Galdutako aukera

Joseba Alvarez - G7 EZ Plataformako kidea

2019ko irailak 20
Joan den abuztuaren amaieran, Miarritzen Macronek armen bidez euskal jendarteari inposaturiko mundu mailako G7aren gailurra galdutako aukera izan da bestelako mundu bat ezinbestekotzat jotzen dugunontzat.

Inor konbentzitu ez bazuen ere, Macronek bere lehen helburu politiko nagusia eskuratu zuen Miarritzen, hau da, nazioartearen aurrean Jaka Horien matxinadaren eskutik Frantziar Estatuak inoiz jasan duen krisialdirik larriena kontrolatzen duela erakustea. Izan ere, G7 hau izan da azken urteotan izan den gailurrik lasaiena, eta hori, duela gutxi arte Europar Batasunaren bihotzean herri erresistentzia eta askapen borroka bortitzena zuen lurralde eremuan, Euskal Herrian.

Bestetik, G7aren aurrean kontragailurra antolatzeko sortu eta urtebetez elkarlanean aritu ginen bi plataformok —Euskal Herriko G7 EZ Plataforma eta Frantses Estatuko Alternatives G7 delakoa— prestatu genuen plangintzaren erdia baino ez dugu burutu. Frantziar administrazioarekin adostu genuena soilik bideratu dugu, hala nola Ficobako eta Hendaiako eztabaida arrakastatsuak eta larunbateko Hendaia-Irungo manifestazioa duina. Baina beraiek baimendu zizkiguten ekimenetatik at ez dugu ezer egin. Praktikan gure lana beraiek baimendutakora mugatu dugu, beraiek gure eskubide guztiak zapuztu zizkiguten une berean. Izan ere, desobedientzia zibilaren bidez eta frantses administrazioaren baimenik gabe bideratu behar genuen ekintza bakarra, Ortzadarra, bertan behera utzi dugu. Miarritze inguruko 7 plaza okupatu eta bertan herri harresiak osatzeko egitasmoa ez dugu bideratu.

Duela hilabete batzuk bi plataformek desobedientzia ariketa hori egitea adostu genuen G7ren aurkako gure kontragailurra borobiltzeko, orekatzeko eta Frantziar Estatuak jarritako muga antidemokratikoak gainditzeko, baina, poliziarekin izango genuen konfrontazioa ekidinezina zela ikusirik, bi plataformetako eragile nagusiek Ortzadarra baztertzea erabaki zuten. Jokabide hori izan da bi plataformen aurka gehien zabaldu den kritika.

Ondorioa zein izan den? Praktikan, gure kontragailurra G7ren gailurra antolatzen zuten agintarien neurrira egokitu dugula bi plataformok. Eta ez zen hori inondik ere gure asmoa. Okerragoa dena: kapitalismoarekin horrela jokatuz, ez dago bestelako mundua sortzerik...

Aldiz, bi plataforma horietatik at zeuden beste eragile sozialek, esate baterako Jaka Horiek, Bizi, Autonomoek... okupazio militarraren erdian beraien ekintza desobedienteak eta mobilizazio ahulak burutu zituzten, poliziaren presentzia masiboak eta errepresio bortitzak ez baitzuen gehiagorako aukerarik ematen. Jendea beldur eta etxean geratu zen.

Eta horrek guztiak urte osoan bi plataformetan lanean aritu garen indar politiko, sindikatu eta jendarte eragileon artean harremanak korapilatu ditu. Kapitalismoaren eta zapalkuntzaren aurrean, guztiok bat eginik lan eta borrokatu behar dugula erakusteko aukera eskaintzen zuen G7ak, baina, gaur-gaurkoz, G7ko lanak frogatu digu zailtasun handiak ditugula horrelako plataforma zabaletan elkarlan eraikitzailean aritzeko. Badugu zer hausnartu etorkizunari aurre egin nahi badiogu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna