratzaile karabana egin zuten Erdialdeko Amerikan. Bi urte geroago, migratzaileen aldeko ekintzaileek salatu dute egoerak txarrera egin duela; murrua milaka kilometro luzatu da, eta migratzaileak ez daude salbu.

Hondurastar batzuk karabanan parte hartzen, Guatemalan. ESTEBAN BIBA.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Tijuanan (Mexiko) bizi da Sofia —izen asmatua da—. Urteak dira AEBetatik Hondurasera deportatu zutela, semeaz erditu berritan. Orduan, semea berarekin Hondurasera eramatea erabaki zuen. Semea estatubatuarra da, baina bera ez. Hondurasko egoerak txarrera egin eta pandilleroek bederatzi urteko semea pistolaz mehatxatzean, 2018ko karabana handian parte hartzea erabaki zuen. Bi urte dira jada semearen urtebetetzea ospatzen ez duela; semeak muga igaro ahal izan zuen. Sofia, ordea, mugaren bestaldean geratu zen.

Nazioarteko albistegi guztiak ireki zituen karabanan izan zen Sofia. Duela bi urte Erdialdeko Amerikako iparraldeko triangeluko —El Salvador, Honduras eta Guatemalako— 10.000 lagun inguruk iparralderako bidea hartu zuten, gosetik eta indarkeriatik ihesi. Nazioarteko arreta bereganatu zuen fenomeno hark, Erdialdeko Amerikako errealitatea milioika pertsonen etxeko egongeletara hurbilduz. Baina etorri bezala galdu zuen ikusgarritasuna munduko txoko hark.

Erdialdeko Amerikako migrazioa itzaletara bueltatu da, baina ez da eten. 2018ko urriko karabana ikusgarriena eta jendetsuena izan bazen ere, ez zen lehenengoa izan, ezta azkena ere. Hain zuzen, duela hilabete eskas abiatu zen azkena Hondurastik, 2.000 lagun inguruk osatua. Bi horien artean ere beste hainbat karabana egon dira, baina gehien-gehienek izan dute antzerako amaiera; mugako poliziek desegin dituzte, eta erdibidean gelditu diren migranteek aterpetxeak eta kanpalekuak hartu dituzte etxetzat. Etxetzat, haietako askok hilabeteak, urteak daramatzatelako Mexikoko aterpetxeetan. Ezer gertatzeko esperoan.

Alberto Pradilla kazetariak (Iruñea, 1983) gertutik izan du eremu horretakomugimenduen berri. 2018ko karabanan egon zen hilabete eta erdiz, eta, berriki, Mexiko iparraldeko Matamorosko kanpalekura heldu zirenekin egon da. Bertan ikusitakoak jaso zituen 2019an kaleratutako Caravana: Cómo el éxodo centroamericano salió de la clandestinidad liburuan (Karabana: Erdialdeko Amerikako exodoa nola irten zen klandestinitatetik ).

Exodoaren klandestinitatearenkontzeptua azpimarratzen du; izan ere, esan du Erdialdeko Amerikako migrazio ia osoa klandestinoki egiten dela, krimen antolatuari ordainduta muga gurutzatzen lagundu diezaieten. Haren ustetan, migratzaile karabanak sinbolikoak dira. «Karabanak Erdialdeko Amerikako migrazioaren zati txiki bat baino ez dira. Nolabaiteko garrantzia izan dezakete sinbolikoak direlako, 2018koak lehen ikusten ez zen arazo bat argitara atera baitzuen, beren herrialdeetako egoera jasanezinagatik alternatiba bakarra AEBetara joatea dela uste duen jendearena», adierazi dio BERRIAri.

Beraz, Erdialdeko Amerikatik iparraldera doan jendearen fluxua ez da berria, ezta karabanetara mugatua ere. Baina 2016tik nolabaiteko protagonismoa lortu du, batez ere iparraldeko bizilagunen politiketan. Hain zuzen ere, Donald Trump AEBetako presidenteak Mexikoko mugan murru bat eraikiko zuela hitzemanda irabazi zituen hauteskundeak 2016an. Hiru urte geroago, murru hori milaka kilometro hegoalderago jaisteko konpromisoa hartu zuten AEBek eta Mexikok, Mexikorako sarbidea bera oztopatzen zuen plana martxan jarriz. Remain in Mexico (Gelditu zaitez Mexikon) izena du iparraldera doan migrazio irregularra geldiarazteko diseinatu zuten planak. Mexikok Guatemalarekin duen muga, Mexiko hegoaldekoa, Mexikoko Guardia Nazionaleko soldaduz hornitu dute. Bestalde, Mexiko iparraldea AEBetan asilo eskaera egiteko zain dauden migratzaileen aterpetxe eta kanpamentuz bete dute.

