Segregaziotik bazterkeriara

Juana Lopez de Munain eta Resu Abasolo Gallastegi
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Bazterketa izan da historian zehar herri askotako bizitzeko moduan gertatu dena. Eta baztertuek bere defentsarako erabili izan dute bazterketa. Defentsa fisikoa egiteko batzuetan eta ohiturak babesteko beste batzuetan, pentsatuz hobe zela berdinak berdinekin elkartzea indar handiagoa izateko.

Ildo honetan, herri anitzetan adierazgarriak dira tokien izenak: Juderiakalea, etorkinen plaza edo kanpotik lanera etorritakoen auzoa, adibidez. Azkenean horrek bazterkeriarantz eraman gaitu, eta ondorioz, kolektibo desberdinen arteko harremana bukatu egin da gizarte hierarkizatua eraikiz, batzuk besteen gainetik jarrita.

Oraindik ere, gizartean, heziketan bertan adibidez, baztertutako ikastetxeak daude eta berdinak berdinekin biltzen dira: pobreak pobreekin, aberatsak aberatsekin edo neskak neskekin eta mutilak mutilekin, argumentu berberak erabiliz.

Segregazioa erakunde guztietan aztergai bihurtu da. Aztergai zentrala, gainera. Islarik nabarmenena eskoletan eta herrietako elkarbizitzan ikusten dugu, baina eztabaida eta hausnarketa herrira zabaltzen hasten ari da, adibidez, Zubiak Eraikiz elkartearen ekinbide legegilea.

Baina nagusiki agintari desberdinen ahotan dabil gaia: Eskolatze Batzordeetan edo udal batzuetan, esaterako. Zeintzuk dira, bada, hain berria ez den fenomeno honen zergatiak? Behingoz konturatu gara benetako arazoa dela? Lotsak gizartearen aurrean itxura gordetzera bultzatzen ditu agintariak? Kronifikatuta dagoen pobrezia iraultza bihurtzeko arriskua hurbiltzen ari da? Edo benetan, biztanleriaren zati bat sentsibilizatzen ari da arazo honetaz?

Gure herrietan, eta gaur egun, jabetu gaitezen segregazio edo bazterketa egoera desberdinak daudela. Batzuk aipatuko ditugu:

Arrazakeria. Esaterako, etxebizitzak alokatzerakoan guk baino zailtasun gehiago dituzte jatorri arabiarra edo marokoarra dutenek (Immigrazioaren Euskal Behatokia 2018).

Aporofobia (jende txiroa mespretxatu, arbuiatu eta baztertzera daraman aurreiritzia). Adibide bat jartzearren, maila sozioekonomiko baxukoek ikastetxea aukeratzean eskola publikoa aukeratzen dute gehienek, kontzertatuen ordez. Giltzarria den kuotak jartzen baitu muga (BERRIA 2018-11-11). Derrigorrezko heziketa dohainik izango balitz, legeak esaten duen bezala, ikastetxe guztietan haur guztiak eta ikastetxe guztiak otzara berean egongo lirateke eta mapa eskolarrak jatorrizko zentzua hartuko luke.

Genero berdintasunik eza. Urratsak egiten ari direla badirudi ere, maiz aurkitzen ditugu adibide mingarriak, ez delako onartzen kolektibo guztiek eskubide berak dituztela: 20 urteren ostean, Irun eta Hondarribiko eskandaluak jarraitu egiten du eta ezin dute adostu guztiek parte hartuko duten alardea, guraso bakarrekofamiliak edo sexu bereko bikoteek edo trans-ek besteek baino traba gehiago dituzte ohiko eginkizunetan.

Azken garaietako erakundeetako aldarrikapen ofizial guztiek jasotzen dituzte segregazioaren aurkako eta gizarte inklusiboaren aldeko neurriak eta hitzak. Horixe, hitzak. Hitzen aldaketa bai eman da, baina benetakoak balira ez lukete jarraituko urbi et orbi berdinak aldarrikatzen. Legeak ez dira ailegatzen azkeneko praktikak erregulatzeraino eta dirua oraingo beharrei erantzuten ez dieten irizpideekin joaten da. Agintarien hitzez betetako proiektu eta legeek eguneroko bizitzan islarik ez dutenean edo hitzez esaten eta onartzen dutena koherentea ez denean maiz bizitza pertsonalean hartzen dituzten erabakiekin, bi aukera ditugu. Bata, etengabe kexatu eta kulpa bota geuk hautatutako agintariei, eta bestea, gizartea hobetzeko estrategietaninplikazio arduratsuagoa izan.

Jakin badakigu badaudela eredu berriak, jendea, eskolak eta kolektibo sentsibilizatuagoak eta proiektu garatuagoak tamalez asko zabaltzen ez direnak. Badaukagu zorionez zenbait adibide positibo herrietan, esate baterako, herriko eskolan tokiko euskalkia ikasi eta erabiltzeraino iristen diren etorkinak edo alarde bakarra eta mistoa adostu duen herria. Egin dezagun ahalegina honelako ereduak biderkatzeko.

Azken finean, legebiltzarra, diputazioa, udala eta eskola, adibidez, berauek kudeatzen dituzten pertsonek duten gaitasunaren araberakoak izango dira, egungo egoera gaurko agintarien sentsibilizazio eta koherentziaren heinekoa den bezalaxe. Eta honek asko esaten du gure gizartean hartutako erabakiez, 15 urtean hartutakoek bitan banatutako gizartea eraiki dute. Beraz, norbere heziketan oinarrizko balioak: sentsibilizazioa, gizartearekiko erantzukizuna, justizia, errespetua, erabakiekiko koherentzia eta berdintasuna norainokoak izan diren da gakoa. Egon gaitezen argi, ezaugarri horiek praktika pertsonalak eta kolektiboak kudeatzeko moduak erakusten dituztelako, eta ez esandako hitzek.

Hauteskundeei begira jarrita gauden une honetan, zerrendak osatzerakoan pentsatzen dugu aipatutako irizpideak kontuan hartzea merezi duela guztion arteko benetako bizikidetzak gorroto kulturari irabaziko badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.