Heziketarako pantailen erabilera masiboak kezkatzen gaitu

Lionel Joly
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Badakigu pantailak (ordenagailuak, tabletak, telebistak eta abar) gizartean gelditzeko etorri direla eta maila pedagogikoaren alderdi zehatz batzuetan tresna interesgarriak izan daitezkeela. Hala eta guztiz ere, tresna pedagogiko horiei lehentasuna eman baino lehen, eztabaida sakona egin beharko litzatekeela iruditzen zaigu hainbat gurasori.

Eskoletan gaur egun inposatzen ari den ezarpen digitala eztabaidagarria da alde askotatik.

Hasteko, guraso askoren iritziaren eta nahiaren kontra doa, eta maila honetako aldaketa batenaurrean gurasoon iritzia kontuan hartzea komeniko litzatekeela iruditzen zaigu.

Maila pedagogikoan, munduko ikerketek diotenaren arabera, ez dago zalantzarik: irakasle bat askoz eraginkorragoa da, klasean pantaila bat erabiliz egiten diren ariketak baino. Are gehiago, gehien-gehienetan HIKTen (Hezkuntzarako Informazioaren eta KomunikazioarenTeknologiak) erabilerak eragin kaltegarria du. Ikasleen maila jaitsi egiten da. Ikus, esate baterako, PISA ikerketaren inguruan gai honi buruz esaten dena, hitzez hitz, txosten ofizialean: «HIKTen erabileraren neurketek ikasgeletan eta eskoletan ikasleen errendimenduarekin lotura negatiboak erakusten dituzte. [...] Ikasleek eskolan eskola-lanak egiteko Internet erabiltzea ohikoagoa den herrialdeetan, ikasleen batez besteko errendimenduak behera egin du irakurketan. Era berean, matematikarako gaitasuna txikiagoa izaten da matematikako ikasgeletan ordenagailuen erabilera altuena duten herrialde/ekonomietan».

Gaitasunak garatzeko hiru alderdi landu behar dira: fisikoa, mentala eta emozionala. Idazmena eta irakurmena indartzeko keinu fisikoa (eskuz idaztea) ezinbestekoa da: horregatik, komenigarria izango litzateke gure umeek eskoletan eskuz idaztea, ahalik eta gehien.

Horrezaz gain, Ameriketako Estatu Batuetako Optometriaren Erakundeak dioenez, pantaila batean irakurtzeak baliabide kognitibo gehiago eskatzen ditu paperean irakurtzeak baino; horregatik, informazioa ulertzeko, barneratzeko eta asimilatzeko zailtasun gehiago daude pantaila erabiliz papera erabiliz baino. Hezkuntzarako faktore kritikoa da hori ere.

Zenbat eta gazteago, orduan eta kaltegarriagoa da pantailen erabilera gelan, umeen garapen-leihoak egoki aprobetxatzen ez direlako.

Osasunean pantailek zuzenean sortzen dituzten arazoak ere kezkatzen gaituzte. Pantailetatik jasotzen denargi urdina kaltegarria da begientzat. Frantziako Oftalmologoen Elkartearen arabera, 6 urteko haur bat ezlitzateke egon behar pantailabaten aurrean ordu bat baino gehiago egunean, bi ordu 12 urterekin eta sei ordu 20 urterekin. Horrezaz gain, argi horrek ondorioak ditu gazteen lo kalitatean, sistema biokimikoaren orekan, eta gainpisu arazoak sortzeko arriskua handitzen da. Miopiaren arriskua ere biderkatu egiten da.

Mundu mailan, estatu askotan, atzera egiten ari dira. Zorionez, gurean, pantailen erabilera hezkuntzan ez da orain dela gutxi arte hainbeste orokortu, eta ez ditzagun egin besteek egindako akatsak; gero, ondorioen larritasuna ikusita, atzera egiteko. Suedian, adibidez, ondorio pedagogikoak ikusita, ordenagailuak murriztu eta eskoletan liburuak masiboki berriz sartzeko erabakia hartu dute berriki. Taiwanen legez debekatu dute pantailen 30 minutu baino gehiagoko erabilera 2 urte baino gehiagoko gazteentzat. Silicon Valleyko adituek, pantailen edukiak diseinatzen dituztenek alegia, gure munduko pertsonarik boteretsu eta eraginkorrenek bezala, beren seme-alabak pantailak erabiltzen ez dituzten eskoletara bidaltzen dituzte.

Guk ere hoberena eta egokiena nahi dugu gure umeentzat, eta, beraz, pantailen erabilera eztabaidatzea eta murriztea eskatzen dugu. Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dago.

Maila pedagogikotik at, pantailak gure gazteen (eta gure) bizitzaren zati garrantzitsua bihurtu dira. Aisialdirako erabilera masiboa da. Ikusita zer ondorio izan ditzakeen gure umeen osasun fisikoan, mentalean eta emozionalean, ikusita zer ondorio dituenburmuinaren garapen fisikoan eta bere oreka biokimikoan, iruditzen zaigu horri guztiari buruzkoinformazio gehiago eman beharko litzaiekeela gure umeei.

Gogora dezagun 2019an argitaratutako ikerketa baten arabera, aurreko ikerketa guztien ondorioak kontuan hartzen zituena, umeen %25ek pantailen erabilera problematikoa egiten dutela. Ikerketaren halaxe dio, hitzez hitz: «Pantailen erabilera problematikoa depresioarekin, antsietatearekin, insomnioarekin, hautemandako estres handiagoarekin eta hezkuntza-maila txikiagoarekin lotzen da sistematikoki. Oro har, nozitzen dutenek arrisku handiagoa dute osasun mental eta ongizate txarra izateko, eta eguneroko funtzionamendu desegokia edukitzeko». Gogora dezagun, era berean, 30 urte baino gutxiago duten sei gaztetik batek tratamendu psikologiko bat jarraitzen duela momentu honetan Euskadin eta bere buruaz beste egiten duten gazteen kopurua %31 hazi dela bost urtean Ameriketako Estatu Batuetan. Neurriak hartzeko garaia iritsi da, ikastetxeen eta instituzioen ardura da, baita guztion ardura ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.