Pradillak dio Donald Trumpek diseinatutako dinamika «zitala» dela, migratzaileak esportatzen dituzten herrialdeak berak —Mexiko eta Guatemala, esaterako— inguruko herrialdeen «kartzelazain» bilakatzen dituztelako: «Azken-aurrekoa azkenaren aurka delako logika zitala jarri dute martxan».

Kartzelazainak

Pradillak definitutako kartzelaren hesi batean eta bestean bizi dira Gaba Cortes eta Colibres mugikortasun libre eta aukeratuen aldeko kolektiboko Alejandra Elizalde eta Karla Jimenez. Lehena Tijuanan, AEBetako murruari parez pare begira, eta bigarrena Chiapasen, Guatemalako mugatik hiru ordutara. Urteak dira hirurak migratzaileen inguruko ekintzailetzan dabiltzala, beren larruan bizi duten egoerari nolabaiteko erantzuna eman nahirik. Egoera «oso kezkagarria» dela diote, batez ere Remain in Mexicoplana ezarri zutenetik; muga eta kaleak militarizatuta daudela salatu dute.

Plan hori martxan jarri zenetik, 2019ko urtarrilaren 25etik, alegia, 65.000-68.000 erdialdeko amerikarrek parte hartu dute bertan. Migratzaileak Mexiko osoan barreiatutako aterpetxeetan daude, haietako asko hilabete luzez, eta urteak ere egin dituzte batzuek. Iparraldeko aterpetxeetan daudenek han itxaron behar dute AEBetako auzitegiek beren asilo eskaera tramitatzen hasteko txanda eman arte. Orokorrean, AEBek ez dute asilo eskaerarik onartzen (eskatzaileen %35ek baino ez dute lortzen). Erdialdeko Amerikan are zorrotzagoak dira epaileak; programan dauden 65.000 -68.000 lagunetik soilik 500 inguruk lortu dute muga erregularki gurutzatzea.

Cortesek dio Tijuanako eta herrialdeko iparraldeko egoera «ankerra» dela. Bertara heltzen direnei laguntzen aritzen da; aterpetxeekin harremanetan jartzen ditu, eta, mediku arreta edota jantziak behar badituzte, horiek lortzeko lan egiten du. Bertatik bertara bizi izan zuen Sofiaren eta bere semearen banaketa: «Mugara lagundu genion, semeak beste aldera gurutzatu arte itxaron genuen; eta gero heldu zitzaigun semearen argazkia, Sofiaren ahizparekin AEBetan. Baina berarekin hemen gelditzea, Mexikon, oso gogorra izan zen. Abokatuek esan zioten ez dagoela zer egin, eta bera, guztiz etsita, berriz ere muga irregularki gurutzatzea planteatzen hasi zen, menditik. Seme adingabea du, amarekin egon behar du; baina legeek ez diote uzten. Asko hunkitu ninduen».

Hegoaldean egoera bestelakoa da. Elizalde eta Jimenezek salatu dute Chiapasen migratzaileak ez dituztela aterpetxeetara eramaten, atxilotze zentroetara baino. «Iparraldeko zein hegoaldeko migratzaileen egoera penagarria da, batean zein bestean. Baina iparraldean aske dira, komatxo artean, aterpetxetik atera daitezke. Hemen ez. Hemen atxilotuta daude; migrazio irregularra delitua ez bada ere, ez dute komunikaziorik; izatez, badute eskubidea telefono deiak egiteko, baina, kurioski, inoiz ez dute funtzionatzen. Gainera, iparraldean dagoen jendeak tramiteak hasi ditu, eta hemengoek ez; ez dute beren eskubideen berri izateko eskubiderik ere».

Hain zuzen ere, horretan egiten dute lan Colibres kolektibokoek. Arreta emakumeengan jartzen dute, egiturazko indarkeriatik eta indarkeria matxistatik ihesi heldu direnengan. Atxilotze zentroak aztertzen dituzte, baldintzak betetzen direla ziurtatzeko; bertan daudenei beren eskubideen berri ematen diete, eta abokatuekin harremanetan jartzen dituzte. Haien apustu nagusia, ordea, emakume migratzaileen arteko harremanak estutzea da. «Migratzaileentzako etxe gehienak Elizarenak dira Mexikon. Eta, lehen mailako beharrizanak asetzeko balio badute ere, ez da nahikoa antolakuntzarako. Gainera, jendea mugitzen ari den heinean, zaila da batzarrak eratzea. Guretzat, erronka handia izan da; horregatik, espazio birtualera salto egitea otu zitzaigun, aplikazio bitartez herrialdeko punta batean eta bestean dauden emakume migratzaileak batzea». Esan eta egin: Sororapp aplikazioa aurkeztu dute, presentzialki emandako tailer eta ikastaroetan batutako emakumeek antolatuta jarrai dezaten.

