Heroiak

Iñaki Etaio -

2020ko urriak 23

Heroi anonimoz beteriko jendartean bizi omen gara. Haien artean, osasunaren profesionalak aipatuenak izan dira azken hilabeteotan. Haien lan zama handitu egin da pandemiaren eraginez, lanaldiak luzatuz, salbuespeneko egoera bati lehen lerroan aurre eginez, kutsatuak izateko arriskuari aurpegia emanez eta higadura emozional garrantzitsua ere pairatuz, hainbeste pertsona eta familiaren sufrimenduaz inguratuta. Nekea eta kemena beste langile askoren eguneroko errealitatea izan dira ere, adinekoen egoitzetan, hezkuntzan eta beste arlo batzuetan.

Ez dago batere zalantzarik horiek guztiek egindako lanaz eta emandakoaz, baina zalantza bat sortzen zait. Zalantza baino gehiago, mesfidantza: ea zein puntutaraino politikari batzuen ahotan eta sistemaren hedabideetatik zabaldutako doako laudorioak ez diren erabiltzen langile hauen eta jendartearen autokonplazentzia elikatzeko eta, aldi berean, gobernu eta agintari batzuen ardurak ezkutatzeko. Telemaratoietan gertatzen den moduan, solidario titulua ematen zaio minbizi, gaixotasun arraro edo hondamendi baten aurrean dirua ematen duenari, baina ez da mahaigaineratzen galdera sinple baina gako bat: ez al genuke guztion zergetatik ordaindu behar limosna txalogarrien menpe egon ordez?

Jakina da pandemia honen dimentsioak ez zituela inork aurreikusten eta ondorioak kudeatzea ez dela batere erraza, botere guneetan bata edo bestea egon. Baina galdetu beharko genuke ea, hainbeste heroi anonimoz baliatu ordez, ez ginatekeen askoz hobeto arituko osasun sistema indartsuago izango bagenu, baliabide eta pertsonal nahikoarekin eta bere zerbitzu guztiak publikoak izanda. Ea hezkuntza sisteman nola egongo ginatekeen baliabide pertsonal gehiago eta behin-behinekotasun tasa askoz txikiagoa izanez gero; edota ea ez genukeen askoz berme gehiago izango agureen zaintzak behar duen benetako sistema publiko duin eta nahikoa garatu izatekotan.

Hotsandiko geratzen da langile hauei guztiei heroi deitzea, baina, baliabide pertsonal eta material nahikorik bideratzen ez denean, zuzenagoa izango zen gainkargara behartutako langile izendatzea.

Sentitzen dut, baina lanak ez gaitu heroi bihurtzen. Zenbat aldiz entzun dugu benetako heroiak direla goizeko bostetan altxatu, zortzi orduz lanean aritu eta hilabetearen amaierara diruz justu-justu heltzen direnak, familia bat aurrera eramanez? Beti pentsatu dut ordu horietan lanera joateko altxatzea bizitza aurrera ateratzeko beste biderik ez izateagatik dela. Gehienetan behintzat. Ez da aukera bat, behar bat da. Behar bat, kasu askotan burges baten etekinak handitzeko baino balio ez duena. Heroi anonimoa izendapena sistemaren funtzionamendurako ezinbestekoa den langileriari bideratutako hitz goxoa besterik ez da, bere plusbalia lapurtzen jarraitzen den bitartean, askotan langilea bera konturatu gabe. Goiz jaiki eta gogor lan egiteagatik heroiak garela uste dugun bitartean, agian ez zaigu bururatuko heroiak beste modu batean izatea. Esklabotza-sisteman ere, pertsonaren erabakia anulatuta, heroia zela esan ahal zitzaion, baldintza txarrenetan sekulako lana eginda. Behartutako heroia edozein kasutan, hil arte mota horretako heroia izatera kondenatua.

Halakoak entzutean pentsatu dut nortzuk izan zitezkeen jendarte honetan eta, haratago joanda, mundu honetan, heroi izendapena jaso beharko luketenak. Eta erantzunerako hurbilketa bi gogoeta argigarritan topatu dut. Bata, Simon Bolivarrek Paez jeneralari 1819an idatzitako eskutitzean jasota: «Ezinezkoa dena da guk egin behar duguna, zeren eta posiblea denaz gainontzekoak aritzen baitira egunero» Bestea, Bertolt Brechtena: «Badaude pertsona batzuk egun bat borrokatzen direnak, eta onak dira. Beste batzuek urte batez egiten dute borroka, eta hobeak dira. Badaude urte asko borrokatzen direnak, eta oso onak dira. Baina badaude bizitza osoa borrokatzen direnak: horiek dira ezinbestekoak». Heroitasuna horri lotuko nuke. Ezinezkoa dena egiten saiatzeari eta ezinezkoa egiteko borroka jarraituari.

Heroi horiek etortzen zaizkit burura politikari populista baten ahotan heroi anonimoena entzuten dudan bakoitzean. Heroi horiek, asko anonimoak eta, beste batzuk, ez hain anonimo, baina boteretik kriminalizatuak eta jazartuak. Baita laidoztatuak ere. Kasu askotan, gainera, goizeko bostetan altxatzen diren ustezko heroi horietako batzuek laidoztatuak.

Horiek bai benetako heroiak. Errazenari uko eginda, korrontearen kontra joanda, bide zailena aukeratu dutenak, garai zein herri ezberdinetan. Ekoizpen-katean lan egin baino, edo materialki bizirauteko horretan lan egiteaz gain, borroka egitea aukeratu dutenak, kontratu bat sinatu gabe eta soldata jasotzea espero gabe. Akaso isunak, kartzela edo heriotza. Horiek, dena eman dutenak. Horiek, Bertolt Brechten ezinbestekoak.

Edozein kasutan, argi izan behar dugu halako heroiak ezinbestekoak izan arren, aldaketa ez dela gauzatuko beren ekimenez bakarrik, baizik eta ekimen kolektibo kontziente eta jarraituaz. Ezinbestekoa delako gero eta herritar gehiagok antolatzea eta guztiok eman beharreko zerbait hori ematea, heroiekiko dependentzia gero eta txikiago bilakatzeko. Heroirik behar ez izateko, ezinezkoa zen hori posible bihurtzen ari garelako. Norabide horretan, goraipamenek eta txalo zaparrada masiboek kutsu eraldatzailea izango dute. Sistemaren engranajearen zerbitzura saltzen diguten doako heroikeriaz haratago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna