Kontserbadoreen neurrira

Irango Parlamenturako bozak egingo dituzte bihar. Guardia Kontseiluak 7.000 hautagaitza baino gehiago baliogabetu ditu. Parte hartze baxua espero da, erregimenarekiko atxikimendu faltagatik

Emakume bat hauteskunde kanpainako kartel batzuen paretik oinez, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Teheranen eta Washingtonen arteko tentsio giro betean egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak, bihar, Iranen. Ganbera osatuko duten 290 kideak aukeratuko dituzte herritarrek, eta bozek Hassan Rouhani Irango presidentearen agintaldi amaierako agertoki politikoa marraztuko dute, 2021ean presidentea hautatzeko hauteskundeak egin aurretik. Iragarpenek diote muturreko kontserbadoreek gidatuko dutela parlamentua Rouhaniren agintaldiko azken hilabeteetan.

Hauteskundeak kontserbadoreen neurrira eginak dira: Guardia Kontseiluak —sei juristak eta sei erlijio agintarik osatzen dute— 7.000 hautagaitza baino gehiago debekatu ditu. Gehienak hautagai erreformistak eta moderatuak dira. Erabakiak haserrea eragin du sektore kaltetuetan, eta hainbat eragilek bozei boikot egitera deitu dute, erregimenaren zilegitasuna auzitan jartzeko. Abstentzioaren mamua uxatu nahian, Ali Khamenei aiatolak ohartarazi du hauteskundeetan parte hartzea «eginbehar erlijiosoa» dela.

Herritarrei bozkatzeko eskatu die Rouhani presidenteak ere, nahiz eta Guardia Kontseiluaren debekuen aurka mintzatu den. Jakitun da abstentzio altu batek ia babesik gabe utz dezakeela bere gobernua parlamentuan, presidentetzarako bozen aurreko urtean. Ziurtzat jotzen baita muturreko kontserbadoreen aldekoek parte hartze altua izango dutela.

Krisi ekonomikoa

Debekuak ez dira abstentzio altua eragin dezaketen kausa bakarra. Azken hilabeteetan, higatu egin da Rouhanik eta haren bloke kontserbadore moderatu eta erreformistak gizartean zuten babesa. Krisi ekonomikoak eta politikoak ahuldu egin du herritarren atxikimendua. AEBek Irani ezarritako zigor ekonomikoek kalte nabarmena egin diote ekonomiari eta gizarteko sektore zabalen bizi baldintzei. Gasolioaren bat-bateko igoerak protesta jendetsuak piztu zituen iazko azaroan, herrialde osoan. Erregimenak gogor erantzun zien protestei, eta 300 manifestari baino gehiago hil zituen.

Horrez gain, urtarrilaren 8an, Irango armadak akats baten ondorioz Ukrainako bidaiari hegazkin bat suntsitu izanak eta gobernuak hasieratik ardura bere gain hartu ez izanak ere haserrea eragin zuen herritarren artean.

Kontserbadoreen ildo gogorrak ahul ikusten du Rouhaniren gobernua. Mendebaldera gerturatzearen aldeko jarrerak kolpe latza jaso zuen 2018ko maiatzean, Donald Trump AEBetako presidenteak akordio nuklearretik irtetea erabaki eta Irani zigor ekonomikoak ezarri zizkionean. AEBek Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen buruzagi zena hil izanak ere hauspotu egin du muturreko kontserbadoreen diskurtsoa eta Mendebaldearen kontrako jarrera. «AEBen kontrako parlamentua» agindu dute.

Debekuak

Guardia Kontseiluaren hautagaitza debekuek lagunduko diete erreformistak eta kontserbadore moderatuak estu hartzen. Kontseiluak 7.000 hautagaitzari baino gehiagori ezarri die hauteskundeetara aurkezteko debekua; hautagaitzen erdiak utzi ditu lehia politikotik kanpo. Horien artean daude azken legealdian parlamentari izan diren 70 ordezkari baino gehiago. Erreformisten Goi Kontseilu Politikoak salatu du ezin izango duela hautagairik aurkeztu barruti ugaritan; parlamentuko 290 eserlekuetatik 230etan lehiatzeko aukerarik gabe utzi dituzte. Salatu dutenez, Guardia Kontseiluak izendapen prozesu bihurtu du hauteskunde prozesua. Hori dela eta, zenbait sektorek bozei boikota egitera eta kalean mobilizatzera deitu dute.

Trumpen atzerri politika muturreko kontserbadoreen indartzea sustatzen ari da Iranen. Parlamentuak praktikan ez duen arren politika nagusien norabidea erabakitzeko beste botere, ildo gogorreko kontserbadoreek Rouhaniri presio egiteko eta presidentetza bozetarako estrategia garatzeko baliabide garrantzitsua eskuratuko dute ganberan gehiengo zabala lortzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.