Ezkutatzen diguten herria

Mitxel Lakuntza - ELAko Idazkari Nagusia

2019ko irailak 4
Eusko Jaurlaritzak «artxibatu» egin du hainbat astez EAEko pobreziak izan duen gorakadari buruzko txostena. Nonbait, ez da jakingarria azken hogei urteetako pobrezia tasarik handiena izatea. Haatik, hamarraldi bakarrean pertsona txiroen kopurua %46 gehitu da. Eta joera goranzkoa da oraindik (%7 soilik hiru urtetan); 130.965 pertsonari eragiten die, eta horietatik %55 emakumeak dira. Horri beste datu kezkagarri bat erantsi behar zaio, pobrezian erortzeko arriskuan dagoen herritar kopuruak ere gora egin duela: gaur 270.294 pertsona dira, hots, 2016an baino %41 gehiago.

Era honetako albisteak hedabide nagusien agendatik kanpora geratzen dira, edota, agertzekotan, ez zaie merezi duten lekua hartzen.

Praktikan ezkutatu egiten da gure herriko milaka lagunek pairatzen duten errealitatea; alabaina, kronikak azaldu egin beharko luke Euskal Herriko milaka eta milaka biztanleren bizitza egunetik egunera zailagoa dela.

Esaterako, zergatik ez ote dute Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako ogasunek informaziorik ematen soldaten bilakaerari buruz? Gipuzkoako Aldundia da datu hori ematen duen bakarra (EH Bilduk lurralde hartan agindu zuen urteetan ELAk estu hartu zuelako). Ezin da onartu ELAk ez ezik euskal gizarteak ere aukerarik ez izatea soldatekin zer gertatzen ari den jakiteko, gaia hain garrantzitsua izanagatik ere.

Beharbada hori dena ezkutatzen dute ez dutelako nahi jakitea azken hamar urteetan soldaten erosteko ahalmena 10 puntu murriztu dela, eta soldatarik apalenak urritu direla gehien. Argazki honek agerian uzten du prekaritatearen hedapen gero eta handiagoa.

Duela zenbait aste eraikuntzako sektorearen ardura duten ELAko kideek salatu zuten badela jendea Donostiako metroaren lanetan 16 orduz zuloan sartuta; legeak debekatu egiten du sei ordutik gora baldintza horietan jardutea. Gogoratu beharra dago hau herri lan bat dela, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ere ardura baduela hor, baina honelako praktika esklabistak ontzat ematen dira, lizitazioak hala moduzkoak direlako, preziorik merkeenera eta enpresentzako exijentziarik gabeak.

Metroko lanetatik ez dago urrun Anoetako futbol zelaia. Berritzen ari direla eta, hedabideen arreta sarritan beranduegi iristen da, hau da, lan istripuek heriotzak eragiten dituztenean, baina ezin da ahaztu estadio berria eraikitzen ari diren enpresa eta azpikontratek 4,5etik gora milioi zor dizkietela beren langileei soldata eta kotizaziotan; kontratu faltsuak egiten dira, eta Ikuskaritzak 250.000 euroko zigorrak ezarri ditu. Hain zuzen, egoera oso antzekoa da AHTren eraikuntzan ere; kasu horretan, abusuak ohikoak dira, eta dagoeneko 9 langile hil dira.

Prekaritatea sektore gehienetan oso hedatuta dago, baita zerbitzuetan ere. Hor ditugu BBK Live jaialdian lan baldintza negargarriak salatu zituzten pertsonak, edota Loiuko aireportuko langileak: 2.400 lagun azpikontratetan, etekin izugarriak lortzen dituen enpresa pribatizatu baten kontura, inolako subrogaziorik gabe, eta, kasu askotan, gutxieneko soldata irabazten dutela...

Horrelako lan egoera arlo publikoan ere ezaguna da: Estatuan aldi baterako enplegu tasarik handiena duten lurraldeak Nafarroa eta EAE dira. Osakidetzako lehen arretako langileen grebek ere agerian uzten dute arazoa: Gainez eginda ari direnez, bitarteko gehiago eskatzen dituzte.

Horrenbestez, kontuan izan beharko genuke EITBko langileen artean egin den inkesta: Taldeko lau langiletik hiruk uste du erakunde publikoak ematen duen informazioa Eusko Jaurlaritzaren politika defenditu eta saltzeko egiten dela. Hemen eraiki da, ezkutukeria eta propaganda medio, ustezko «euskal oasi» bat. Haatik, daukaguna (lan eta gizarte-errealitateari erreparatuz gero) iritsi ezineko ameskeria bat da.

Horregatik, sindikatu batek egin dezakeen ekarpenik handiena izan daiteke egia kontatzea, gure herriko langile-klaseak egunero bizi duena deskribatu eta salatzea, hori hedabideetan eta agenda politikoan behar lukeen moduan aintzat hartzen ez bada ere.

Behin euskal kulturgile ezagun batek esan zigun ELAk erresistentzia-kutxa baduela, baina ez erresonantzia-kaxarik. Arrazoi zuen; halako kaxarik ez baitauka ELAk, ezta Euskal Herriko langile-klaseak ere. Horrexegatik, badakigu gure lanaren abiapuntua hori dela, isiltasuna haustea, milaka euskal herritarrek jasaten duten injustizia argitara ateratzea. Alegia, hotsa eta erresonantzia lortzea, behintzat gauza izan gaitezen ikusteko herria den modukoa, eta ez saldu nahi diguten bezalakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna