Vicenç Fisas. Idazlea

«Utzikeria politikoa da elikadura eskasiaren eragile nagusia»

Gosea zerk eragin eta betikotzen duen ikertu du Fisasek 'Matar de hambre' (Gosez hil) liburuan. Idazleak eslogan batean laburbildu du goseari aurre egiteko giltzarria: «Erruki gutxiago eta iraultza gehiago». Politikan jarri du arreta.

VICENÇ FISAS.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Egungo errealitatearen parte da gosea, herrialde askok pairatzen duten sufrimendu gordina denez gero. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak emandako azken datuen arabera, 42 herrialdek behar dute kanpoko elikagaien laguntza, eta Afrikakoak dira horietatik gehienak. Matar de hambre (Gosez hil) liburua idatzi du Vicenç Fisasek (Bartzelona, 1952), eta argi du non dagoen arazoaren muina: agintari politikoen «utzikerian». Arazo estrukturala dela ziurtatu du, eta bi dimentsio bereizi ditu: barnekoa eta kanpokoa.

Gaur egun, herrialde askotan dago gosea eta elikadura eskasia kronikoa. Saihesgarria da?

Bai. Elikadura eskasian indize altuak dituzten herrialde gehienek arrazoi politikoengatik dituzte: agintari politikoen arreta faltagatik, ustelkeriagatik, autokraziagatik, ezberdintasun sozialengatik eta beste. Horrek erakusten du utzikeria politikoa dagoela. Egiaz, badaude faktore naturalak ere; lehorteak, esaterako. Baina, hori, normalean, saihestu edo arindu daiteke kudeaketa politiko egoki batekin. Beraz, arreta beste leku batean jarri behar da: herrian interesik jartzen ez duten politikoengan.

Arazoa ez dago elikagai kantitatean, baizik eta hori nork kontrolatzen duen, ezta?

Hori da. Mundu osoan bizi den jendearentzat baino askoz janari gehiago dago. Ez da hori arazoa. Alde batetik, elikadura katearen kanpoko kontrola dago: multinazional eta enpresa handiek agintzen dute. Horiek herrialderik txiroenetan lurrak erosten dituzte, eta gero esportatzeko elikagaiak ekoizten dituzte han. Halere, sistema internazionalaren faktore estruktural horiez gain, garrantzitsuagoa da barneko dimentsioa ikustea, endogenoa: zergatik XXI. mendean oraindik ere horrenbeste herrialdek dituzten elikadura eskasian tasa horiek. Egia da horietako asko gerran dauden herrialdeak direla, eta gerrak jaki falta eragiten duela. Baina badaude beste batzuk gerrarik gabe ere egoera antzekoak dituztenak.

Zerk eragiten ditu arazo horiek? Zergatik jarraitzen dute?

Kudeaketa txarra dagoelako, edo, sinpleki, ez dagoelako inolako kudeaketarik herritarrak elikatuta mantentzea bezain funtsezkoa den kontu bat konpontzeko. Ez da kasualitatea eskualde jakin batean herrialde batek horren gose indize altuak edukitzea, eta 50 edo 80 kilometrotara horrelakorik gertatzen ez den beste herrialde bat egotea, egoera klimatiko berdinak edo oso antzekoak dituztenean. Herrialde batek baldin badaki, adibidez, lehorteak izango dituela, jendeaz kezkatzen den gobernu on batek prebenitu egingo du, eta produktuak egokitzeko politika bat egingo du jendeak goserik ez izateko une zailetan. Jakina, kanpo faktoreak ere badaude, baina ezin zaio beti sistema internazionalari bota errua.

Beraz, arazo sistemikoa eta estrukturala da?

Bai. Baina bi dimentsio daude: barnekoa eta kanpokoa. Barne estruktura da lehen arduraduna, eta bigarrena, menderatze eta kontrola duen kanpo estruktura. Enfasia barne faktoreetan jarri behar da. Gertatutakoa kanpokoei leporatzea erraza da, baina ardurak ez hartzeko aitzakia ere bada. Herrialde gehienetan oso altua da pobrezia multidimentsionala. Zer esan nahi du horrek? Ez dutela oinarrizko zerbitzuetarako sarbiderik: osasuna, hezkuntza eta abar. Hori da benetako pobrezia.

Zer mekanismo eta efizientzia daude gosea arindu edo desagerrarazteko?

