Gazte langileon eskubideei mugarik ez

Ane Rodriguez Torres eta Jon Fernandez Iriondo
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Txertatuta gauden ekoizpen ereduan, eta honek eragindako lan harremanen ondorioz, egun Euskal Herriko gazteon lan egoera guztiz zaila da. Azken bi lan erreformetatik gazteon egoera etengabe prekarizatzen jarraitu dute: mugarik gabe hedatu dira aldi baterako kontratuak; enpresariei bidea erraztu zaie gure lepora bizitzen jarrai dezaten, kaleratzeak erraztu dira, praktiketako edo formakuntzako kontratuak baliatuz esperientziaren trukean lan egitera bultzatu gaituzte, eta ezin konta ahala iruzur egin dituzte, Lan Ikuskaritzaren ia erabateko desagerraraztea baliatuz. Orain, lan erreforma berriarekin, hau konpontzeko aukera bazegoela zirudien. Baina badugu gazte langileon egoerak hoberantz egingo duen zalantza. Lortuko du oraingo lan erreformak Rajoyk inposatutako erreformaren neurriak atzera botatzea? Lortuko da lan eskubideen arloan iragarrita zegoen aurrerapauso handi hori ematea?

Lan erreforma berria Madrilen kozinatzen ari zela ezaguna zen arren, edukiaren inguruan ezer gutxi jakin genuen abenduaren 24ra arte. Gabonen hasierarekin batera Berri Ona bailitzan aurkeztu zuen azkenik Espainiako Gobernuak negoziazio mahaian adostutako akordioa, non, berriro ere, ez den Euskal Herriko langileen gehiengoaren ordezkari diren sindikatuetako kiderik egon. Ustez egoera honetan egin zitekeen lan erreformarik onena omen da, baina, aldibaterakotasuna mugatzeko aurrerapausoak dauden arren, ez dira inolaz ere Rajoyk inposatutako erreformaren neurriak atzera bota eta ez da lan eskubideen arloan iragarria zegoen aurrerapauso handi hori izan. Negoziazio sozialaren mahaian kontsentsua bilatzea izan da helburua, eta horretarako patronalaren betoa onartu behar izan da. Patronalak beste behin xantaia erabili du akordioa baldintzatu eta langileon eskubideak mugatzeko eta, horregatik, erreforma, ohituak gaituzten betiko «Es lo que hay» leloarekin batera eskaini digute.

Hala ere, guk aspaldi ikasi genuen «No es lo que hay» esaten, eta inposatutako lan erreformaren aurrean hauek dira gure ustez gazte ikuspegitik lehentasunez bermatu beharreko neurriak:

1. Lan Ikuskaritza sendotzea aldi baterako kontratuetan lege iruzurrak ekiditeko. Lan erreformak aldibaterakotasunaren arloan aurrerapenak dakartzan arren (lan edo zerbitzu jakineko kontratuei amaiera ematea, aldi baterako kontratuak kateatzeari muga zorrotzagoa ezartzea eta lege iruzurrengatiko isunak nabarmen handitzea, esaterako), lan legediak dioena dioela, bistan da iruzurra oso orokortuta dagoela. Iruzur orokortu honek bereziki gazteon bizi-baldintzei kalte egiten jarraituko du Lan Ikuskaritza sendo bat egon ezean. Hortaz, gaur egun Estatu osorako soilik 1.850 ikuskari eta azpi-ikuskari inguru dituen Lan Ikuskaritza sendotzea ezinbestekotzat jotzen dugu aldi baterako kontratazioan iruzurra ekiditeko.

2. Kaleratze kolektibo bat baino lehen enpresak Administrazioari baimena eskatzera behartzea, patronalaren gehiegikeriak ekiditeko. 2012 baino lehen hala araututa bazegoen ere, PPk kaleratze kolektiboen legezkotasunaren kontrola a posteriori epaileen esku utzi zuen, langileak auzitegietara jotzera behartuz. Honen ondorioz, patronalak izugarrizko gehiegikeriak egin ditu, gero auzitegietan onetsiak izan ez direnak, Tubacex eta PCB-ITP orain dela gutxiko adibideak izanik. Hau ikusita, berriro aurretiazko baimena ezartzeak lehentasunetako bat izan beharko luke, baita kaleratze kolektiboaren arrazoiak modu murriztaileago batean berridazteak ere. Izan ere, argi geratu da enpresek, egungo legedia eta ustezko aurreikuspen ezkorrak erabiliz, lanpostuak suntsitzen saiatzen direla, ez enpresaren bideragarritasuna salbatzeko, baizik eta etekinak handitzeko besterik ez.

3. Bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina igotzea eta izapidetze-aldiko soldatak berreskuratzea, langileen lan egoera egonkortzeko. 2010 baino lehen Langileen Estatutuak ezartzen zuen kalte-ordaina lan-urte bakoitzeko 45 soldata-egunetakoa zen (kontuan izanda izapidetze-aldiko soldatak barnean zeudela). Alabaina, PSOE eta PPren lan erreformekin lan-urte bakoitzeko 33 soldata-egunetara murriztu zen, izapidetze-aldiko soldatak kanpo utziz, gainera. Nahiz eta gobernuak behin eta berriro lan erreformaren «aspectos más lesivos» direlakoak aldatuko zituela errepikatu —hau argi eta garbi horietako bat da—, ez du bere hitza bete eta kalte-ordainak bere horretan mantendu ditu. Erabaki horren ondorio argiena kaleratzeen merkatzea da.

4. Heziketa kontratuak: soldatak parekatzeko bidean aurrerapausoak ematea eta kontratu amaieragatiko kalte-ordaina ezartzea. 2021ean argitaratu zen lege dekretuan, aurretiaz zeuden praktikaldietako lan-kontratua eta ikaskuntzakoa ondorengo bi jarduerak barnean hartzen dituen heziketa kontratu bakarrean arautzen dira: heziketa eta jarduera laboralaren txandakatzea eta praktika profesionala eskuratzeko jarduera laborala. Nahiz eta lege dekretuak kontratu hauen beste elementu batzuk aldatu—iraupena, adibidez—, erreforma baino lehen indarrean zegoen soldatasistema mantentzen da. Gure ustez, heziketa kontratuen soldata handitu behar da, lan berean diharduten gainontzeko langileenera gehiago gerturatuz. Horrez gain, ezinbestekoa deritzogu aldi baterako beste kontratuak amaitzean dagoen kalte-ordaina heziketa kontratuetan ere ezartzeari.

Gure belaunaldia eskubideen atzerakada basati eta etengabe batean hezi da. Beti gu gara, langileok, krisi guztien ondorio latzenak ordaintzen ditugunak. Eragineko kideok beti aldarrikatu dugun bezala, errealitate bidegabe guztiei ezezkoa eman eta bizitza duinak eraikitzeko dagozkigun eskubideak irabazteko garaia da. Bost axola zaigu horretarako gure interes antagonikoak dituztenen oniritzirik ez izatea. Garaia da politika eta legeak langileen interesei begira egiteko, eta horretarako ezin da betikoen betoa edo muga onartu.

Ez dugu enpresarien diru gosera azpiratutako legerik onartuko, ez eta bake sozialaren izenean PPk bere garaian inposatutako langileon aurkako neurri askori orain arte ez zuten zilegitasunik emango. Horregatik, orain irekitako eta akaso denbora luzean errepikatuko ez den aukera honetan presioa egitea dagokigu, ahalik eta eskubide gehien konkistatzeko. Gazte langileon eskubideei mugarik ez. Antolakuntza eta borroka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.