Eibarko paktu federala (1869-06-23)

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Duela 150 urte Eibarren Hego Euskal Herriko errepublikano federalen artean ituna sinatu zuten. Egunotan asko irakurri dut urteurrenaren harira kaleratu diren interpretazioez, baina oso gutxi egun hartan gertatu zenari buruz.

Hitzarmen hartako protagonistak hiru izan ziren. Batetik, errepublikanoak. Bestetik, federalak. Eta, azkenik, euskaldunak.

Errepublikanoak

Errepublikanoei dagokienez, aipatu behar da 1869ko ekainean, ofizialki, hilabete gutxitako bizitza zeukatela bakarrik. Aurreko iraileko iraultzaren ostean agertu ziren lehendabiziko aldiz errepublikano bezala antolatuta, Estatu osoan zehar. Errepublikanoen aportaziorik nagusiena demokraziaren aldeko jarrera izan zen. Gizartea antolatzeko egitura politiko bezala errepublika aldarrikatzen zuten, besteak beste, monarkiaren botere arbitrario eta autoritarioaren aurrean, herritarren parte hartzea ahalbidetzen zuen sistema politiko bakartzat zeukatelako. Edo beste modu batera esanda: gizabanakoaren askatasuna demokraziaren bitartez gauzatu zitekeela uste zutelako (sufragioa).

Federalak

Federalismoari dagokionez, garai hartan, Euskal Herriko errepublikano (ia) guztiak federalak ziren. Eibarko Ituna bera da horren erakusle. Eibarren, adibidez, ez zen Donostiako ordezkaririk egon. Donostiarren gehiengoa, oraindik, liberalismo erradikaletik hurbilago zegoen eta, euskal lurraldeen autonomia defendatu zuten arren, ez zuten federalismo hura begi onez ikusten. Haiei denbora gehiago kosta zitzaien errepublikano bezala agertzea. Beraz, 1869ko San Joan bezperan, errepublikanismoa federalismoarekin estuki lotuta zegoen. Eta hori ezin da Francisco Pi y Margall gabe ulertu. Pi y Margallen ustetan, garai hartako arazoen soluzioa Espainiako nazioek estatu egitura hartu eta guztien artean errepublika federal bat antolatzea zen. Estatu horiek zeintzuk izango ziren zehazteko, historiara eta kulturara jotzen zuen: ohiturak eta hizkuntza aipatzen zituen adibidez. Estatu horiek euren kabuz adostu behar zuten zein eremutan zabalduko ziren. Ez zen botere zentral baten araberako agindurik egongo.

Behin estatuak zeintzuk izango ziren zehaztuta, estatu horiek euren arteko akordioa gauzatuko zuten, berdinen arteko akordioa izango zena. Ituna. Pi y Margallek Suitza eta Amerikako Estatu Batuak zituen eredutzat. Espainian antzeko egitura federal bat osatu nahi izan zuen. Bere ustetan, estatu horiek behetik gora eraikitakoak ziren. Adibide erraz bat jartzeko: izenak berak dioenez, Amerikako Estatu Batuak 13 estatu independenteren arteko akordiotik sortu ziren (teorian behintzat). Hortik, estatu batasun bat eraiki zuten. Behetik gora.

Beraz, garai hartako errepublikanoen federalismoa, behetik gora egindako itunen teorian oinarritzen zen, berdinen arteko itunean. Eta estatu horietako ordezkariak Madrilen ere bildu ziren, Itun Nazionalean, proiektua egikaritzeko.

Euskaldunak

Aipatu bezala, kataluniarrak ezaugarri batzuk azpimarratzen zituen estatu horiek sortzeko orduan kontuan hartu beharrekoak. Eta hor euskaldunak sarri agertzen dira. Pi y Margallek ongi ezagutzen zuen Euskal Herria; Zeraingo jatorria zeukan Petra Arzuagarekin ezkondu zen, eta denbora asko igaro zuen hemen.

1876an idatzi zuen Las Nacionalidades liburuan, esaterako, euskaldunak monarkiaren absolutismoaren aurrean nazioek mantendu zuten autogobernuaren paradoxa dira. Bere ustetan, autogobernu hori («independentzia» bezala ere deskribatzen duena) foruetan oinarritzen ziren instituzio propioei esker mantendu zuten. Espainian nazio ezberdinak zeudela onartuta, nazio horiek elkartzeko soluzioa argi zeukan: «La federación es, pues, el mejor medio [...] para determinar y construir las nacionalidades» (Federazioa da, beraz, [...] nazionalitateak determinatu eta eraikitzeko biderik onena).

Ituna

Ideia horiek praktikara eramaten saiatu ziren Eibarren duela 150 urte. Eibarko Ituna Estatu mailan adostu ziren bost hitzarmenetako bat izan zen. Hitzarmenok, azpitik eraikitako errepublikaren ideia erabiliz, tokian tokiko ordezkarien borondatez gauzatu ziren. Murtziarrek eta Extremadurakoek andaluziarrekin egin zuten bat, eta galiziarrek, asturiarrekin. Eta Eibarren, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariak bildu ziren.

Berton, sei puntuko ituna adostu zuten. Itunaren arabera, «federación vasco-navarra» delakoak Espainiar Errepublika Federala sortzen lagunduko zuen. Lehendabiziko puntuan jaso zutenez, euskal lurraldeek, foruei esker, errepublika demokratikoen egitura mantendu zuten historian zehar. Eibarren, beraz, garai hartako errepublikanoen helburu demokratiko eta berritzaileen ikuskeratik, ideal politiko konkretu batzuk gauzatzeko elkartu ziren: «Conservar y defender las instituciones a cuya sombra han vivido, y a restaurar las libertades de que han sido privadas durante la larga dominación monárquica» (Erakundeak mantendu eta defendatu, zeinen itzaletara bizi izan diren, eta monarkia menperatzaile luzeak ukatutako askatasunak berreskuratu).

Gainera, 1869an itunen bidez eratzen ari ziren gainontzeko estatuei, euskaldunen antolamendu politikoak kopiatzeko gonbita egin zitzaien Eibartik: euskaldunen «askatasun» hark errepublika federala antolatzeko orduan gainontzekoei ere askatasuna emango zien. Berdinen artean.

Urteurrena

Errepublikano federal haiek foruen eta historiaren interpretazio «partziala» edo «okerra» egin zutela irakurri dut. 1869ko errepublikanoek gainontzeko ideologia guztiek egiten zuten gauza bera egin zuten: proposamen eta ideal politikoak tokian tokiko errealitatera moldatzen saiatu ziren, defendatzen zuten proiektuaren alde. Demokrazia askatasunarekin uztartu zuten, eta horri euskal lurraldeek historikoki ezagutu zuten autogobernua gehitu zioten. Euskal lurraldeei, beraz, errepublika itxura eman nahi izan zieten. Eibarko hitzarmenak, gainontzekoek bezala, ibilbide laburra izan zuen. Zorionez, itunean parte hartu zutenen irudia geratu zaigu eta zer adostu zuten ere badakigu. Itun haren ostean, euskal errepublikano federalen bozgorailu izan zen egunkaria kaleratu zuten: Laurac-bat. Órgano del pacto vasco-navarro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.