ander perez zala
ANALISIA

Ez harritu Trumpek irabazten badu

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bat-batean, badirudi 2016ko udan gaudela berriz ere. Donald Trump atzetik doa herrialde mailako inkestetan, duela lau urte baino alde pixka bat handiagoarekin gainera; bost punturena zen orduan, eta zortzi da oraingoan —abuztu hasieran, hamarrena—. Duela lau urte bezala, Alderdi Demokratan konfiantza handia dute, garaipena eskura dutela presidentetzarako hauteskundeetarako bi hilabete falta direla, aldagai guztiek hori iradokitzen baitiote. Pisuzko diferentzia bakarrak, onerako eta txarrerako, zera dira: herritarrek, Trumpen lau urteko agintaldiaren ostean, badakitela presidenteak nola agintzen duen, nola jarduten duen eta zeri ematen dion lehentasuna; eta, 2016tik hona, Ameriketako Estatu Batuak are gehiago polarizatu direla, polarizazio horrek konfrontazio esanguratsuak eragiteraino. Duela lau urte gertatu bezala, zantzu guztiek egungo presidentearen porrota iradokitzen dute, eta, halere, Trumpek oraindik badu Etxe Zurira itzultzeko aukera handia.

Berez, aldaketarako tartea txikia da aurtengo bozetan: boto emaileen %90 inguruk erabakia dute dagoeneko Trumpen ala Joe Biden demokrataren alde bozkatuko duen, eta, hortaz, bi presidentegaiek falta diren %10 konbentzitzea dute helburu —Wall Street Journal/NBCren inkesta baten arabera—. Urteotan, gainera, hautagai errepublikanoaren oinarri elektorala ez da aldatu, leialagoa da demokratena baino, horiek oraindik erakusteko baitute «moderatuagoak» diren horiek eta «ezkertiarragoak» diren horiek, biak ala biak mobilizatzeko gai izango ote diren.

Hilabeteotako protestetan eta batez ere asteotan gertaturikoa da erronkaren erakusle. Trumpek mezu eta helburua argiak ditu, «legea eta ordena» finkatzea Richard Nixonek 1968ko bozen kanpainan egin bezala—. Bidenek, berriz, zailagoa du estrategia: alde batetik, Poliziaren indarkeriaren aurkako protestekin batera izandako tentsio uneak kritikatu behar ditu, hautagai errepublikanoak horren inguruan monopoliorik izan ez dezan; baina, bestetik, horixe bera egiteak ezkerrerago daudenen haserrea eragin lezake, Black Lives Matter mugimendua kritikatzen ari delakoan. Finean, demokraten presidentegaiak tranpa bati egin behar dio aurre kanpainan.

Omar Wasowren Do Protests Matter? Evidence from the 1960s Black Insurgency-k agerian utzi duenez, demokraten aldeko babesa handitu egiten da protestak indarkeriarik gabekoak direnean; kontrakoa gertatzen denean, errepublikanoena igotzen da. Trump gustura arituko da arrazari buruzko auziez, zurien beldurra elikatu eta boto gehiago lortzeko.

Gertakariez haratago, demokratei beren hautagaiak kezka eragin beharko lieke. Bidenek ez du xarmarik, ez ilusio handirik transmititzen, eta Alderdi Demokrataren primarioetako ekitaldietan arazo batzuk izan zituen diskurtsoak ematerakoan; badakigu Trump nolakoa den, eta hori baliatuko duela bere aurkariari kalte egiteko. Inkesten arabera, Bidenen alde bozkatzeko arrazoi nagusia da Trumpen aurkako botoa dela; pisuzko arrazoia den arren, aldi berean errealitate hori oinarri ahula da hautagai demokratarentzat, kanpainan zehar edozein hutsegite esanguratsuk botoa aldaraz dezakeelako. Agian horregatik erabaki du ahalik eta ekitaldi gutxiena egitea, pandemiaren aitzakia ulergarria ere bai baitu. Baina datu kezkagarriak ere izan ditu: alderdiaren konbentzioaren ostean, babesa galdu du boto emaile independenteen artean.

Zer esan Kamala Harris demokraten presidenteordegaiaz? Albiste pozgarria da emakumezko beltz bat lehenengoz aurkeztea, baina, horretaz haratago, fiskal gisara egindako lanak kezka sortu du demokraten oinarri elektoralaren parte batean. Kasurako, eskolako hutsegiteekin izan zuen jarrera: Lorraine Cuevasek, esaterako, 180 egun pasatu zituen kartzelan, bere seme-alabek 100 eskola egun baino gehiago galdu zituztelako. Horrelakoen aurrean, Harris damututa agertu zen primarioak egin zituztenean, baina askok taktika politiko gisa ikusi zituzten adierazpenok. Heriotza zigorra ere defendatu zuen fiskala zenean; «Kamala polizia bat da», mezu hori zabaldu zuten ekintzaile afro-amerikarrek presidentetzarako primarioetara aurkeztu zenean.

Demokraten presidentegaiaren eta presidenteordegaiaren profilek zalantzarako hainbat arrazoi eman dituzte, eta horrek hautagai errepublikanoari mesede egin liezaioke. Trump eta Biden beldurraren estrategia erabiltzen ari dira, eta aurtengoak «historiako boz garrantzitsuentzat» jo dituzte. Argi utzi dute borroka ez dela izango programari eta proposamenei buruzkoa, baizik eta Bulego Obalean nor eseriko den, horri buruzkoa.

Inkesten xehetasunak ere arretaz aztertu beharko lituzke hautagai demokratak. Bozetarako bi hilabete falta direla, Trumpi 2016an baino emaitza hobeak aurreikusten dizkiote estatu aldakor ia guztietan —orain demokraten alde eta orain errepublikanoen alde bozkatzen dutenetan—, eta RealClearPolitics webgunean jasotako datuek agerian utzi dute boto emaile askok beren hautua ezkutatzen dutela: egungo egoera polarizatuan hautagai errepublikanoaren alde egingo dutela.

Demografiari begira, bi hautagaien arteko lehia hiri inguruneetan jokatuko da, hirietan gehienak demokratak baitira, eta landa eremuetan, errepublikanoak. Hollywooden filmetan hainbatetan agertzen diren etxe ilara eta auzo lasai horietan, gehienek betiko segurtasuna nahiko dute, eta Trumpek hor du botoak berreskuratzeko eta lortzeko aukera. Horren adibide bilakatu dira asteotan Mark eta Patricia McCloskey, pistola bat eta errifle bat eskuan zituztela protestarien aurrean jarri zen bikotea, euren etxea «babestea» helburu —horren ostean errepublikanoen konbentzioan hitz egiteko gonbita jaso eta onartu egin zuten—.

Abstentzioa, gainera, oso handia izan ohi da, eta hor ere itxaropena du Trumpek, 2016an botoa eman ez zuten zuriek oraingoan botoa ematekoa, batez ere landa eremuetan. Liskarrek iraun bitartean, horietako asko abstentziotik atera litezke.

Duela lau urte, Trumpek Hillary Rodham Clintonek baino boto gutxiago lortu zuen, baina presidente izateko beharrezko ordezkarien kopuru handiagoa lortu zuen. Botoak non lortu, hori izango da gakoa berriz ere: ez harritu Trumpek (berriz) irabazten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.