Gutxiengoak, batera, gehiengoa gara

2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Nik ulertu, ulertzen dut agintea eskura izateak itsutu lezakeela edonor. Baita luzaroan gauza bera egiteak, baldarkeria eta nagikeria —neurri batean— nagusitzea. Hortik aurrera, hainbat eta hainbat zerrikeria kontroletik at gorde behar izatea ere bai, ulertzen dut. Hori dena ulertzen dut, baina, besteak, oposizioko aulkiak betetzen dituzten beste horiek gutxiestea ez dut ulertzen. Jarrera hori ez da —garai bateko— adimenaren ispilu.

Beharbada horregatik, garai bateko bortizkeriaren oihartzunak atzera egin duen neurrian, berriro agerian geratzen ari da, betiko demokratek biktimak, beraien biktimak —gaur ere— behar dituztela. Beraien biktimak direla benetako egitasmo politikoa, ez dutela besterik. Itxuraz hori aski dute.

Hemen Euskal Herrian, etorkizunaz eztabaidatzen ari bagara, Madrilgo Legebiltzarrean entzuten ari garena beste zerbait da. Nahiz aurrekontuak izangaur —Moncloako giltza—, beste batzuentzatETAk bere jarrera militarra amaitu izanak ekarri duen krisialdia gainditu ezinik dabiltza. Ez dute ulertzen, ez dute ulertu nahi, errealitate berri baten aurrean jartzen gaituela, bai gizartea, bai klase politikoa. Baina hala ere, duela hamar urte entzuten genuen mezu berbera entzuten diegu: orain arte egin duzuena ez da aski, ez du balio, agian, auskalo noiz, beranduago beharbada...

Are okerrago, beste zerbaitez solas egiten da. Egonezin instituzionalean kokatu nahi da eztabaidaren arreta-gunea, eta ez Madrilen bakarrik. Helburu hori dute Gasteizko Legebiltzarrean entzundako irain eta probokazioek.

Irentsi ezinik dabiltza —nire ustez— beldurraren estutasuna. Guk bai, baina beste inork ez baitu su-etenik, izan ere, memoriak hautatu egiten baitu—komenigarritasunaren arabera— ezkutatu edo ahaztu nahi duena.

Kolonialismoetatik eratorritako sistema demokratikoen bultzadaz sortutako mapakez dira ukiezinak, ez Estatu Espainiarrean, ez Europan. Bi komunitate desberdin eta antagonikok, bakoitzak bere eskubide politikoak zilegi den bezala bilatzen dituztenean, gatazka —ez beti, baina askotan— zatiketarekin konpondu izan da. Horregatik XX. mendearen hasieran Europa 24 estatu independentek osatzen bazuten, gaur 47 ditu. Kontuan hartzekoa azken bi hamarkadetan hamasei direla osatutako estatu berriak.

Ez baita zelai politikoan parte hartze hutsarekin arazo demokratikoa konpontzen, egitasmo guztien gauzatzeko bidea bermatzean baizik.

Badakit, orain ordaina dator, beti dago ordainen bat, eta Estatu Espainiarrean, Konstituzioaren ukiezintasunari uko egitean datza. Konstituzioa eraldatzeko proposamenak aurkeztu beharrean gaude, bestela, orain arte ikusi dugun bezala, edozein irtenbidek —etorkizunari begira— alde batek bestea garaitu izanaren porrota besterik ez du ekarriko.

Historiak berak agertzen digu euskal gatazka deitu den hori konponbidean jartzeko asmoz negoziazio prozesuren bati heldu zaion bakoitzean, Madrilen aldetik azaleratu den sakoneko gakoa. Alegia, Estatu Espainiarraren demokratizazio amaitu gabea hutsegite baten defentsa irmoan oinarritu dela, zer eta Konstituzioaren ustezko ukiezintasunaren defentsan.

Komunitate politiko baten etorkizuna ezin da arinkeriaz oinarritu ustezko komenigarritasunezko tabuetan. Ezta Moncloaren aldizko ahulezia baliatuz. Etorkizuneko gertakariak, benetan hauskorrak lirateke, ez balira arduradun gutxi batzuen nahia baino. Ez duezertarako balio borondate politikoak, ez bada garapen sakon eta iraunkorretan oinarritzen. Besteak beste, bilakaera eta eskubidearen aitortzan.

Berdin zait EAEren aldetik edo hemen Nafarroan. Berdin zait EAJ edo Geroa Bai. Une honetan bakarrik ez, askotan irakurri eta entzun izan diet hainbat belaunalditako erakunde abertzaleetako buruzagiei beraien helburua Euskal Herriaren askatasuna dela, baita Urkulluri berari ere.

Hasiera batean, zalantzan jarri ezin badut nirea egiten dudan helburu horren aldeko jarrera, aitortu behar dut nahiko sinesgaitza iruditzen zaidala helburu horren alde egitea, PSOE bezalako indar politiko espainiar batekin bat eginez.

Beharbada norbaitzuk esango dute agian ez gaudela une egokian horrelakoak azpimarratzeko. Ezagutzen ditut, badakit nortzuk diren, nork ez ditu ezagutzen, ba? Euskal Herria aske nahi dutenentzat, askatasunak esanahi bakarra dauka.

Hemen, Euskal Herriko hego aldean, ez batzuk ez besteak, ez gara etorri berriak, eta denak ezagutzen gara. Historiak agertzen du —ikasi nahi duenarentzat— inork ez duela beti bide egokia hautatu, eta egia da, baina okerrak zuzentzen ikasita gaude.

Lehen aske izatearen praxiarekin nenbilen bezala, uste dut abertzale izatea ere zehaztu beharra dagoela. Abertzale izatea ez baita Estatutu batean jaso eta hitzarmenak babesten dituen interesak bermatzen dituen norbait. Abertzale izatea beste zerbait da.

Hausnarketa honen edukiak zaharkitua eman dezake, baina abiaburu hauetatik zenbat eta gehiago aldendu, orduan eta zailago jarriko zaigu nahi dugun horretara hurbiltzea.

Irakurtzen ari zareten lana amaitzera doala, uste dut une egokia izan daitekeela, orain arteko joan-etorri osoari, begirada luze emanez, aitortzeko, nazio batek bere askatasuna lortu beharko lukeela, odol tantarik ere isuri gabe.

Baita bitarteko baketsuak erabiliz ere, indar moral guztiarekin eta nazioartean aitortutako eskubideak aldarrikatuz. Horri guztiari euskal gizartearen gehiengoaren borondatea gehituz aski izan beharko lukeela .

Behin eta berriro ikusten dugunbezala, hain gutxi trebatua dagoenEspainiako demokraziak ba ote du—noizbait izango ote du— britainiarrak Irlandan adierazi zuen adinako sendotasun nahikoa? Erregimen zaharretik eratorritakoak aseko ote ditu? Argiago esanda, egoerak behartzen duen trantsizio berriak eskatzen duen guztiari eutsiko dio? Ni baikor naiz.

Xilaba bertsolari txapelketako finalean, bertsolari polit batek zioen bezala: gutxiengoak, batera, gehiengoak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.