W. Labov soziolinguista hil dela enteratu naute

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Behin Txirritak, estropadak zirela-eta, honela bota zuen:

«Getariarrak ziran bostgarren, ala enteratu naute,
eztira ola kostunbratuak orañ dala zenbat urte;
bakoitzak bere aiekatikan enpeñatu dira fuerte,
zer esanikan ez da oientzat, egiñala egin dute».

Getariarrak izan beharrean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalista izan den edonor izan zitekeen lehena edo bosgarren lehiaketan geratutakoa eta niri horixe esango didate, hala izatekotan, baina nik ez nuke inola ere arrapostuko «enteratu naute».

Txapelketan parte hartu dutenen artean nork botako luke halakorik? (enteratu naute) esan didate-ren partez, eta horrela abestekotan, epaieek, aldiz, nola puntuatuko liokete?

Hizkuntzaren eta kulturaren (gizartearen) arteko harremanetan sakondu ahal izateko ukipen hizkuntzalaritzatik sortu zen soziolinguistika bera. Honez gero, soziolinguistikaren bidez, hizkuntzaren erabilerak gizarte jakin baten egituraketaren berri ematen digula jakin badakigu. Esate baterako, Indiako gizartean irauten duen kasten arteko bereizketak bertan erabiltzen diren hizkeraren arabera sailka daitezke, edo herri islamikoetan, agintarien diskurtsoak zer motatako indarrez helaraztea nahi izaten den erabilitako mintzaira dela medio jakiterik izango dugu; Erresuma Batuan zer-nolako gizarte-klasekoa den hiztuna hizkerak berak argitzen digu edota AEBn gizabanako jakin baten integrazio-mailaren berri hark erabili ohi den hizkera motak emango du. Hori guztia, gainera, esapidean eta, zehazkiago esanda, hizkeran oinarriturik.

Soziolinguistikan, aditu bakoitzak hizkeren osagarri ezberdinen artean bere gustukoena izango du. B.Bernsteinek, adibidez, aldaeren gainetik estandarra goraipatu du (Class, CodesandControl, 1971) W. Labovek, berriz, hizkerak ditu gogoko bere ikerketarako (Sociolinguistic Pattersns, 1972.), baina denek gizartea eta hizkuntzaren erabilera lotu egiten dute hizkeraren bidez.

B. Bernsteinen ustez eskolak ezin du ezabatu gizarte klasearen marka eta klase altuen hizkuntza beti gizarte klase baxukoena baino aberatsagoa izango da «literarioagoa» delako. Beste hitz batzuetan esanda, gizarte egitura asimetrikoa, berez, erreproduzitu egiten da arrakala soziala beheratzeko eginiko edozein saiakeraren gainetik. Ikuspegi honek, bada, ez die aukerarik ematen gizarte klasista orekatzeko ahaleginei, eta haren ezinbesteko iraupena aurreikusten du hiztunek erabilitako hizkera mota ikertu ondoren.

W. Labovek, aldiz, kontrakoa dio, hau da, Pensilvaniako beltzen ahozko hizkerak azterturik, haiek ohiko «hizkuntza estandarra» erabili ez arren, oso hizkuntza sortzailea darabiltela aldarrikatu izan du, hala morfosintaxian, nola semantikan ere eta, ondorioz, haien hizkerak aurrez aipatu hizkuntza estandarra baino aberatsagoa dela ihardetsi du.

Txirritaren arrastoari jarraituz, horra emandako enkargu baten berri nola eman zigun:

«Siglo berrian oi ta amabost bat urte,
ez gera iritxi baño ez dira aparte;
bertsuak paratzeko enkargatu naute,
arbola izugarri bat dala mediante».

Bistan denez, goiko «enteratu naute» (esan didate) horren partez oraingo «enkargatu naute» ez bide da ustezko enkargatu naute (didate) gaizki adierazia, «izendatu naute» argia baizik. Hau da, hizkuntza estandarra baino askoz adierazgarrigoa dena, hizkera herritarrak ulertzeko moduan esanda.

Ildo beretik, eta Txirritaren eskutik betiere:

«Arto-maiorazko nintzan nere tokamentuz,
serbitu izan banu aita pulamentuz.
Lengo paraje xarrian arkitzen naiz puntuz, (xaharrian?, txarrian?)
bueltiatuko naute ezpanabil kontuz».

Zeinean, argia denez,«bueltiatuko naute» honek atzera bidali edo bueltan bidali esan nahi duen.

W. Labov joan zaigu. Ikasketaz ez zen filologoa edo hizkuntzalaria izan, kimikaria baizik.

Gurean euskara batuaren aldarrikatzaileak, Gabriel Aresti kontularia, Txillardegi eta Ibon Sarasola ingeniariak, Txomin Peillen biologoa... denak hizkuntza/hizkerak mundura etorriak izan dira, eta, horregatik agian, herri mintzairak jasotzen eta ezagutzen saiatu dira edozein arau zurrun erabiltzearen ordez.

Ildo horretatik, Ernest Psichanik (1854-1929) grekoaren normalizazioaz sortutako diglosia kontzeptua (hizkuntza berean bi azpi-aldaera berezitu behar izana, hau da, katharevusa edo goi-mailakoa eta demotikoa, herritarra...) Fergusonek (1959) sakondu eta zabaldu zuen, Diglosiaren Teoria Orokorra sortzeko arabieratik bertatik abiaturik. Kasu guztietan, jakina, hizkuntzaren aldaera bakoitzak gizarte egituraren berri ere ematen duelarik.

Soziolinguistikak, hala ere, ezin izan du azaldu zergatik, adibidez, grekoan edota arabierarengan goi mailako hizkuntzaren kaltetan inposatzen ari den eredua herritarra den (ahozkoa) eta Quebeceko frankofonoen artean zein Suitzako germanofonoen artean, ostera, hizkuntza estandarra den gizarte mailan garaile (eredu idatzizkoa), tokian tokiko erregistroak desagertze bidean dauden bitartean.

Garbi dagoena, aidanez, hauxe dugu: Fergusonek aurreikusitakoaren kontra, hizkuntza jakin baten aldaerek ezin dutela iraun betiko. Aitzitik, aldaera haietariko bat izaten da gizarte mailan hobetsia eta, ondorioz, kultur ekoizpenerako erabilia.

Hau dena ulertzen, ordea, W.Labovek lagundu zigun, orain, berau hil berria, gure hizkeran bego...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.