Arrazakeria nonahi dago

Begoña Velasco Vieites
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ekainaren 14an, urtero kaleratzen den txosten bat aurkeztu zuten Bilbon, Bizkaiko SOS Arrazakeriak 2020an bildutako datuekin egina: Diskriminazioaren ahotsak/Las voces de la discriminación. Txosten horretan, Bizkaian izandako diskriminazio kasuei buruzko informazioa aurki daiteke. Bizkaia arrazista dela uste duzu? 2020an, 66 pertsonak askotariko indarkeria arrazistak salatu zituzten Bizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegoan.

Badakigu lakra hori nonahi dagoela. Errealitate zabal bat da, konplexua eta kezkagarria. Txostenak errealitate horren zati txiki bat baino ez du islatzen, indarkeria arrazistak jasan dituzten pertsonek jarritako salaketen bidez jakin dezakeguna. Dokumentuak Poliziaren jokaera arrazistak nabarmentzen ditu, zenbait agentek legez kanpoko ekintzak egiten baitituzte, eta pertsonak diskriminatzen baitituzte arraza edo etnia dela eta. Nola dakigun hain ziur Poliziak indarkeria arrazista erabiltzen duela? Bada, herritarren segurtasuna babesteari buruzko 4/2015 Lege Organikoak, martxoaren 30ekoak, zera zehazten duelako 16. artikuluan, pertsonak identifikatzeari buruzkoan: «Agenteek zorrotz errespetatuko dituzte proportzionaltasunaren, tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak». Kontua da hori ez dela beti betetzen: Poliziak itxuragatik gelditzen ditu pertsonak, eta hori legez kanpokoa da. «Etnia eta arraza profilaren arabera geldiaraztea» esaten zaio horri.

Legeak dio polizia agente batek geldiarazi egin zaitzakeela identifika zaitezen, baina bi kasutan soilik: arau hauste batean parte hartu duzulako zantzuak daudenean edo delitu bat egitea eragozteko ezinbestekoa denean. Baina imajinatu Poliziak etengabe geldiarazten zaituela, eta dokumentazioa eskatzen dizula, baita motxilan duzuna erakusteko ere, eta dituzun gauzen tiketak eskatzen dizkizula. Imajina dezakezu nola sentituko zinatekeen? Babesgabe?

Ez duzu ezer egin, eta iruditzen zaizu errekerimendu hori guztia bidegabea baino zerbait gehiago dela: zure ohoreari begirunea galtzea, zure duintasunari. Ez hori bakarrik: imajinatu iraindu egiten zaituztela, tratu txarrak ematen dizkizutela baita fisikoki ere, eta ikusten duzula eraso egin dizuna ez dutela zigortzen. Egoera oso kezkagarria inondik ere, kontuan harturik «segurtasuna mantentzeaz» arduratzen den horrexek eragina dela. Noren segurtasuna, ordea?

Babesgabetasun instituzionala sentitzea baino segurtasun falta handiagorik ez dago. Eta hortik, arrazakeriaren parte batera ailegatzen gara, arrazakeria instituzionalera, zeinak adar ugari dituen: politika publikoak, legeak, araudiak, baldintza administratiboak, eta ez soilik paperean, baita funtzionarioek zerbitzu publikoetara joaten direnekin egiten dituzten harremanetan ere. Funtzionario horiek, berez, figura zuri zapaltzaile pribilegiodunaren ordezkari dira, eta, haiei esker, gure ongizate, botere eta nagusitasun estatua mantentzen eta iraunarazten dugu. Asko ez dira baieztapen horiekin identifikatuko. Agian, honelako zerbait pentsatzen ariko dira:

«Ni ez naiz arrazista».

«Ni ez naiz beste inor baino hobea».

«Ni ados nago atzerritarrak etortzearekin».

«Guztiok eskubide eta aukera berberak izan beharko genituzke».

Bai, hori ondo dago, ados. Baina ezin uka ditzakegu gertaerak, errealitatea ezin argiagoa baita. Salaketen %48,5etan, arrazakeria instituzionala seinalatu zuten. Zalantzarik gabe, gizarte arrazista bat gara. Bizkaia estatu baten parte da, eta estatu horrek, 18/1987 legearen bidez, festa nazional izendatua du urriaren 12a, «historia kolektiboaren zenbait garai modu solemnean gogoratzeko». Beraz, estatuak, botere legegilearen bidez, jatorrian Arrazaren Egun izendatu zen jai bat ospatzea ezartzen du. Alfontso XIII.a erregeak instituzionalizatu zuen jaiegun hori, 1918an, eta Francisco Franco diktadoreak Hispanitatearen Egun izendatu zuen 1958an. Horrek adierazten du nortasun koloniala dagoela estatuaren oinarrian.

Arrazakeria nonahi dago, eta, beraz, egiturazko arazotzat jotzen da. Horrek esan nahi du indarkeria arrazistak ez daudela esparru instituzionalean soilik, baizik eta baita eremu pribatuan eta sozialean ere. 2020an izandako salaketen %10,6k etxe agentzia batzuek egindako indarkeria arrazistekin daukate lotura, eta argi utzi dute diskriminazioa egoten dela etxebizitza bat eskuratzeko orduan. Gizarte honetan, etxebizitza bat behar duen pertsona Hegoalde Globaleko herrialde batetik badator edo pertsona arrazializatua bada, normalean ez diogu alokatzen, edo zalantza egiten dugu. Azkenean alokatzea erabakitzen badugu, baldintza zailagoak jartzen dizkiegu. Hona hemen etxebizitza bila ari zen pertsona baten kontakizuna, zeinaren herrikideek esaten zioten: «Bai, nire etxe ondoan, edo nire herrian, alokatzeko dago bat, baina guri ez digute alokatzen».

Eta lehen pertsona pluralean hitz egiten dut geu ari garelako halako indarkeriak erabiltzen; gizarte horren parte gara, eta migratzen duten pertsonek gizarte horretara egokitu behar izaten dute, gizarte horrexetan sartu. Gizarteratzea esaten diogu. Ez dakit jabetzen garen jasaten dituzten indarkeriez. Zein da diskriminazio horien arrazoia? Zer arazo dugu migratzaileei edo arrazializatuei etxebizitza bat alokatzeko? Berriro ere, errealitateak erakusten digu egoera oso bidegabea dela, eta badirudi kosta egiten zaigula hori ikustea eta, ondorioz, aitortzea.

Halako indarkeria arrazistak jasaten dituzten pertsona askok zailtasunak izaten dituzte salaketa jartzeko. Oro har, ez dira fidatzen erakunde publikoez —haiek ere indarkeria erabiltzen baitute; arazo gehiago izateko beldur izaten dira, edo, zuzenean, pentsatzen dute ez duela ezertarako balioko. Salatzea ez da beti posible, denbora eta energia asko behar baita horretarako, eta denek ez dute halakorik; baina, aldi berean, salatzea pauso bat da errealitate kezkagarri bat ikusarazteko, edo, hiztegiak dioen bezala, gertaera irregular bat ikusarazteko. Bada, jar dezagun arreta sistema arrazista hori iraunarazten duten jarduera irregularretan. Hasteko, aitortu behar dugu nonahi daudela, legez kanpokoak direla oinarrizko eskubideak urratzen dituztelako, eta pertsona zuriok erabiltzen ditugula, edo, gutxienez, horien konplize garela.

Ezin diogu errealitateari ez ikusi egin: hor dago, gure aurrean. Ulertzeko pausoa ematea gauzak aldatzeko pauso bat ematea da. Lehen urrats bat da, eta denok gaude gonbidatuta urrats hori egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.