Plazera gure gorputz jabetzarako bide

Eider Goiburu
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Gaur egun sexualitatea oso era askean bizi dugula dio kalean dabilen diskurtso sozialak. Horren arabera gaur egungo gazteek beste heziketa bat izan dute, debekuan oinarritu ez dena. Askoz ere informazioa gehiago izan dute, eta sozialki ere onarpen gehiago dago desio ezberdinen adierazpenen gainean. Aldiz, sexualitateen gainean hausnarketak egiten gabiltzanok ikusten dugu nola desio batzuen gainean hitz egin daitekeen baina beste desio batzuk debekatuta dauden, fantasia batzuk zilegi diren, eta beste batzuk, ordea, ez. Era berean, gorputz jakin batzuk desiragarritzat jotzen ditugu eta beste gorputz eredu batzuei ez diegu aitortza hau egiten. Beraz, sexualitatea agian orain dela 50 urte baino askeago bizi daiteke gaur egun Euskal Herrian, baina marko heteropatriarkalaren barruan betiere. Hori da sozialki onartuta eta bistaratuta dagoen sexualitate eredu hegemonikoa eta horren barruan izan dezakegu askatasun gehiago.

Eredu horretan emakume gisa sozializatuak izan garenok gure gorputzari buruz mezu argi bat jaso dugu: geure gorputza besteentzat da, gizonentzat. Testuinguru honetan, emakumeon balio handienetarikoa sexu objektu izatea da, ez, aldiz, desio subjektua. Desio subjektu izateak gure gorputzaren jabe izatea esan nahi du. Gure gorputza ezagutuz haren gaineko erabakiak hartzea, nahi dugun moduan esperimentatzea, gorputza plazer iturri moduan ulertzea, gure desio, erritmo, nahiak ulertu eta aldarrikatzeko gaitasuna eta eskubidea izatea azken batean.

Orain dela gutxi, lagun arteko bazkaria izan nuen, guztiok emakumeak eta aludunak. Artikulu hau idatzi behar nuen aitzakiapean, gure masturbazioaren gaia jarri nuen mahai gainean, ardo botila eta hainbat jaki goxoren artean. Plazerez bete genuen mahaia. Esperientzia ezberdinak partekatu genituen: noiz hasi ginen masturbatzen, noiz eta nola hartu genuen masturbatzen ari ginen kontzientzia, noiz eta nola masturbatzen ginen, zer-nolako jostailuak erabiltzen genituen, erabilpen moduak, zein sentsazio ezberdin genituen eskuekin masturbatzean edo jostailuak erabiliaz, ametsetan genituen orgasmoen intentsitateak, eszitatzeko erabiltzen genituen bideak, hau da, fantasiak, gorputzak oparitzen dizkigun zirrarak eta noiz eta norekin hasi ginen gure esperientzia horiek partekatzen. Oso bazkari atsegina izan zen. Barreak, harridura aurpegiak, konplizitate begiradak, lotsak eta hezetasunak ere izan ziren gure artean. Lehenengo aldia zen lagunarte horretan geure masturbazioaren gainean hainbesteko zehaztasunez hitz egiten genuela. Gai honi gure espazio eta elkarrizketetan horrenbeste denbora eta zilegitasun ematen geniola.

Ni feminismora, sexualitatearen atetik sartu nintzen. Sexualitateen bizipenak aztertuz ulertu nuen nola eragiten zuen patriarkatuak gorputzetan orokorrean eta bereziki nire gorputzean. Nola ukatzen zidan nire gorputzaren edertasuna, plazera sentiarazteko duen gaitasuna eta baita autozaintza eskubidea ere. Horregatik, emakumeok masturbatzea, gure plazera bai indibidualki bai kolektiboki aldarrikatzea, gai honen inguruan hitz egin eta bizipenak gure artean partekatzea, gure gorputzen jabetzarako bidea da. Feminismoak irakatsi digun bezala, pertsonala politikoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.