Euskara edo/eta Europako hizkuntzak aro digitalean

2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako kultur eta hizkuntza aniztasunaren mosaikoa altxor bizia da; hartara, hori sustatzeko politikak zein gizarte ekimenak ezinbestekoak izan dira aro analogikoan, eta izaten ari dira aro digitalean. Hizkuntza teknologiek asko lagundu dezaketela uste dute Europako Batzordean horretan diharduten adituek; berariaz landu eta garatutako politika inklusiboak izanik, betiere.

Kontinente zaharrak 746.000.000 inguru biztanle ditu, 50 estatuk osatzen dute eta 91 hizkuntza hitz egiten dira, gutxienez, bere lurretan. Hizkuntza horien guztien izaera edo estatus soziopolitikoa desberdina da: batzuk ofizialak dira eta baliabide sendoak dituzte; besteak eremu urrikoak edo eskualde-hizkuntzak dira, baliabidez mugatuak. Euskarak izaera koofiziala du autonomia erkidegoan, gaztelaniarekin batera, katalanak eta galegoak euren erkidegoetan bezala; eta eremu urriko hizkuntzen artean daude. Frantzian, berriz, eremu urriko hamar hizkuntza badaude ere (euskara, bretoiera, korsikera, okzitaniera...) hizkuntza ofizial bakarra dago, frantsesa.

Hizkuntzaren izaera estatus soziopolitikoarekin lotuta dago, ez hizkuntzarekin berarekin. Hizkuntzaren bizi-indarra neurtzeko, berriz, hainbat adierazle daude; hizkuntzaren estandarizazioarekin batera, gaur egun, aro digitaleko presentzia eta garapena pisuzko aldagaiak dira. Esate baterako, Google-eko itzultzaileak dituen hizkuntzen zerrenda adierazle esanguratsua da; bertan daude, bai euskara, katalana zein galiziera 109ren artean. Halabaina, ez dugu ahaztu behar, parametro horien arabera, Europan 20 hizkuntza inguru desagertzeko arriskuan ere badaudela.

Europako Batasunera etorriz, bada kultura eta hizkuntza aniztasuna sustatzeko egitasmorik. 1994an Europako Parlamentuak onartutako eskualde eta eremu urriko hizkuntzen gutuna dago oinarri gisa, alde batetik. Europako Batzordearen baitan azken hamarkadan Batasuneko hizkuntzak aro digitalerako prestatzeko ekimenak martxan daude, bestetik. Premisa hauetan oinarritzen dira: eleaniztasuna Europako kultur aniztasunaren aktibo handienetako bat da, eta, aldi berean, EB benetan integratua sortzeko erronka handienetako bat. Hizkuntza-mugak gainditzea funtsezkoa da EBrentzat aro digitalean. Europako herritarrek beren hizkuntzetan komunikatu behar dute Europako mugetan zehar, langileen mugikortasuna areagotzeko, Europako zerbitzu eta eduki publiko eta pribatuetara iristeko eta Merkatu Digital Bakarraren aukerak baliatzeko. Erronka izugarria da; giza hizkuntzaren teknologiak lagungarri izan daitezke, zalantzarik gabe.

Horiek horrela, 2012an azterketa konparatibo bat egin zuen Meta-net sareak 30 hizkuntzaren osasun digitala neurtzeko, eta Liburu Zurien seriea argitaratu zen, euskara aro digitalean barne izanik. Konparaketa lan horretan erabili diren parametroak hauek dira: hizketa prozesamendua; itzulpen automatikoa; testu analisia eta ahots zein testu baliabideak. Horiek neurtuz, sei egoera azaldu dira. Hauek dira hoberenetik okerrenera: Egoera bikainean ez da hizkuntzarik atera; onean sei daude (ingelesa, alemaniera, frantsesa, espainiera, nederlandera eta italiera); ertainean hiru ageri dira (txekiera, hungariera eta poloniera); osagabean lau ageri dira (katalana, finlandiera, portugesa eta suediera); apalean ugari daude, euskararekin batera (euskara, bulgariera, daniera, galiziera, grekoa, norvegiera, errumaniera, eslovakiera, esloveniera, estoniera, serbiera eta kroaziera); eta azken sailkatuak ez egoeran daude (irlandera, islandiera, letoniera, lituaniera eta maltera).

Bestalde, Digital Single Market Strategy egitasmoa abian da 2015etik, Europako Batasuneko hamar proiektu estrategikoetako bat izanik; izan ere, EBko merkatu bakarra bateratu egin nahi da, 28 nazio merkatu digital bakarrera pasaz. Helburuak hauek dira: zerbitzu eta ondasun digitalerako sarbidea hobetu; zerbitzu eta sare digitalak garatzeko testuingurua eta azpiegitura sortu; eta hazkunde ekonomikoa zein herritarren onurak.

Era horretara, bi egitasmoen arteko joskintzan dabiltza Europako Batzordean, The Human Language Project-en bidez. Halaber, joskintza lanerako jostunak behar dira, herrialdez herrialde. Testuingurua sortuz doa, baina euskarak prestatu egin behar du merkatu bakarreko testuinguru horretan lekua izateko. Ingelesa bezalako lingua franca bat sortu izanak ez ditu Europako kulturak eta hizkuntzak ahuldu behar, eta Umberto Ecoren ideiari heldu nahi zaio: «La lingua dell'Europa è la traduzione».

Enpresa munduko, administrazio publikoko, industria sektoreko, ikerketa alorreko, software enpresetako, teknologia hornitzaileetako eta unibertsitate europarretako parte hartzaileekin lanean diharduten 33 herrialdetako 54 ikerketa zentroz osatua dago Meta-net sarea. Denak elkarrekin, teknologiari buruzko ikuspegi bateratu bat sortzen ari dira, eta eremu urriko hizkuntzentzat aukera aparta da mugen gainetik komunikatzeko esparrua izan dezaten.

Aro digitalean hizkuntza bat osasuntsu egoteko, eta produktuak, zerbitzuak zein teknologiak prest izateko (zuzentzaileak, itzultzaileak, hizketa-laguntzaileak, bilatzaileak...), balio-kate osoa finkatu behar da: ikerketa, garapena, berrikuntza eta merkaturatzea. Prozesu hori guztia denboran zehar gertatzen da, eta eragile zein erakunde askok parte hartzen dute, hala nola, ikerlariek, garatzaileek eta industriak. Lan bateratua ezinbestekoa da, gainera, baliabideak optimizatu eta onuradunengana (norbanakoak zein erakundeak) iristeko. Euskarak ahultasunak ditu, Europako konparaketan ageri den eran, izan ere, behar diren emaitzak lortzeko, inbertsioak eta politika sendoak behar baitira. Era honetako emaitzak, gainera, ez dira azken produktuarekin neurtzen bakarrik; bertako ikerketa eta industria garatzean dago gakoa. Azken urratsera iritsi aurretik, jakintza oso bat garatzen da luzea izan ohi den prozesu osoan zehar. Balio horietan oinarritutako politikek eman diezaiokete aukera euskarari hizkuntza teknologiako sektore eutsigarria izan eta aro digitalean behar duen maila lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.