Xabier Lete. Poeta hori

Jon Martin - EHUko ikerlaria

2019ko abenduak 4
Herri batek poeta baten hitzak bere egiten dituenean, artista horrek bere lorpen gorena eskuratu du. Poeta gutxik lortu du Xabier Leterena bezainbesteko irismena izatea.

Baliteke mozkorraldi batean, eztarriko zaina lehertu beharrean, «nun hago?» kantatzen dutenetako zenbaitek kanta nork idatzi zuen ez jakitea. Are gehiago, Xalbador bertsolaria nor zen ere ez dute jakingo zenbaitek. Herrikoia dela erantzungo lukete askok. Eta ez zaie arrazoirik falta...

1944an jaio zen Xabier Lete. Gurasoen belaunaldia baino hobeto bizitzeko esperantza zuen belaunaldi baten parte izan zen; giza-aberetu nahi izan ez zuen belaunaldi baten katebegi. Zorteko izan zen Oiartzun bezalako herri batean jaiota: Lekuonatarrak bizilagun izan zituen eta haien liburutegia esku-eskura izan zuen. Bestalde, liluraz entzuten zituen Oiartzungo plazan Xalbador eta Basarri bezalako bertsolariak, kantari. Zorteko, ikasketak egitera Tarragonara joanda; bizitza kultural oparoa deskubritu baitzuen.

Herrira bueltan, antzerkilaritzan murgildu zen eta haren bitartez adiskidetu zen euskal kulturan pisu handia hartuko zuten pentsalari askorekin.

Poesia zuen gauza ilun guztien arrazoi gordea bistaratzen zuen goldea. Letek esan nahia zeukan barruan eta paperaren gainean zirriborratu zuen. Berehala nabarmendu zen Agora Sariei esker.

Ez Dok Amairu

Ez Dok Amairuren sorrera urteak ziren eta poeta gisa eseri zen lehen bilkuratan. Talde horretan jarduteko gosea zuen eta ardurak hartzeko prest agertu zen. Euskal Kulturaren giltzarri izango zen kolektiboan hiru poeta nagusi zebiltzan: Joxan Artze, Joxe Anjel Irigaray eta Lete bera. Haien letrez hornitu ziren garaiko kantari gehienak.

Sormenera ez ezik, berreskurapenera ere bideratu zituzten ahaleginak, eta beste kulturetatik ekarritako aleak ere egokitu zituzten. Euskal entzule eta irakurle gehienen irismenetik kanpo zeuden hausnarketak jarri zituzten mahai gainean. Bitartekari lan horretan ere nabarmendu zen Lete.

Kolektiboak harremanetan jarri zituen garaiko artista asko. Letek bizitza osoan bidelagun izango zituen pertsonak ezagutu zituen bertan. Tartean, hasieratik liluratu zuen Lourdes Iriondo. Batera bizi, sortu, sufritu, gozatu eta atseden hartzeko jardina landatu zuten lurrean.

Bere hasierako bertsoek izaera soziala zuten. Artista batek gizartearekiko zuen konpromisoa modu argian agertzen zuen. Pertsona jantzia izan zen Lete. Zalantza izan zuen ziurtasun bakar, ezkortasuna aurrera begiratzeko akuilu, eta iluntasuna argiari begiratzeko teknika.

Garai hartako kantariek poetatzat zuten; baina Benito Lertxundik kantatzerik izan ez zuen kontzertu batean Letek oholtza gainean jarri zuen bere gorputza lehen aldiz. Entzulearekiko zubia aisa eraikitzen zuela erakutsi zuen. Oholtza gaineko animalia zen Lete.

Kantagile gisa, urte oparoak izan ziren 70eko hamarkadakoak. Orduan argitaratutakoak dira kasik ereserki bilakatu diren Izarren hautsa, Haizea dator ifarraldetik, Xalbadorren heriotzean (II) eta abarrak.

Bere ideiak papereratzen eta ondoen zihoakion formatuan jartzen maisua izan zen Lete. Kantari eta poeta gisa errekonozitua izan bada ere gutxitan goratu da bere lana bertsolari gisa. Historiako bertso jartzailerik onenetakoa izan zen oiartzuarra. Gainera, estilo oso ezberdineko bertsolarien, Txirritaren eta Xalbadorren, estilora idazten bazekiela frogatu zuen bere kantetan.

Bertso propioak idatzi eta zaharrak gizarteratu zituen; eta bere eragina oso indartsua da gaur egungo doinutegian eta metriketan.

Urrats desbideratuak

80ko hamarkadan politikan jarduteko eskaintza jaso eta onartu zuen. Kalte handia eragin zioten zeregin horretan jardundako urteek. Barruan zeraman gaitzak lehen astinaldiak eman zizkion. Heriotzak bestaldean kokatu zuen eta heriotzaren arnasa usaintzera ailegatu zen.

Arrisku eta presentzia horrekin bizitzera ohituta, bere obrak iluntzez eta neguz bete ziren; baina aldi berean baita bizi gogoz eta edertasunez ere.

2005ean egunsentiaren esku izoztuek harrapatu zuten Iriondo. Biak maiz gaixo egondakoak ziren eta elkarrekin hiltzea desio zuten. Hala ere, Iriondok despedidan esan zion oraindik ere edertasun sortzaile izan zitekeela, eta zeregin haren emaitza da zendu baino lehenago argitaratutako azken maisulana:

«han daude gure aurrekoak mezu xamurrekin
leialtasunaren mezua igortzen digute
hondarrean gelditzen zaizkigun egunsentietara
ezin dizuet ezer gehiago eskaini
agortu zaizkit hitzak, bizitza, miresmena
ibiltari biluztuen bidetik noa zuekin eskutik».

Zentzura

Zentsuraren aurka jardun zuen Letek frankismoaren zirrikitu bihurrietan. Debekaturik zeuden bere kantaldiak herri askotan. Zailtasun horrek Leteren —eta garai hartako artista askoren— letren modulazioa behartu zuen. Estilo poetiko bat gailendu zen zeina entzulearen belarrietan berreraiki behar baitzen. Kodigo honetan esaten ez zenak esaten zenak bezainbesteko garrantzia zuen.

Urteak joan ahala zentsura laxatu egin zen eta Letek zenbait pasarte berridatzi, leundu, zehaztu zituen garaiko bere pentsamendura hobeto doitu zitezen. Bere esan nahia eta entzuleriak ematen zien esanahia ez zetozen beti bat eta bere zentzura errenditu nahi zituen letrak. Ordurako, ordea, zenbait letra herriarenak ziren. Hori da artista baten lorpen gorena, eta kondena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna