Independentismoa 'erresetatu'

2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Informatikaz ezer gutxi dakigunok ere badakigu noizean behin ordenagailuak erresetatu behar ditugula. Programak abiadura bizian aldatzen dizkigute eta sarritan ordenagailuak ohartxoak bidaltzen dizkigu. Eguneratu ezean, dena mantsotzen da eta azkenean ordenagailu bera erabilezina bilakatzen da.

XXI. mendean erabat murgildurik gaudenotan, hainbat paradigma erori dira. Iragan den mendean jaiotakook nekez ulertzen ditugu gertaera sozial asko. Belaunaldi berriekiko arrakala itzela da, mundu berri bat sortzen ari baita. Iraunkorra den gertaera bakarra aldaketa da, etengabeko aldaketa, zurrunbilo bizkorretan suertatzen dena.

Euskal politikan ere erreseta egiteko beharra behin baino gehiagotan nabarmena izan da. 1992an, 1998an...eta azkenekoa, borroka armatuaren amaierarekin gertatu zen. Geroztik eragile soziopolitikoen jarduna aldatu da, baina tamalez, ez du ematen alternatiba gauzagarriak egituratzeko gaitasuna dugunik.

Dena den, borroka armatuaren zorioneko amaierak hainbat kontu sakonki aldatu dituela onartu arren, urteek aurrera egin ahala, emeki-emeki ohartuko gara ziur aski beste aldaketa estrukturalek eragin handiago izango dutela.

Nortasun kolektiboak eta indibidualismoa

Aurreko mendeetan egituratu ziren nortasun kolektiboen ardatz gehienak aldatu dira. Besteak beste, bi indartsuenak: langile-nortasuna; nazio-nortasuna. Oso sakonak izan diren beste batzuk ere errotik eraldatu dira. Esaterako, Europako hego eta mendebaldeko kulturetan ardatz izan zen familia-zabalaren ereduaren azkeneko zantzuak desagertu dira eta horrekin batera, bere antagonista, maitasun erromantikoaren mitoa, hain zuzen ere. Bizimodua aurrera ateratzeko hamaika bide daude, dena konplexuagoa da.

Egun, pertsona gehienek hartzen dituzten erabaki garrantzitsuenetan paradigma indibidualista nagusitu da. Erabaki horiek kudeatzeko, berriz, logikoa denez, ingurukoen laguntza behar dugu, gizakiak ezin baitio uko egin bere izaera sozialari. Hortaz, indibidualismoa praktikan kudea-ezina da eta nortasun kolektibo berriak sortzeko premia dago.

Iragan den mendeko nortasun horiek krisian egonik, jendeak noraezean, sarritan, babesa aurkitzen du zaletasunetan, gimnasioan, psikologo konduktistengan eta coaching-engan. Jendarte berri horren aitzin, iragan den mendean aktibista gainideologizatuok jai dugu.

Nortasun kolektibo berri asko sortzen ari dira, eklektikoak, behin-behinekoak asko; beste batzuk epe luzekoak, ordea. Europako jendarte zaharkituetan herritarrak kontsumitzaile bilakatu dira eta garai bateko eragile soziopolitikoek indarra galdu dute. Panorama arriskutsua da, testuinguru honetan ez da harritzekoa neofaxismoen gorakada beldurgarria.

Neoliberalismoa langile-nortasuna ezabatzea ahalegindu den bezalaxe, korronte ideologiko horiek nazio-nortasunak ere ezabatzeko lanean dabiltza, nazio-nortasunak eragile boteretsuak sortzeko gaitasuna baitu, herritar aktiboa versus kontsumitzaile dialektika sortzeko gauza da eta.

Independentismoa eten da

Europa osoan ematen ari den ekaitza honen zurrunbiloan jira-bueltaka, Hego Euskal Herrian prozesu independentista eten egin da. Kataluniako saiakera ikusitakoan, hemengo indar politikoek bigarren pitzadura zabaldu beharrean, katalanek patxadaz har dezaten deialdiarekin bat egin dutela esango nuke nik.

Bistan da, egoera ez da batere erraza. Kataluniako Errepublika ezin izan da indarrean jarri. Presidentea erbestean da; ETAren aurka eraikitako salbuespen legealdia Kataluniako independentismoari ezarri diote.

Haatik, Euskal Herriko independentismoak balazta zapaldu izanaren arrazoia indar-korrelazioan oinarritutako hausnarketa batetik harago doala uste dut. Ezintasuna ideologikoa dela pentsatzen hasita nago. Hautu estrategikoa bilaka daiteke ezintasuna, alegia.

Arestian nioen moduan, pasa den mendekook mundu berrian kokatzeko zailtasuna ditugun lez, aurreko fase historikoan aritu garenok ezintasuna dugu independentismoak berraktibatzeko. Hemendik 15-20 urtera jubilatuta egongo garenok ezin dugu aro berriak behar dituen erabaki estrategikoen monopolioa ukan. Bizimodua eta sistema bera aldatu nahi genituen, ez gara ohartzen, aldiz, amu guztiak irentsi ditugula. Menpekotasun egoeran gaude: maileguak, zaintza, jubilazioak... segurtasuna premia dugu, eta hortaz, ezin dugu proposamen ausarten ardura hartu. «Denbora jauzi zaigu gainean» eta irtenbide berriak oztopatzen ari gara seguruak diren bideak jorratu nahi ditugulako. Amets hiltzaile bihurtu gara, gureak gauzatzeko gaitasunik izan ez dugulako.

Otsoaren beldurrez, babes bila, aitaren etxeko atean jo dugu, handik alde egiteko hainbeste ahaleginak egin ondoren, ez gara konturatzen aldaketak alabek piztu berri duten suaren inguruan gorpuzten ari direla.

Lekukoa pasa

Oztopoa gara, zamaz beteriko motxilak ditugulako, galtzerdietan zuloak ditugulako, bota zaharretan harri koxkorrek min egiten digutelako eta batik bat, aspaldian erositako betaurrekoek irtenbide eta gailur berriak ikusteko alferrikakoak direlako.

Independentzia premiazkoa da. Premia horren ohiko arrazoiak bere horretan darraite: nazio ukapena, hizkuntza , kultura, menpetasun juridikoa... Bestelako premiak ere badaude: desmilitarizazioa; patriarkatua hautsi; eskubide sozialak behin betiko bermatu; aniztasuna kudeatu; ekonomia demokratizatu; desazkunde prozesua benetako burujabetza (nazio zein pertsonala) eduki ahal izan dezagun...

Euskal nazio sentimendu kolektiboa indar boteretsua da, baina sentimendutik errealitate juridiko izatera ez bada igarotzen, epe laburrean lurralde hauetako beste «hiri-leinu» bat baino ez da izango euskal naziotasunari lehentasuna ematen dion jendarte sektorea. Hemendik 15-20 urtera begirako Euskal Herria sasoi betean irudikatzeko ahalmena duten belaunaldien txanda da.

Besteok ez gara etxera joango, laguntzeko prest izango gaituzte, noizean behin aholkuren bat edo beste zuzena izango da, baina mundu berrian ganoraz aritzeko gaitasuna duten sektore eta belaunaldi berriek hartu behar dute lema.

Esan bezala, dantzak, alabek piztu duten suaren inguruko akelarre berrietan izango dira. Aurten berriro erakutsi eta irakatsi digute. Aitaren etxean, aldiz, herdoilduko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.