Kantatuz eta dantzatuz patriarkatua zartatuz

2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Azaroaren 25eko emakumeen kontrako indarkerien protestetatik hona hilabete eta erdi pasatu da, baina ordutik hona aktibismo eta protesta feministan errotik eragin duenperformancea guztion ahotara iritsi da. Bortxatzaile bat zure bidean edo Bortxatzailea zu zara Txilen A25eko protesta horien harira ezaguna egin den abesti eta dantza dugu, Las Tesis izeneko taldeak sortutakoa. Agudo hedatu da mundu guztian zehar, eta baita, nola ez, Euskal Herrian ere. Beran hasi, eta Iruñean, Bilbon, Donostian, Gernikan eta beste hainbat herri zein auzotan ere emakumeak elkartu, kalera atera eta iraultza txiki bezain handi honen parte bihurtu dira.

Gizarte mugimenduen ikerlari gisa bereziki interesgarria da nola aro digital honetan plazak berreskuratu diren ikustea. Ez da kasualitatea, sinbolikoki esanahi handiko hautua da, bideoa banaka bakoitzak bere etxean ere grabatu ahalko luke. Baina ez, taldean daude, plazan, kalean, denak batera, arazoa ez baita norbanakoarena, kolektiboa baizik, eta espazio publikoa okupatuz erakutsi nahi dute hori. Performancea bera ere katarsi antzeko bat da parte-hartzaile bakoitzarentzat, begiak estalita izatea, dantza, guztiek batera seinalatzea, mugimendu eta hitz bakoitza balio sinbolikoz beterik dago. Aurrekoan txiolari batek zioen performance honek urteetako terapiak baino indar handiagoa izan zuela berarengan, eta baditu, bai, maila psikologikoan hori lortzeko lanabesak.

Psikologia sozialetik Collective symbolic coping delakoaren adibide garbia izan daiteke hau, zeinak defendatzen duen banako mailan gertaerei aurre egiteko horietaz hitz egitea behar dugun bezala, talde mailan ere aurre egite kolektibo baten beharra dugula. Matxismoa, patriarkatua, emakumeekiko indarkeria eta biolentziaren errua gugandik aldendu eta arduradunengan, besteengan, beste zu-engan jarri beharra dago, egunerokotasunean estrukturalki zapaltzen gaituzten zu horiengan guztiengan. Maila kolektiboan, batera, elkarrekin, plazan egiteak aurre egiten lagun diezaguke, guztioi, bai dantzan eta abesten daudenei, eta baita haiei begira gaudenoi ere. Performancea eta hura ikusteko gure herrietako plazak betetzen ikustea patriarkatuaren zapalkuntzariaurre egite horren kanalizatzaile bihurtzen ari baita.

Halere Bortxatzaile bat zure bidean ezin daiteke abesti soil gisa ulertu. Rita Segatoren lanetan oinarritutako letra eta koreografia beren-beregi egokitzen dira egungo mugimendu feministen mundu mailako aldarrikapenetara: patriarkatua, sistema judizial matxista, feminizidioak, emakumeekiko abusu polizialak, bortxaketa, haurren kontrako abusuak... leku oroko erronkak eta borrokak dira, hemen eta han, baina bereziki hemen gure mundu txiki hauetan emakumeok egunerokotasunean bizi ditugun borrokak dira.

Agenda-ren teoriek diote gaiak garrantzitsu izateko ikusaraziak izan behar direla. Bortxatzailea zu zararen oihua agenda publikoetan sartu da, kaleetan dago, sareetan dago, albistegietan dago eta remix bertsio bat ere sortu dute gure musika bihur dadin. Askok abesti edo dantza bat ikusten dute, ikur bat asko jota, baina ez da ikur soila, borroka da, dantza borroka da, abestia borroka da eta bereziki plazetan, kaleetan, parlamentuetan, unibertsitateetan agertzea eta espazio publikoan hau guztia lau haizeetara oihukatzea borroka da. Mugimendu feministatik borroka eredu hegemoniko tradizionaletatik haratago joatea eta eredu berriak sortzea apustu bat da, aktibismo digitala izan zitekeen orain arte horren adierazle, baina hau ere bada.

Gainera, performance horiek ezin dira fenomeno soil moduan ulertu, mundu mailako borroka feministen beste isla baten moduan baizik. Azken urteetan feminismo ezberdinak munduan barrena ezbairik gabeko olatuak sortzen dabiltza: hor dira sarean #metoo edo #YesAllWomen mugimenduak, Argentinako abortuaren aldeko protestak, Estatu Batuetako emakume martxak etab. Eta urrutira joan gabe, etxean, hor ditugu martxoaren 8ko grebak, La Manada kasuaren kontrako protestak edota Euskal Herriko jardunaldi feministak, gutxi batzuk aipatzearren...

Halere, bai sarean, bai komunikabideetan, eta baita kaleetako eztabaidan ere, honek guztiak politika kanalizatzaile edo neurri zehatzak abian jartzeko balioko duen itaun egiten digute hainbatek gizarte ikertzaileoi. Ez dugu hau ebazteko bola magikorik, noski, eta ezin dezakegu espero estimulu erantzun zuzena sortuko duen mugimendu pauloviarrik, baina begi bistan dagoena da aldarrikapen feministak agenda politikoko eta are garrantzitsuagoa den agenda sozialeko parte bihurtzen ari direla eta tentuz jarraitu, zaindu eta bultzatu behar ditugula finean nahi ditugun erantzun politikoetara hel daitezen.

Dantza batek edo abesti batek ez du gizarte patriarkala hautsiko, noski, baina greba batek ere ez, ezta manifestazio batek edo aktibismo digital kanpaina batek. Baina bakoitzak patriarkatuari arrakala txiki bat sortzen badio eta aldi berean feministen kolektiboa batzen eta plazetan indartsu egiten badu, garaipen txiki handi bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.