Lehen arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota

Esther Saavedra
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
COVID-19aren seigarren olatu betean, Osakidetzako argazkia betikoa da: lehen arreta gainezka, lantaldeak murriztuta eta biztanleriaren osasun beharrizanak ezin bete.

Argazki hori politika ekonomizisten ondorio zuzena da. Pandemia aitzakia ezin hobea izan da lehen arreta eraisten jarraitzeko, plan bakarra osasun zerbitzuetako lantaldea estutzen jarraitzea baita. Aldi berean inoiz baino osasun aseguru pribatu gehiago kontratatzen dira. Hala argitaratu berri du La Vanguardia egunkariak: «Osasun aseguru pribatuen kontratazioak goia jo du osasun publikoaren egoeragatik». Hori horrela izanik, ulertzekoa da 2019an Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia fitxatu izana Keralty aseguru etxe pribatuak.

Aurreztea da helburua, eta krisi sanitario betean izanagatik ere, helburu hori dago Osakidetzak hartutako erabakien atzean: urriaren bukaeran Osakidetzak 4.000 profesional alde batera utzi zituen; Gabonetan, seigarren olatuarekin batera, osasun zentroen ordutegia murriztu eta zenbait EAG Etengabeko Arreta Gune itxi ziren (esaterako, San Martin, Deustu eta Zumarragakoak). Erabaki horiek ondorioak izan dituzte: lehen arretaren egoera jasangaitza bihurtu da, eta ospitaleetako arreta gero eta tenkatuago dago.

Errealitatea mozorrotzeko egia erdiak errepikatzen dira mantra gisa, hala nola ez omen dagoela mediku nahikorik. Gabezia hau ez da ausazkoa, programatua baizik: batetik, belaunaldien erreleboa ez da planifikatu, eta, bestetik, Osakidetzako langileei ematen zaien tratu kaskarrak beharginek alde egitea ekarri du.

Argazki hori ez da berria, lehen arretako arazoak estrukturalak direlako, COVID-19a baino askoz ere zaharragokoak. Pandemia aurreko egoera prekarioa are gehiago okerrarazi baitu pandemiak. Gogoratu dezagun 2019an lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituztela prekaritatea salatu eta aterabideak eskatzeko.

2020ko abenduan ELAk txosten bat plazaratu zuen Osakidetzaren arazo estrukturalei eta horien kausei buruz. Txosten horretako datuek agerian uzten dituzte osasungintza publikoaren arazoak: hasteko, Europako eta Espainiar Estatuko azken postuetan dago EAE osasunera bideratzen duen gastuari dagokionez. Europar Batasunean, osasunera bideratutako batez besteko inbertsioa BPGaren %7koa da, eta Espainian, %6koa; EAEk, aldiz, osasungintzan BPGaren %4,9 inbertitzen du, hots, Lituaniak, Maltak eta Greziak baino gutxiago. Portzentaje hori, gainera, murriztu egin da azken hamarkadan. Era berean, Mendebaldeko herrialde aberatsetan 1.000 biztanleko ospitaleetan batez beste 4,7 ohe badira, EAEk 3,64 ditu, hau da, Letoniak eta Estoniak baino gutxiago. Bestalde, kopuru horrek behera egin du azken urteetan. Osasungintzako langileen egoera ere ez da hobea: EAEn biztanleko Lituanian edo Eslovenian baino sendagile gutxiago daude, eta Eslovakian eta Grezian baino erizain gutxiago.

Argazkia osatzeko, hau ere erantsi daiteke: Osasun Sailak 2021eko otsailean emandako datuen arabera, Osakidetzako hamar langiletik ia sei behin-behineko egoeran daude, hots, 24.600 langile dira behin-behineko; horietatik ia 9.000 duela zortzi urte edo gehiago ari dira bertan lanean.

Orain Eusko Jaurlaritzaren 2022ko Aurrekontu Legea bozkatu eta onartu da Eusko Legebiltzarrean. Osasungintza publikoari ez dio inbertsio handiagorik ekarriko, eta, propaganda alde batera utzita, aurrekontuek ez diete erantzuten Osakidetzako gabezia larriei. Aitzitik, inbertsioa 2021eko ekitaldian gastatu dena baino 16 milioi euro gutxiago izango da. EH Bilduk iragarritako neurriek ere ez dute balio lehen arretak dituen arazo nagusiei aurre egiteko; 30 milioi euro inbertitzeko aukera aipatzen dute. Aurrekontuen akordioak dio inbertsioa 2022an eta hurrengo urteetan gauzatuko dela (ez du besterik zehazten), eta 2019az geroztik dagoen lehen arretako estrategiari eutsiko zaio, hau da, egoera okertzea besterik ekarri ez duen estrategiari.

Gainera, akordioan esaten da Etengabeko Arreta Guneei buruzko azterketa bat egingo dela. Baina azterketa hori duela hainbat hilabete egin zen, eta EAGak ixtea edo bertako zerbitzuak murriztea du helburu, profesional gabezia aitzakiatzat hartuta. Gainera, berriki Osasun Sailetik iragarritako protokolo berriek ez dute balioko osasun zentroen egoera hobetzeko, herritarren osasun beharrei erantzun gabe jarraituko baitute.

Horrenbestez, ondorio nagusi bat atera behar dugu: Osakidetzak alboratu behar ditu propaganda eta zerbitzu publikoak deuseztatzeko akordio hutsalak. Azken batean, Osakidetzak behar duena zera da: inbertsio gehiago. Asko baitugu jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.