Krisiak edota larrialdiak daudenean, egoera hauek leuntzen saiatzen diren erakundeak daude. Elikagaien Munduko Programa, esaterako. Baina horiek ez dute askotarako balio. Gobernuz kanpoko erakunde asko daude, baina ezin dute ezer egin herrialde askoren multzoaz edota lurralde zabal bateko arazoaz ari garenean. Barne politiketan dago gakoa: sakonak izan behar dute, eta kontu hauen errora jo. Sistema ekonomikoa aldatu behar da, eta politikari arduratsuak behar dira, beren eguneroko kudeaketa orientatzen dutenak ezberdintasun sozialak murrizteko, ez egoteko horren pobrezia maila altua, oinarrizko beharrak asetzeko, eta beste. Ez bada hori egiten, herrialde horiek gosea izatera kondenatuta daude; ezinezkoa da hortik irtetea.

Hautu eta lehentasun kontu bat dela baieztatzen duzu.

Bai, guztiz. Liburuan ez dut modu teoriko edo abstraktu batez hitz egiten; ez ditut diskurtso hutsal bat egiteko gauzak asmatzen. Horren ordez, elikadura eskasia arazoak dituzten herrialdeak aztertzen ditut; azken 30 urteen historia ikusten dut, ea zer gertatu den, nola euren politikak harremana duten gai honekin. Eta beti gauza berarekin egiten dut topo: harreman estuegia dela. Dena utzikeria politiko hutsa da. Gatazka armatuak dauden kasuetan, zigor bezala sortzen da gosea: biztanleria errebeldeen aurka edota etsaiak kontsideratzen direnen kontra.

Nork eta zergatik erabiltzen dute gosea zigortzeko instrumentu gisa?

Gerra bat dagoenean, oso garbi dago: batzuek boterean jarraitu nahi dute, beste batzuek berreskuratu egin nahi dute, eta besteek, konkistatu. Agintari politikoen arteko borroka horrek gerrak irautea eragiten du, eta beti-beti herria da kaltetuena. Gosea gerra estrategia bat da. Janari falta eragitea jendea kanporatzeko modu bat da, ihes egitera bultzatzeko. Horregatik ikusten ditugu horrenbeste herrialde husten. Jendeak ezin du gehiago eutsi.

Belikoak ez diren testuinguruetan, berriz, herrialde batzuetan gosea zigor politiko bat da: agintariek ez dute behar adina edo ezer egiten jendeak nahikoa janari izateko. Ez dago politika planifikaturik oinarrizko elementu hori ziurtatzeko , eta horren atzean zitalkeria politikoa dago. Herririk ahulenak eta pobreenak zigortzeko modu bat da. Izan ere, horiek ez zaizkie interesatzen agintari politiko ustelei.

Harreman estua dute goseak eta gerrak?

Bai, oso estua. Gerretan beti dago mekanismo klasiko bat, eta, gainera, errepikatuz joaten da leku guztietan: gerrek segurtasun falta handia eragiten dute, eta horrek herritarrak lekualdatu beharra ekartzen du, edo inguruko herrialdeetan babesa hartzera joatea. Landa eremua uztea esan nahi du horrek, uztak abandonatzea. Ezin dira hurrengo denboraldiko uztak jaso, eta, beraz, elikagai gabezia egongo da, eta, hori dela eta, guztia garestituko da. Kate bat da dena.

Bestalde, Siria bezalako leku batzuetan gerrako estrategian hiri batzuk blokeatzea sartzen da, hiri-populazioa setiatzea. Ez diete sartzen edo irteten uzten, eta elikagairik gabe geratzen dira, eta gosez eta hotzez hiltzen. Gainera, nazioarteko erakundeei ez diete elikagaiak bidaltzen uzten. Hori zigor politiko hutsa da. Errealitate bat da gerretan gosearen bidez hiltzen dela.

Nolako erantzukizuna dute gobernuek, korporazio transnazionalek edota herrialde aliatuek hori eusten?

Sinpleki, aprobetxatu egiten dira egoera honetaz: ustelkeria, autokrazia, burokrazia, autoritarismoa eta abar. Irabaziak atera nahi dituzte egoera horretatik. Gerrak dituzten herrialdeetan ere, enpresa multinazional horiek probetxua ateratzen dute. Baliabide naturalak ustiatzen dituzte euren mesedetarako, izan meatzaritzakoak edota elikadurakoak. Hori dela eta, konplizeak dira. Halere, ezin da egoeraren erru osoa kanpo eragile horien gainean jarri; barneko eragileen erantzukizun osoa hartu behar da kontuan.