Kolektiboan salbu

Pradillaren ustetan, karabanak sinbolikoak dira, baina baita seguruak ere. «Bertan parte hartu dutenen ikusgarritasunak, komunikabideen jarraipenak eta taldeko segurtasunak mugara heltzeko modua ematen die». Bide hori bakarka edo ezkutuan egingo lukeen migratzaile batentzat ez litzateke hain segurua izango. Iritzi berekoak dira Colibreseko Elizalde eta Jimenez.

Azken hori 2018ko karabanan ere egon zen; migratzaileekin batera egin zuen bidea, eta gurutzatu zuen Guatemalako muga. Segurtasun sentsazioa izan zuela dio: «Ez dut gogoan zenbatgarren kilometroan gindoazen, baina gogoan dut zer pentsatu nuen. Estatistikoki, han zeuden emakume guztien artean zortzik gutxienez indarkeria sexuala jasango lukete. Baina ez zen horrelakorik gertatu, jende artean geundelako, eta segurtasun hori ematen zuelako, migrazio klandestinoak ez bezala». Eta muga gurutzatzeko era askoz azkarragoa dela gehitu du Elizaldek: «Sei hilabeteren buruan, Tijuanan zeuden; migrazio tradizionalarekin, urteak emango lituzkete heldu orduko».

Hain zuzen ere, gobernuek ikusgarritasun hori deuseztatu nahi dute, Pradillaren ustetan. «Politika horiek egiten dutena zera da, pertsona hauek kondenatu muga gurutzatzen lagunduko dien krimen antolatuko pollero bat ordaintzera. Badirudi gobernuburuek nahiago dutela migratzaileak klandestinitatera itzultzea, ezkutuan eta askoz zaurgarriago migratzea, talde kriminalen, estortsioen, bahiketen menpe».

Elizalde eta Jimenez bat datoz tradizional izena hartu duen migrazio klandestinoak arrisku «oso handiak» dituela. Mexikoko hegoaldean dagoen Tenosique hiritik iparraldera dagoen eremua «Mexikoko Bermuden triangelua» izendatu dute: «Han, jendea desagertu egiten da. Bertako aterpetxe bati 72 izena eman genion, krimen antolatuak bahitutako 72 migratzaile bertan hil zituztelako, era oso bortitzean sarraskitu zituzten. Iparralderako bidea heriotzaren bidea da».

«Interesak» iparraldean

Migrazioa, Colibreseko kideek exodo izena ematen diotena, politikoa da. Baldintza jasangaitzetatik ihes egiten duen jendea da, Hondurasen hil egiten gaituzte lelopean doana herrialdeko gobernuak ezarritako politiken aurka. Baina askok zera esan dute: ikusita noiz abiatu diren karabana jendetsuenak —2018koa, AEBetako agintaldi erdiko hauteskundeen aurretik, eta 2020koa, presidentetzarako hauteskundeak baino hilabete lehenago—,AEBetako bozak baldintzatzeko saiakera bat direla. Pradillak behin eta berriz errepikatu du ez dagoela horretarako frogarik: «Goseak ez du egutegirik».

Are gehiago Pradilla eta Colibreseko kideak bat datoz Erdialdeko Amerikako migrazio mugimenduek interes gutxi piztu dutela AEBetan. Esan dute 2018ko agintaldi erdiko hauteskundeetan gai zentrala izan zela —senatari errepublikanoek Trumpek erabilitako migrazioaren aurkako diskurtsoa erabili zuten, eta alderdiak 1970eko hamarkadatik izandako eserleku galerarik handiena jasan zuen—, baina orain, 2020koetan, gaia ez dutela batere aipatu, ez errepublikanoek, ez demokratek.

Dena den, Pradillak uste du migratzaileen egoerak min gutxi egingo diola Trumpi. Izan ere, fluxua haziz gero, AEBetako biztanleek «mehatxu» gisa ulertu eta Trumpi botoa eman diezaiokete; migratzaileak gutxitzen badira, ordea, Trumpen atzerri politikaren arrakasta bezala ulertu daiteke, eta boto gehiago eskuratu dezake. Eta, min egingo balio ere, Colibreseko kideek aurreikusi dute egoera ez dela aldatuko: «Politika hauek ez dira berriak; gutxienez duela 15 urtetik daude martxan. Gobernu batek edo besteak egin ditzakeen aldaketak baino sakonagoko kontuak dira hauek». Bat dator Pradilla: «Beharbada aurpegi goxoagoa duen deportatzaile bat tokatuko da, baina ez dut uste egoera errotik aldatuko denik».

Inork ez daki azaroko hauteskundeen ostean zer gertatuko den AEBetako atzerri politikarekin; aldaketarik egongo ote den, eraginik izango ote duen haiengan. Baina gauza bat argi dute hirurek: oraindik ere migrazioa izango dela. «Mugatu ahalko dute, baina migrazioak jarraituko du. Ez bakarrik Erdialdeko Amerikan, mundu osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.