Biziraupenaren gizarte aroa

2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, bizi dugun biziraupenaren aroak (normaltasun berria) estalki ugari eraitsi ditu. Kolapso sozial, ekonomiko eta sanitarioaz harago, lehendik garatzen ari ginen munduko krisi kapitalistaren eztanda saihetsezina ageri-agerian jarri zaigu. Bizi dugun aroak mundu eraketa kapitalistaren berezko izaera basati eta suntsitzailea bizkortu eta sakontzea baino ez du eragin, gizateriak azken hamarraldietan zeraman bidearen agortze sistemikoa berretsiz. Pairatzen ari garen gizarte, ekonomia, eta osasun hondamendiak ziurgabetasunaren aroa areagotu du, sufrimendua eta ondoeza eraginez, baina, aldi berean, guztiz agorturiko sistematik askatzeko dugun beharrizana inoiz baino premiazkoagoa dela jabetuarazi digu.

70eko hamarkadatik aurrera, sistema kapitalistak bere metaketa moduak sakondu zituenetik, neoliberalismorantz mutatu eta eraldatuz joan zen. Tontor neoliberala 90eko hamarkadan izan zen, eta, ondoren, bere aurrerapen bortitzenaren arrasto beltzenak iragarriz, planetaren muga biofisikoak eztandarazi zituen orain bizi dugun kolapso egoerara iritsi arte. Hainbat ikerlariren txostenetan agertu bezala, hamarraldiak generamatzan planetaren muga biofisikoen gainetik. Hara nola, pandemiak gizartea antolatzeko modu baten hondamendia eta porrota agerira ekarri dituen, aberastasun banaketaren ekitaterik ezak zekartzan gabeziak eta ondorioak salatuz; estalkia altxatu denean, gainezka ekologikora ekarri gaituen hazkunde mugagabearen garapen eredua kolokan jarri eta gainbehera bidean ikusi dugu.

Kapitalismo neoliberala, hedabide korporatiboen doktrinamenduaren laguntzaz, norbanakoen subjektibotasuna gutxinaka eta etengabe bahitzen diharduen sistema dela frogatu dugu, funtsezko zeregina betetzen duela errealitatea eratzen zein subjektibotasunetan eragiten.

Sistema neoliberalaren helburua ekonomia dela entzun dugu askotan, baina jomugan, norbanakoen eta kulturaren arimarenbahiketa dago, eraikuntza biopolitikoaren oinarria da. Byung-Chul Han filosofoak esan berri duen bezala, pandemiarekin, zaintza biopolitikoaren erregimen baterantz goaz. Gure komunikazioak ez ezik, gure gorputza eta gure osasun-egoera ere zaintza digitaleko objektu bihurtzen dira. Azaltzen duenez, biopolitika digitala sendotu egingo da mundu osoan, eta, bere kontrolarekin eta zaintza-sistemarekin, gure gorputzaz jabetzen joango da. Haren ustez, diziplinazko gizarte biopolitiko bat sortuko da, eta gizarte horretan etengabe zelatatuko gaituzte, osasun-egoera barne.

Hanentzat, birusa ispilu bat da, zein gizartetan bizi garen erakusten duena: «Biziraupenezko gizartean bizi gara, azken batean heriotzaren beldurrean oinarritzen dena. Orain bizirik irautea gauza absolutu bihurtuko da, etengabeko gerra-egoeran bageunde bezala. Bizi-indar guztiak bizitza luzatzeko erabiliko dira. Biziraupenaren gizartean bizitza onaren zentzu oro galdu artean».

Biziraupenaren gizartean, merkatu legea balio nagusi eta bakar gisa inposatzen zaie subjektuei. Kultura norbanakoaren eta taldearen euskarri izateari uzteko arriskuan dago(biziraupen baldintzak hain dira eskasak), mehatxu hori, inoiz baino gardenago dakusagu; iragana ezabatunahiko zukeen aroaren bultzadaz, etorkizuna, inoizko zalantzazkoena ageri zaigu. Oraina, zoriontasun pribatuaren ilusioan saldu egiten da; globalizazio kapitalistaren mutazio gaitasunak, zoriona zein sufrimendua, errentagarri bihur lezake.

Biziraupenaren gizarteak desberdintasun sozial izugarriak sakontzen ditu. Sozialki ahuldutako sektoreetan, bizi-baldintza txarrenak eta bizirauteko zailtasun handienak agerrarazi ditu,egiturazko ekitaterik ezaren agerbide dira guztiak. Haatik, bizi-ohiturak, lan-praktikak, bizi baldintzak alda daitezen, etortzeko dagoen munduaren kulturan eragin eraldatzailea izateko moduko lehentasunak birplanteatu eta borrokatzeko garaian sarturik gaude. Mundu hobe baten aukera, giza prozesu eraldatzailerik gabe, emantzipazio borrokarik gabe ez baita etorriko. Aitzitik, etortzear dagoen mundua, otzantasunetik ez, baizik hainbat gizarte-sektoreren arteko liskarren mende egon beharko da. Batetik, iragana berreskuratuz denak berdin jarrai dezan ahaleginetik ari direnen eta, bestetik, bizi-baldintzak benetan errotik aldatu nahi dutenen arteko disputan erdietsi beharko da geroa. Ekitatean zein ondasunen banaketa orekatuan oinarritutako gizarte baterantz, edota eliteen mesedetan ekologia suntsiketarantz ginderamatzaten artean. Biziraupenaren aroari aurre egingo bazaio, burujabetza eta autoeraketa prozesuen disputa politikoan jokatzen da oraina.

Larrialdi egoera iraunkorrak jendartea eraikitzeko marko kognitibo berrien beharra dugula erakusten digu; bukatu egin dela kontsumo mugagabean oinarritutako hazkuntza eredua, eta bizi dugun aroari des-hazkuntzaren ikuspegitik erantzun behar zaiola. Norabidearen aldaketa da benetako erronka, zeren kapitalismo are eta basatiagori bultzaka ezingo baita eragin eraldatzailerik berpiztu. Biziraupen gizarteari aurre egiteko komunitate deszentralizatua, birtokiratua eta autoasetua behar-beharrezkoa zaigu. Jendartearen marko kognitiboak aldatu ezean, bada, ezingo da eraldaketa eragin trinkorik sortu. Hona ekarri gaituen mundu ulerkera bat eraitsi beharrean geundeke honezkero, lehengoratzeak ez baitigu balio.

Bizi dugun hondamendiak subjektu sozial berria eraikitzeko abagunean jartzen gaitu, bestelako gizarte balioetan birsortu beharko den jendarterako biderantz, hots: norberatasunak eraldatuz eraikitzen joan beharko den komunitategintza berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.