Uste duzu gosearen kausak ezkutatu eta fenomeno neutralizatu eta despolitizatu bat balitz bezala aurkezten dela?

Bai. Konplot izugarria dago. Sektore askok hartzen dute parte, baita gobernuz kanpoko erakunde askok ere. Sentitzen dut, baina hala da. Ez gaude XX. mendearen hasieran, XXI. mendean gaude, eta aski teknologia dago hau ez existitzeko. Alabaina, badaude herrialdeak biztanleriaz guztiz ahazten diren agintariekin. Propio hartutako erabaki bat da.

Bestalde, liburuan diozu begirada errukitsua arriskutsua izan daitekeela.

Begirada errukitsu horretan ostatu ez hartzea da kontua. Dohakaitza da telebistan iragarkiak ikustea hezur hutsak diren umeekin, betiere ez baduzu ikertzen zer dagoen horren atzean. Jendearen errukiari heltzen diote dirua jasotzeko, eta ez da ezer egiten testuinguru horietan gerrarik ez egoteko edota armak eta munizioak izatea saihesteko. Lotsagarria da Yemengo haurren irudiak erakustea, gosetea dutela, eta alboratzea Espainia bezalako herrialdeak negozioa egiten ari direla haiek bonbardatzeko bonbak saltzen. Horrez gain, testuingurua ezagutu behar da. Begirada errukitsua izatera eta karitatera mugatzea ez da egoera hori betikotzeko beste mekanismo bat baino. Eslogan batean laburbilduko dut: erruki gutxiago, eta iraultza gehiago.

55 herrialde aztertzen dituzu liburuan, baina Afrikaren kasua nabarmendu behar da. Izan ere, aztertutako herrialdeetatik 44, hau da,%80, afrikarrak dira. Zergatik?

Liburuan kolonizazioak izan duen ikaragarrizko inpaktuaz hitz egiten dut. Hori agerikoa da; garbi ikusten da 1960ko hamarkadan, deskolonizazioa gertatzen denean. Historia beldurgarria dute. Baina hortik 60 urte pasatu dira jada, eta munduko herrialde asko irten dira egoera kolonial horretatik. Beste batzuk, berriz, ez. Hobeto daude, baina oso gaizki jarraitzen dute.

Kubaren eta Haitiren arteko 80 kilometroko distantzia da adibiderik lazgarriena. Haitik munduko elikadura-eskasia indizerik altuenetan laugarrena du, eta ez ditu arazo asko: ez daude gerra betean. Bitartean, uharte berean, kilometro bateko distantziara Dominikar Errepublika dago, eta ez du arazo hori. Gainera, Kuban, nahiz eta arazo politikoak eduki, gobernua arduratu da jendea janariz hornitzeaz.

Horri lotuta, Afrikan dagoen arazoa ez da biologikoa; eskualde eta herri askoren bazterketaren ondorio da. Baliabide aldetik oso kontinente aberatsa da, eta ez lituzke elikadura eskasiaren indize horiek izan behar. Zoritxarrez, gatazkak ugaritzen dira hain justu baliabidez aberatsak diren eremuetan. Ez dago herrialde bat bera ere gauzak ezerengatik gaizki doazkiona. Lehorteak eta beste zailtasun batzuk izan ditzakete, baina beste politika batzuekin askoz gosete maila baxuagoak izango lituzkete.

Egoera hori iraultzeko gai ikusten dituzu herrialdeak?

Oso prozesu konplexuak dira. Iraultza eskatzen du, eta ez aldaketa txikiak. Herrialde horiek barne aldaketak egin behar dituzte, eta boteretik bota herritarrez kezkatzen ez diren agintari politikoak. Ondorioa argia da: demokrazia gehiago izateko herri matxinadak behar dira, esku hartze handiagoa, eta, batez ere, jendeaz kezkatzen diren agintari politikoak behar dira. Hori gertatzen den egunean aldatuko dira gauzak. Hala, gure eginkizuna hori gertatzen laguntzea da. Ezin dugu egungo statu quo hau mantendu, ezin dute gauzak dauden bezala jarraitu. Ez. Gauzak goitik behera aldatu behar dira. Bestela, ez dago irtenbiderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.