Nebrija hil zela 500. urteurrena dela-eta

2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Antonio de Nebrija idazlea (1444-1522) Salamancako unibertsitatean ikasi ondoren Italiara joan zen ikastera, Boloniara hain zuzen, eta, handik itzultzean, Sevillan, Salamancan, Alcala de Henaresen eta Madrilgo Unibertsitate Complutensean irakasle aritu zen. Bide batez, esan dezadan Complutense delako hartan neronek ere ikasteko zoria (edo zoritxarra) izan nuela. Nebrijaren Salamancako erretorika-klaseek liskar ugari eragin zituzten erabilitako metodo pedagogikoagatik eta orduko akademiko asko ez zeuden bat haren irakasteko jarrerarekin.

Isabel Katolikoa erreginak Nebrijari agindu zion 1481ean gaztelaniara itzul zitzala latinezko Introdictiones latinae deritzana, latina ikasteko eskuliburua besterik ez zena. Lan hori hezkuntza berrituaren muina bihurtu zen, izan ere latin klasikoaren ezagutzan oinarritzen zen orduko ezaguera guztia eta idazle latindar handien irakurketarako bide bakarra izan zen liburu hura. Latina Zuzenbidea, Medikuntza edo Filosofia bezalako diziplinetarako aukera irekia izan zen aipatu liburu hori. Latin klasikoaren ezagutzak bakarrik ahalbidetzen baitzuen maisu handien lanak irakurri ahal izatea eta jakintza guztietara iristea, ingelesak gaur egun egiten duen moduan, bada.

Halere, haren funtsezko lana El Arte de la lengua castellana delakoa (Gazteleraren gramatika) izan zen, 1492an Salamancan argitaratutako erromantze herri-hizkuntza bateko lehen gramatika sonatua.

Espainiako errekonkista deitu zutenaren amaierarekin batera irabazleen hizkuntza zabaldu nahi izan zen eta nagusitasun inperialeko testuinguru politiko horretan idatzi zen gazteleraren gramatika hura. Nebrijak hizkuntza inperioaren tresnatzat hartzen baitzuen, inperio grekoaren eta ondorengo inperio latinoaren antzera. Bere liburuaren sarreran idatzi zuenez, «hizkuntza beti izan da inperioaren lagun ona».

Nebrija Errenazimentuko idazlea eta irakaslea izan zen, beraz, gehiago kezkatzen zen haren printzearen botereaz herrien beharrez baino. Hark «asiriarrak, indioak eta egiptoarrak» aipatzen zituen haien orduko inperioak gogoan, baina Gramatikaren baliagarritasunari buruzko zalantzak zituen erreginari liburu horrek botere inperiala oinarritzeko zuen garrantzia ere azaldu zion eta horrela, Erregina konbentzitzeko, Nebrijak, autoritate-argudio gisa, Avilako gotzainak esandakoa erabili zuen, alegia, hizkuntza komun bat beharrezkoa zela: «Irabazleak garaituari jartzen dizkion legeak konkistatutako herriek eta nazioek behar bezala jasotzeko, obeditzeko eta zigortzeko».

Euskaldunok badakigu zerbait horri buruz, ez historiako liburuetan ikasi dugulako, ezta Nebrijaren Gramatika argitaratu eta bostehun eta hogeita hamar urtera bezalako efemerideen bidez, baizik eta geure haragian bizi izan dugulako haren inperio zarpailkiaren hizkuntza hitz egitera behartzeko jasotako belarrondokoetan, fisikoak nahiz sinbolikoak... Eta gauza bera egin zuten Napoleonek frantsesarekin hezkuntza sistema armadaren antzera antolatu zuenean, Errusiako tsarrek beren inperioaren legeak zabaltzerekin edo Kemal Atatürk berak turkiar nazionalismo supremazistaren bidez, Nebrijaren liburua itzuli ondoren, hura erabili zuten norberaren inperioen mesedetan komeni zitzaien hizkuntza jakin batzuk politizatzeko, legeztatzeko, ezarritako legeak indarrean jartzeko eta, noski, tokian tokiko hautatu ez zituzten beste nazio hizkuntza txikiagoak erabat txikitzeko haien despolitizazioak zirela medio.

Honetaz guztiaz ondo baino hobeto dakite Espainiako auzitegiek eta azken garaiotan katalanaren irakaskuntzaren aurka emandako epaiak beste adibide bat besterik ez dira. Halaber, Pablo Casadok, Ciudadanos eta Vox alderdiek erabilitako hizkuntza argudioak ere ildo beretik doaz supremazismo politikoa lotsagabeki astinduz.

Gurean, aldiz, Nebrijaren Gramatika argitaratu eta bostehun eta hogeita hamar urtera euskara despolitizatu beharraz irakurri berri ditut idazki batzuk berriro.

Zaharrak berri.

Despolitizatu ditzatela gaztelera eta frantsesa!

Izan ere, euskara despolitizatzeagatik baikaude gauden bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.