Nafarroako eskola jantokiak: agiri gazi-gozoa

Gurutze Santxo Gaskue, Maje Villava Ripodas eta Xabier Barber del Rio
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Abian da Nafarroako eskualdekoeskola jantokietarako lizitazioa;esleipen berriak datorren ikasturtean jarriko dira martxan.

Hezkuntza Departamentuak horri buruz argitaratu zituen agiriek baldintza batzuk dituzte, eta horiek, paperean, aitzineratzea ekarri dute aurreko egoerarekin alderatuta. Osasungarriagoak izango liratekeen menuetarako baldintzak biltzen dituzte: azukre erantsirik gabe, barazki eta fruta gehiagorekin, animalia-proteina gutxiagorekin; janari freskoa eta sasoikoa, osagai ekologiko eta integralak... Iraunkorragoak ere badira: tokiko ekoizpeneko elikagaiak, ekologikoak... Eta, beraz, gure erkidegoan landa-eremua garatzen lagunduko lukete: tokiko eta kalitateko elikagai-eskaria modu esanguratsuan handitzeak zuzenean eragiten du ekoizle gehiago horrelako eskaintza batekin betetzera animatzea.

Pixka bat ere hobetzen dituzte zaintzaileen ratioak, aurreko lizitazioetan izoztuak (hala ere, kontratuaren gutxieneko ordutegiak handitu egin litezke, emakumeen eta prekarizazioaren sektorean). Eta gehiago baloratzen da hondakinen minimizazioa eta tratamendua.

Honaino, plegu berrien zati gozoa (azukre erantsirik gabea). Sakontzeko asmorik gabe, atseginago egiten dituzten beste osagai batzuk azalduko ditugu (sindikatu batzuek eta guraso elkarteek errekurtsoak jartzea eragin dutenak).

Oinarri arautzaileen tituluan, Jantoki osasungarriak eta jasangarriak hitzak ageri dira. Ondo dago, oro har, helburu bat adierazteko, baina ez da inola ere deskribatzen zer esan nahi duten zehazki (enpresa handiak daude, erabat jasanezinak, adjektibo horiek erabiltzen dituztenak); horrek zaildu egiten du baldintza-agiri horiek elikadura-hezkuntzako estrategia batean sartzea, haurren obesitateari aurre egitea, tokiko eta kalitateko lehen sektoreari laguntzea, elikadura-burujabetza, landa-garapena...

Enpresa esleipendun posibleei dagokienez, ez da lote-mugarik jarri (kasu honetan, eskolak), lote horietara sarrera izanik, eta azken hiru urteetako kaudimena eskatuz jantoki osasungarri eta iraunkorretan. Horrela ixten da interesa izan dezaketen enpresa berrien sarrera, batez ere txikiak badira. Esleipenak ia automatikoki luzatzen ahal dira lau urtez, gehi hasierakoa. Epe hori oso zabala da (bost urte), eta, prozesu ireki eta konplexu batean, iraunkorra eta osasungarria izan dadin, zaila da pixkanakako aldaketak sartzea eta ikastetxeen jarraipena eta kontrola egitea.

Zaintzaileen ratioak hobetu egin beharko lirateke, langileen aparteko ekarpena puntuatu beharrean, adinen arabera hobeto bereizi eta kontratuen ordutegia zabaldu beharrean.

Epaimahaia hezkuntzako langileek bakarrik osatuko dute. Zaila dirudi hortik abiatuta iraunkortasuna eta osasuna edo nutrizio oreka baloratzea.

Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak ezin du menurik baloratu, ezta jakien ezaugarririk ere. Ez da bateragarria zerbait osasungarria eta iraunkorra bilatzearekin. Nori axola zaio gehiago haurren osasuna eta eredu baten finkatzea, ikastetxe bakoitzak ezin baditu baloratu menuak, ez eta kalitatezko elikagaien ekoizpenari lotutako landa-inguruneko elikagaien ezaugarriak ere, tokiko eskola-komunitateari baino?

Eskaintza ekonomikoari dagokionez, aukeratutako sistema engainagarria da. Eskaintzaren garrantzia 100 puntutik 15 puntura jaisten da, baina ondoren beherapen handienak egiten dituzten enpresak lehenesten dira, argitaratutako prezioak baxuak badira ere. Hori elikagaien kalitatearen, ekoizleei eskaintzen zaien ordainketaren, langileen lan-baldintzen edo sukaldeko ratioen kalterako izan daiteke, eta, berriro ere, ikastetxeko diruaren kalterako, erdigunean dirua jarriz, bizitzaren ordez. JanGelakook beti esan izan dugu prezioa ezin dela faktore nagusia izan.

Nahiko zehaztugabe geratzen dira kontrol-sistemak (nork egiten dituen eta nola): kalitate-ikuskapenak, enpresek hitzartutakoa betetzea, menuak gainbegiratzea...

Hurbileko elikagaiaren definizioak 200 kilometro erabiltzen ditu erreferentzia gisa (arrainarentzat izan ezik); nahiko urruti dagoen hurbiltasuna dirudi. Eta denboraldiko egutegiari dagokionez, erreferentziako egutegia Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarena da, non ezartzen den elikagai bat noiz merkaturatzen den, uzta noiz jasotzen den baino gehiago (adibidez, tomatea, piperra eta kalabazina: urte osoan); hau da, industriari lotuago dago tokiko nekazaritzari baino. Nafarroan, nekazaritzako ekoizpen handiko tokia izanik, egokiagoa litzateke erreferentzia hurbilagoa izatea.

Hasierako gehienezko prezioari buruz: oso txikia da, eta ez da aurkezten nola eraikitzen den azaltzen duen azterketarik. Eta, gainera, desberdina da zentroen arabera (antzeko baldintzak dituzten eta geografikoki hurbilekoak diren bi zentrok 5,5 eta 3,7 euro dituzte mahaikide bakoitzeko, hurrenez hurren); zergatik dago aldea?

Prezio horretan sartzen dira elikagaien partida (elikagaiak erostea), sukaldeko langileen kostua eta kudeaketa (industria-onura barne); garrantzitsua litzateke atal horietako bakoitza baloratuko duten azterlanak izatea, elikagaien partidarako gutxieneko prezioa finkatzea (1,5 euro BEZik gabe) eta sukaldeko ratioak hobetzea kalitatezko elikagaiak eman ahal izateko.

Azken batean, aurrerapauso bat da gure gizarteko alderik gazteenarentzat elikadura osasungarria lortzeko, garapen iraunkorragoa lortzeko eta landa-bizitza sendotzeko. Baina urrats mugatua da, gai horietarako diru publiko gehiago erabili nahi ez delako, gure ustez lehentasuna izan beharko luketelako. Diru hori lortzeko, askoz interes sozial txikiagoa duten gastuak gutxitu edo kendu egin daitezke, eta erreforma fiskal sakona egin, diru publiko gehiago biltzeko gehien duten erakunde eta pertsonengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.