Hezkuntzako COVID-errefortzuak, orain?

Aletxu Unamuno Enziondo
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Maiatzetik gabiltza entzuten —eta irakurtzen—COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko plan adostu bat behar dugula, bai Osakidetzan, baita Hezkuntzan ere. Eskaera hori Euskal Autonomia Erkidegoko herritar askorentzat erabat zentzuzkoa eta ulergarria izan den arren, ez omen da hain ulergarria izan gure Jaurlaritzarentzat. Maiatza ez omen zen COVID-errefortzuez eta plangintzez hitz egiteko unea, ezta ekaina ere.

Gero, uztailean, abuztuan eta irail hasieran, eskaera bertsuak egin ziren astero-astero, hainbat eragile eta talderen eskutik: sindikatuak, alderdi politikoak, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak, hezkuntza eta osasun zerbitzuko langileak… Eta Jaurlaritzaren erantzuna isiltasuna eta mespretxua izan ziren, hots, gure artean ulertzeko, bi erantzun mota jaso ziren: lehenengoa, «Jaurlaritza ez da inorekin bilduko inongo plangintzarik adosteko, orain [orduan, uztailean] garrantzitsuena hauteskundeak egitea eta gobernua osatzea baita»; bigarrena, «sindikatuek eta oposizioko alderdiek Jaurlaritzarengan higadura sortzea, ezegonkortzea baino ez dute bilatzen». Gorago aipatutako eragile horiek ez omen zuten herritarron osasuna eta ongizatea bermatu nahi, baizik eta osatu gabeko gobernu bat ezegonkortzea.

Gauzak horrela, irailean eta ikasturtean sartu ginen buru-belarri, maiatzeko etxeko lanak egin gabe eta inongo negoziazio edo elkarrizketarik gabe. Ikasleen itzulera inprobisatu mailakatua —langileak itzuli aurreko ostiralean plazaratu zena—, hidrogel pixka bat, termometro bat edo bi ikastetxeko eta… ezer gutxi gehiago baliabideei dagokienean. Ikastetxe gehienetan 26 pertsonako ikasgelak araua ziren, eta egoerak sortuko zituen arazo larriak aurreikusirik, sindikatuek irailaren 8an grebarako deia egin zuten.

Orduan —irail erdian, eta ez maiatzean— eseri ziren Hezkuntza Sailekoak lehendabiziko aldiz sindikatuekin hitz egitera. Eta handik gutxira Hezkuntza sailburuak 1.000 irakasle berri kontratatuko zirela iragarri zuen hedabide guztietatik: telebista kateak, egunkariak, elkarrizketak irratietan…

Eusko Jaurlaritzak orain hilabete bat iragarritako COVID-errefortzuak orain heldu dira, edo heltzen hasi dira ikastetxeetara. Berandu ez, behar baino askoz ere beranduago: usoak joan, sareak heda. Izan ere, ikastetxeek beren kontingentzia planak uztailean egin zituzten, inoren laguntzarik gabe eta orduan eskura izango zituzten baliabide eta langileen arabera.

Uztaila ez omen zen errefortzuez hitz egiteko unea, hauteskundeak egitekoa baizik, eta hori dela eta, zuzendaritza-taldeek, biziraupen instintu eta irudimen handia erakutsiz, beren plangintzak, dekalogoak, seinalizazioak eta abarrak garatu zituzten, ahal izan zuten modura. Gero plangintza eta neurri horiek, hezkuntza komunitate osoaren ahaleginari esker, ikastetxeetan ezartzen hasi dira. Eta egunero-egunero tematuta gaude neurriok betetzen eta betearazten, asko eta asko larrua arriskatzen ari baikara.

Zentzugabeko berandutze horrek zer ondorio ekarriko du? Ikasturteko martxa hartu berri dugunean, ikastetxeak bigarren plangintza bat egitera behartuko ditu, datozen errefortzuen arabera, eta horiek datozen erritmoaren arabera.

Bestela esanda: COVID kutsaketek, lan-sistema semi-presentzialek, konfinatutako taldeek eta abarrek kinka larrian gaituzten garai honetan, irailean ezarritako taldeak, ordutegiak, bikoizketak, zaintzak, hauspoa eta abar berriro pentsatu eta ezartzera behartzen ari zaizkigu. Hori gutxi balitz, errefortzuak murrizketekin datoz:lanaldi erdiak, bi herenekoak, heren batekoak… Askok galdetuko diozue zeuen buruari: eta hemendik gutxira esfortzuak berriro ugaritu behar baditugu? Batek daki!

Epelaburkeria ardatz, aurreztea lege, baita pandemiaren ikasturtean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.